
1945eko azaroaren 20an hasi ziren Nurenbergeko prozesuak edo epaiketak (alemanez: die Nürnberger Prozesse), Bigarren Mundu Gerraren ostean Hirugarren Reich desagertuaren 24 –horietatik 3, desagertuak– buruzagitzako kideen aurka Nurenberg hiri alemaniarrean egin zituzten epaiketak. Prozesuak 1946an amaitu ziren eta, paraleloan, Tokion beste batzuk egin ziren japoniar gerra kriminalen aurka.
Egun hartan, Robert H. Jackson fiskal estatubatuarrak aurrekaririk eta ondorengorik izango ez zuen epaiketa hartako sarrera-hitzaldia egin zuen, horretarako egokitutako Nurembergeko Justizia Jauregiko aretoan. Entzuleak pentsakor utzi zituen bere hitz-etorriagatik eta une historiko bat bizitzen ari zirela gogorarazi zuelako: «Munduko bakearen aurkako krimenengatik historiako lehen epaiketa irekitzeko pribilegioa erantzukizun handia da», bere lehen hitzak.
Bigarren Mundu Gerra bukatu, Alemaniak amore eman eta sei hilabete eskasera egin ziren epaiketak. Horretarako lau nazio aliatu eta oso desberdin ados jarri ziren: Estatu Batuak, Erresuma Batua, Sobietar Batasuna eta Estatu frantsesa.
12 heriotza-zigor, 7 espetxe-zigor eta 3 absoluzio eman ziren, 218 ikustaldi egin ondoren. Horietatik hamaika urkatu egin zituzten 1946ko urriaren 16an; Göringek bere buruaz beste egin zuen exekuzioaren bezperan zianuro kapsula batekin.
Bakearen aurkako krimenak, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatu zitzaizkien epaituei. Baina genozidio hitza epaiketetan agertu zen arren, ez zegoen krimen gisa tipifikatuta. 1948ko Genozidioa Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioan onartu zen.


