Oier Imaz
Filosofoa

AA kooperatiboa eta Cloudflare afera

Azaroaren 18an, zortzi orduz egon zen Cloudflare zerbitzua erorita. Cloudflare edukien banaketa sare bat da. Bitartekari moduan funtzionatzen du, Interneteko edukien hartzaileen eta hornitzaileen artean, eta bermatzen ditu sarean kontsultatzen edo eskaintzen ditugun edukien segurtasuna, errendimendua eta azkartasuna. Zerbitzuaren mekanika sinplea da. Cloudfarek zerbitzariak ditu munduan zehar barreiaturik. Adibidez, “Político”-ren web orria bisitatzen dudanean artikulu hau idazteko ideien bila, kontsulta bideratzen da etxetik hurbilen den zerbitzarira. Modu horretan, zerbitzuak helbide bakarrean metatzen diren kontsultak barreiatzen ditu, abiadura handituz eta konexioen segurtasuna bermatzea erraztuz. Bolumenaren kontzientzia hartzeko, Cloudflarek, batez beste, 71 milioi http: kontsulta bitartekaritzen ditu segundoero eta egun sarean dauden web orrien %20ri ematen die zerbitzu, tartean, Chat GPT, X edo Zoom.

Horrelako zerbitzu baten etenak duen inpaktua agerikoa da. Baina ez da lehen aldia. Urriaren 20an Amazon Web Services ere hainbat orduz erori zen, kasu honetan, zerbitzurik gabe utziz Snapchat, Fornite, Signal, Prime Video eta Alexa, besteak beste. Arrazoiei erreparatuz gero, eta konspirazioen tentazioari iskin eginez, konpainiak adierazi du konfigurazio artxibo batean egon zela arazoa. Delako artxiboa automatikoki sortzen da Interneteko trafikoa handitzen denean trafiko hori kudeatzeko. Bada, kasu horretan, artxiboa aurreikusitakoa baino gehiago hazi zen, sistemaren zartatzea eraginez. Hau da, trafikoa kudeatzeko sortutako artxiboa hainbeste hazi zen trafikoa bera oztopatzen amaitu zuela. Paradoxak agerian uzten ditu bi gauza. Lehenik, Internet bidez kudeatzen ditugun zerbitzuen hazkundea esponentziala da, ziurrenik, adimen artifiziala (AA euskaraz, ingelesezko sigletan AI) bezalako teknologien zabalpenaren ondorioz. Bigarrenik, unibertso digitalak oinarri materiala du eta bere mugak agerian gelditzen hasi dira.

Carlos Delclós-ek (2025/01/14) azpimarratzen zuen Internetek botere harreman politiko, ekonomiko eta kulturalak berregituratu dituela, indarrean dauden hierarkietan sakonduz. Baina agerian gelditzen ari dira bere egiturazko ahuleziak ere. Horren adibide argiak dira eduki hornitzaile banaketa sare (adibidez, Cloudflare) edo hornitze kate (adibidez, Nvidia) bakan batzuekiko mendekotasuna. Mendekotasun horiek tentsio geopolitikoen iturri dira, Internet eta adimen artifiziala subiranotasun teknologiko eta territorialaren gudaleku bilakatuz. Era berean, baina, gudaleku horiek eta oinarrian dauden logikak identifikatu eta ulertzea da eraldaketarako aukera. Gakoa ez da teknologion desagerpena, zaila da eta berandu gabiltza horretarako. Kontua da teknologion bitartez egonkortzen diren botere sistemen konfigurazioei aurre egitea: mugak ezarri (erregulatu) eta berdintasunean, ekitatean, inklusioan eta demokrazian erroturiko alternatiben alde egin. Zorionez, adibideak egon badaude.

Adimen artifizial kooperatiboaren inguruan eztabaidatzeko bildu ziren Istanbulen mundu osoko adituak Cloudflare zerbitzuaren etena gertatu baino egun batzuk lehenago. Bertan gertatutakoaren kronika laburra egin zuen Platform.coop webgunean Trebor Scholz pentsalariak. Hausnarketaren oinarria Delclósen antzekoa da. Bere hitzetan: «What came through again and again across the four days was a shared understanding: critique is essential, but critique alone does not push us further. It must be paired with experiments, infrastructures, solidarities, and the courage to build». Finean, bere ustez, bueltaka ari gara etika, gardentasuna eta adimen artifizialaren gobernantzari buruz. Aldiz, eztabaidan, erroko galderak beste batzuk dira: «Who owns the infrastructure of AI? Who benefits? Who is harmed? Who decides?». Eredu kooperatiboan sakontzera animatzen gaitu, erroko galderoi erantzuna ematen baitie. Jabetzak, bistan da, ez du bermatzen kudeaketa ona, justua, inklusiboa, demokratikoa... Besteak beste, Mondragoneko eredua aipatzen du, bere kontraesan guztiekin. Baina, azpimarratzen du, eredu kooperatiboak kudeaketa on, justu, inklusibo eta demokratikoaren aukera zabaltzen duela, baita adimen artifizialaren kasuan ere. •