Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

«Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga» dokumentala

Nerabezaroan antzerkia egiten nuen Ondarroako institutuko taldean, nire eskolaz kanpoko ekintza gustukoenetakoa zen, ziurrenik Marisa Martinez bezalako irakasle on eta konprometitua izan genuelako. Ikasturte bukaeran emanaldiak egiten genituen herrian, eta nire amona ni ikustera etortzen zen harrotasun handiz. Beti gogoratuko dut emanaldi baten ostean egin zidan galdera: «Matxi, ze sentiuten da txalo etxetzuenin?». Galderak harrituta utzi ninduen, gure belaunaldiko jendeari haurtzarotik egin diote txalo: eskolako emanaldietan abesten genuenean, musika eskolako kontzertuen ostean edo futbol partida bat jokatzean. Nire amonaren belaunaldiko emakumeek, ordea, haien bizitza familiaren, lanaren eta elizaren arabera antolatu dutenek, ez dute aukera hori izan.

Urteak pasatuta, kuadrillako bi lagun onek esan zidaten dinamizatzaile lanetan hasi behar zirela Boga-Bogan (herriko adindun feministen taldean), txundituta zeudela beraiekin eta ezagutu behar nituela. Hilabete beranduago feminismo materialistaren inguruko hitzaldi bat eskaini nuen beraientzat Etxelilan, bertan langile kontratuaren eta emazte kontratuaren inguruko ezberdintasunak aztertzen egon ginen, emakumeek egindako lan ez ordaindua lan gisa balioztatzen eta maitasun hitzaren azpian estaltzen den emakumeen borondatezko esklabotza ikusarazten. Nik eta nire adinkeriaz betetako aurreiritziek espero genuenaren aurka, dena ulertu zuten, eztabaidan aktiboki parte hartu zuten eta ama-emazte-langileek jubilazio ostean bizitzen dituzten zapalkuntza egoeren espezifikotasunekin osatu zuten 70eko hamarkadako feminista frantsesen teoria. Grabatuta geratu zaizkit saioa bukatzean taldeko partaide batek esandako hitzak, aulkitik astiro jaiki, nire besoa gogor heldu, eta esan zidan: «Ene, ene, ene… Bixi guztin esklabak eta 80 urteaz konturatu bihir!».

Nire ibilbide feministan hain ohikoa izan ez den belaunaldien arteko interakzioak hunkituta utzi ninduen, eta horri bueltaka, nire amonaren hitzak etorri zitzaizkidan burura «matxi, ze sentiuten da txalo etxetzuenin?». Ziur nengoen Boga-Boga taldeko kide askori ere, 30 urtetan zehar emakume adindunak feminismotik ahalduntzen egon direnei ere, ez dietela txalorik egin. Horrekin buruan, momentuan Etxelilako, Ondarroako emakumeen* etxeko, dinamizatzaile zen Udane Barinagarrementeriarekin jarri nintzen harremanetan: «Udane, emakume hauek dokumental bat merezi dute». Zorionez, Udanek ere ideia hori zuen buruan aspalditik. Boga-Bogako kideekin adostu ostean, Lea Artibaiko gazte sortzailez osatutako talde bat eratu genuen, dirulaguntzak eskatu, eta proiektua martxan jarri.

Urte eta erdi beranduago, dokumentala prest dago, “Zahartzaro feministarantz, Boga-Boga!”. Feministaldia festibalaren barruan estreinatuko da azaroaren 14an Tabakaleran. Proiektu honen bidez, elkartearen ibilbidea eta gaur egungo jarduna ikus-entzunezko produktu batean jaso nahi izan dugu, berau ikusarazteko eta balioan jartzeko. Horrela, 30 urte hauetan elkarte honetatik adineko emakumeen ahalduntzean egindako lana errekonozitzea da helburua, eta, horren bitartez, etorkizunera begira eraldaketa feministari adineko emakumeen errealitatetik ekarpena egin eta zahartzaro feministen hausnarketan sakontzea.

Animatu gurekin batera azaroaren 14an Donostian feminismo euskaldunari ekarpen handia egiten dioten, baina errekonozimendu txikia jaso duten adindun emakumeak omentzera. Zahartzaro feministaren eredu zaretelako: Gora Boga-Boga! •