
1985eko azaroaren 18an aurkeztu zuen Kortatu taldeak lehen diskoa Iruñeko Curia kaleko Ttutt tabernan. Idazmakinaz idatzitako gonbidapena jaso zuten kazetariek, Soñua diskoetxetik zetorren, Goñi anaietako batek sinatua, gaztelera hutsean: «Os anunciamos por la presente que el próximo lunes, día 18, tendrá lugar en el bar Ttutt (calle Curia), a las cinco de la tarde, la presentación del primer LP de ‘Kortatu’. Se proyectará algún vídeo del grupo y contaremos con la asistencia de sus tres componentes».
Kortatu osatzen zuen hirukotea: Iñigo eta Fermin Muguruza anaiak eta Treku Armendariz. Diskoa: ‘Kortatu’ (Soñua), egun mitikoa bihurtu dena. Tokia: Heavyen erreinua zen Iruñeko Alde Zaharrean punken gotorleku nagusia bihurtu zen Ttutt taberna; garai hartako talde ezberdin askoren topaleku zen.
Denetatik zekarren Kortaturen lehen disko hark: The Clash-en klasiko bat (‘Jimmy Jazz’), errepresioa eta gerra zikina salatzen zituzten kantak (‘Zu atrapatu arte’, ‘Sospechosos’, ‘Hernani’), abesti alaiak (‘La familia Iskariote’), ilunak (‘Tatuado’)...
Diskoaren azala ere belaunaldi oso baten gogoan iltzaturik gelditu da. Kortaturen ibilbidearen ezaugarri eta bere mezuen ikur bilakatuko zen aizkolaria ageri zen bertan. Eta 40 urteren buruan, Iñigo Muguruza guztion oroitzapenean bizirik mantentzen da. Duela sei urte zendu zen musikoa eta aurten, abenduaren 17an bere urtebetetzea nola ospatuko dute? Hondarribako Itsas Etxean Matah eta Belek emango duten kontzertu batekin.


