Arratsalde bat

Presaka bazkaldu dut kafea hartu bitartean irakurtzeko astia izan dezadan. Sarri ez naiz buruan nahiko nukeen guztia ongi gordetzeko gai izaten, eta ahanzturari aitzin egiteko azpimarrak egiten aritzen naiz. Gaur, Irati Majuelok idatzia errepasatu dut arkatzez: «Espazioa politikoa eta ideologikoa da. Sarri ingurune huts modura ulertzen badugu ere, espazio oro produktu sozial bat da. Ez dago espazio neutrorik, bizi duen gizartearen arrastorik biltzen ez duenik». Nik adieraztea lortzen ez dudana bertze norbaiti irakurtzen diodanean poz txiki bat sentitzen dut, eta noizbait berrirakurtzeko gorde nahi izaten dut.

Joan den astean giltzak ahantzi nituen etxean, eta bertso-eskola belardi batean egin behar izan genuen modu inprobisatuan. Egiari zor, ederra izan zen. Paseoan zebiltzan herritarren, obretako langileen, eta kotxeren bat edo bertzeren aitzinean aritu ziren ikasleak hitzekin jolasean kantari. Hura gogoan eta espazioari buruz irakurri berriari bueltaka, atzo arratsaldeko joan-etorrietan behatutakoaren azterketatxo bat egiten ahalegindu naiz. Ikusitakoari buruzko oharrak apuntatzen hasi naiz koadernoan:

-Lehen ordua: 14.00. Ogi-papurrez, haragi-puskez eta identifikatu ezin ditudan janari hondarrez beteta dago ikasgelako lurzorua. Mendi berde-berdeak bistaratzen dituen leiho irekitik haize-erauntsi bat sartu berri dela dirudi, umeek bazkal tenorean ahoratu gabekoen errestoak han-hemen mugiarazi dituena. Bi mahai borobil daude erdian, eta hamabi aulki txiki inguruan. Koltxonetak, kuxinak eta jostailuak nonahi. Ipuin koloredunez eta margoz beteriko apalategi bat. Ordenagailua eta telebista koskor samar bat. Iragan hurbilean erabiliko zuten arbela berdeak kortxo funtzioa du orain. 3, 4, 5 eta 6 urteko zortzi ikasle.

-Bigarren ordua: 15.30. Dena txukun-txukun ordenatuta dago, eta ikasgelak erraldoia dirudi horrela. Irakaslearen mahaian esertzeak ezinegon pixka bat ematen dit; milimetro bakoitza nola antolatu ongi pentsatu dutela ematen du. Banakako mahaiak elkarren ondoan kokatuta, mahai handi-handi baten itxura du erdigunean dagoenak (akaso, hobe nuke bertan esertzea). Hamazazpi aulki inguruan. Paretako altzairuzko laukizuzenak funtzio bikoitza du: errotuladorez margotzeko eta proiektagailuaren irudiak islatzeko erabiltzen dute aldi berean. Parean dagoen armairura ailegatzeko hogei pausu eman behar dira gutxienez. Ez dago ia bertze ezer, eta nire ahotsaren oihartzuna suma dezaket. 10-11 urteko 11 ikasle.

-Hirugarren ordua: 17.00. Normalean berandu ailegatzen naiz hona ezin aparkatu ibiltzen naizelako. Bortz minutu izaten dira bakarrik. Barkatu. Errez sartzen da giltza sarrailan, baina kostatzen zaio biratu eta atea irekitzea. Beti hotz dago hemen, nahiz eta kanpoan udaberri giro eguzkitsua izan. Aspaldi bihurtu zuten etxabe hau elkarte txiki baten gisako txoko goxo: sukaldea, komuna, sofa, telebista, aulkiz inguratutako mahai handi bat eta frontoi-txiki baten itxurako pareta margotua ditu. Zintzilikatutako koadroetan Onin erreka, Lazkao Txiki, Maialen Lujanbio, Julio Soto eta sortutako bertso zati batzuk, bertzeak bertze. Lurrean hondartzako toalla batzuk, eta ate gibelean pare bat bizikleta. 14, 15 eta 16 urteko bost ikasle.

Koadernoan zirriborratutakoari so gelditu naiz une batez. Arratsalde bakarrean hiru espazio desberdin eta hiru talde desberdin izan ziren, batik bat gogorarazi zidatenak eremuaren edo lekuaren antolaketak zuzen-zuzenean eragiten duela bertso-eskolaren nolakotasunean (ez horretan bakarrik). Mahaiak borobilean, binaka, mahairik gabe. Agintea, erdigunea, menpekotasuna, bazterra. Espazio handiak eta espazio txikiak, edo ez erabat handiak baina ez guztiz txikiak. Argiak eta ilunak, edo ez argiegiak baina ezta ilunegiak ere. Espazio txukunak batzuk, desordenatuak bertzeak. Espazio biziak batzuk, hilak bertzeak. Erosoak, deserosoak.

Ordubete inguru igaro ohi dut ikasle talde bakoitzarekin astean, eta horietako bakoitzean bertze norbaitek diseinatu eta antolatutako hainbat espazio ezberdinetara moldatu behar izaten naiz etengabe.

Beharbada hobe nuke heldu den astean berriz ere despistatzea, eta giltzak etxean ahanztea. •