Asier Aiestaran
Kazetaria

Isidoro Gaztañaga, Espainiako historia ofizialak zokoratu zuen boxeolari aparta

Monsieur leCrêpe rap kantariaren abestiak berriz ere aktualitatera ekarri du Isidoro Gaztañaga boxeolari gipuzkoarraren figura. Ibarrakoa Paulino Uzkudunen garaikidea izan zen, hark bezala goi-mailako borrokaldiak jokatu zituen AEBn, baina bien arteko liskarrek ahanzturara kondenatu zuten.

Isidoro Gaztañaga boxeolariaren argazkia.
Isidoro Gaztañaga boxeolariaren argazkia. (GAUR8)

«I step into the ring, Isidro Gaztañaga “Handsome Izzy”/ Beude gugan ez daudenak; besteak, ahal dela, bizi/ Bihotzeko batek emanda edo minbiziz; La Quiaca denon zain, asi que easy». Horrelaxe hasten da Monsieur leCrêpe rap kantariak berriki kaleratu duen “Handsome Izzy” abestia, Ibarrako Isidoro Gaztañaga boxeolari handiari keinua eginez.

Eta Juantxo Arakamak amua jarri duenez, guk kosk egitea erabaki dugu, kirol ibilbide benetan zirraragarria delako boxeolari gipuzkoarrarena, arrazoi politikoengatik urte luzez isilarazia izan zena. Isidoro Gaztañaga -Isidro jaiotzez, Isidoro bezala egin zen ezagun boxeoan- munduko boxeolari onenetako bat izan zen pisu astunetan 1920ko eta 1930eko hamarkaden artean. Primo Carnera, Max Baer, Max Schmeling edota Joe Louis bezalako izarren garaian, boxeoa kirol soila baino askoz gehiago zenean, Gaztañagak sekulako ospea izan zuen Europako eta Amerikako hainbat herrialdetan.

Ameriketako Estatu Batuetan “Handsome Izzy” ezizena jarri zioten, bere edertasun fisikoa nabarmenduz -garai hartan ohikoa izaten zen boxeolariak aktore lanetan edota beste artista batzuekin nahastuta ikustea-, eta espainiar Estatuan nahiz gaztelera nagusi den Amerikako beste herrialdeetan “El martillo de Ibarra” bezala egin zen ezagun, ukabiletan zuen indarra eta aurkariak lurrera azkar botatzeko zuen ahalmen harrigarriagatik.

Txanponaren beste aldean legoke bere ibilbidean behin baino gehiagotan agerian geratu zen profesionaltasun eza. Aipatu dugun kirolarien bizitza sozial horretan murgilduta, garaiko kronikek sarritan aipatzen dute Gaztañaga ez zela behar bezala zaindu borrokaldi askoren bezperatan, eta horrek ibilbide gorabeheratsua ekarri zion, garaipen txundigarriak porrot sonatuekin tartekatuz.

Konparaketak egiten hasita, etengabekoa izan zen bere ibilbide guztian zehar garaikide izan zuen Paulino Uzkudun errezildarrarekin egindakoa -zazpi urte zaharragoa zen Uzkudun-. Bi boxeolari gipuzkoarren arteko harremanak zeresan handia eman zuen urte haietan, miresmenetik gorrotora aldatuz joan baitzen, eta, hain zuzen ere, ezinikusi horrek ekarri zuen, hein handi batean, Francoren erregimenak Isidoro Gaztañaga ahanzturara kondenatu izana, bere lorpenak itzalean utziz.

EUSKAL BOXEOA, INDARTSU

Isidro Gaztañaga Otegi 1906ko maiatzaren 15ean jaio zen Ibarrako Etxetxiki baserrian. Zazpi anai-arrebatan bigarrena, gazte-gaztetatik eman zuen arreta bere indarrak baserriko nahiz basoko lanetan. Eta hortxe hasten dira Paulino Uzkudunen ibilbidearekin parekotasunak. Errezildarrak aizkora utzi eta boxeoan hastea erabaki zuen bezalaxe, zazpi urte gazteagoa zen Isidrok ere bide bera jarraitu zuen.

Ez ziren bakarrak izan. Mateo de la Osa, Jose Lete, Juanito Olagibel, Bruno Velar, Teodoro Olangua, Gabriel Zubiaga... Uzkudun eta Gaztañaga baino emaitza apalagoak lortu arren, asko izan ziren garai hartan Europa edo baita mundu mailako borrokaldiak egin zituzten euskal boxeolariak. Gauza jakina da, esaterako, Gaztañaga Uzkudunen borrokaldiak bertatik bertara ikusten izan zela 1923an eta 1924an, ordurako entrenatzen hasia baitzen Donostian. Eta handik gutxira Parisa joatea erabaki zuen, bertako Anastasie gimnasioan entrenatzeko.

Ibarrako ikuspegia inguruko mendietatik. (Jon URBE / FOKU)

Isidororen lehen borrokaldi aipagarriak 1926an iritsi ziren. Euskal Herrian Franck Maurice frantziarra eta Mata Laser estatubatuarra menderatu ondoren, Bartzelonara joatea erabaki zuen, han beste hiruzpalau norgehiagoka jokatuz. 1927an soldaduska egitea egokitu zitzaion Donostian, Loiolako kuartelean, eta denbora bat eman zuen borrokaldi ofizialik egin gabe, baina tarteka agerraldi batzuk egin zituen Estatu frantsesean “Paulino II” izenpean. Ordurako Uzkudunek Europako Txapelketa irabazia zuen eta, dirudienez, antolatzaileek amu gisara erabiltzen zuten bi euskaldunen arteko parekotasuna.

Ozeanoz bestaldeko lehen esperientzia 1928an izan zuen Ibarrako boxeolariak, Argentinan. Buenos Aireseko Ferro Carril Oeste klubean entrenatzen zuen bitartean, 1929ko uda bitartean sei borrokaldi egin zituen Hego Amerikako boxeolari onentsuenen kontra, bost garaipen eta porrot bateko balantzearekin. Hortxe hasiko ziren AEBra joateko lehen zurrumurruak, baina oraindik beste hiru urte pasako ziren Gaztañaga boxeoaren “Meka”-ra iritsi arte.

Luigi Buffiren aurkako borroka sorta -lau konbate hiru hilabete eskasean-, 1930ean Kubako triptiko arrakastatsua -hirutik hiru irabazi, herrialdeaz maitemintzen zen bitartean-, 1931n berriz ere Hego Amerikara... Azken egonaldi horretan denetariko emaitzak erdietsi zituen Gaztañagak, bere irregulartasunaren erakusgarri, baina Michele Bonaglia Europako txapeldun ohiaren aurka erakutsitako maila onak -puntuetara galdu zuen 23.000 pertsonaren aurrean- AEBko ateak ireki zizkion.

AZKEN URRATSA FALTA

1932an iritsi zen Gaztañaga AEBra, eta bere lehen agerraldiak ezin positiboagoak izan ziren. Lehenik, ekainaren 16an, New Yorken, Hans Birkie alemaniarra menderatu zuen puntuetara; ondoren, abuztuaren 9an, Los Angelesen, Charley Retzlaff estatubatuarrari nagusitu zitzaion. Retzlaff ez zen edonor, Jim Braddock famatuari irabaztetik zetorren -bere bizitza “Cinderella man” filmean kontatu zuen Ron Howard zuzendariak-, eta Isidorok hiru minutu eskasean menderatu zuen. Garaipen horrek zeresan handia eman zuen, gipuzkoarra Munduko Txapelketa jokatzeko hautagaien artean kokatuz.

Garai horretan Jack Sharkey zen munduko txapelduna pisu astunetan, Primo Carnera eta Max Schmeling mendean hartu ostean, eta etengabeko zurrumurruak sortu ziren Gaztañagak italiarraren edo alemaniarraren aurka neurtzeko zituen aukerei buruz. Baina une horretatik aurrera Izzyren ibilbidean behin eta berriro errepikatuko zen joera bati ere hasiera eman zitzaion: arrazoi desberdinengatik ez zuen inoiz lortuko txapelketa handi bat jokoan izatea.

Retzlaffen aurkako garaipen itxaropentsuaren ostean, adibidez, Hans Birkieren aurka galdu zuen New Yorken puntuetara. Ez zen porrot lotsagarria, are gutxiago eskua minduta zuela jakinda, baina nahikoa berriz ere ibartarraren inguruan zalantzak sortzeko. Gainera, hurrengo bi borrokaldiak ere galdu egin zituen, Don Barryren eta Joe Sekyraren kontra Washingtonen. Ringetik kanpo zuen bizitzagatik ere kritikak jaso zituen.

Berriz ere, prentsak etengabe aipatzen zuen jotzaile beldurgarria zela erakutsi behar izan zuen Isidrok, eta baita lortu ere. Babe Hunt eta Joe Doctor estatubatuarrak KOz menderatu zituen lehen asaltoan, Chicagon ospatutako neurketetan, eta horri esker Tommy Loughranen aurka borrokatzeko aukera izan zuen, zorte handirik gabe. Ondoren Les Kennedy menderatu zuen, baina Patsy Perroniren aurka galdu puntuetara Madison Square Garden famatuan. Azken norgehiagoka hori irabaziz gero Jack Sharkey edo Max Baer txapeldun handiak izango omen zituen zain, baina berriz ere ezin azken urrats garrantzitsu hori egin.

UZKUDUNI BOTATAKO ERRONKAK

1934an Europara itzuli zen Gaztañaga, eta, gutxi lehiatu arren, garaipen aipagarriak lortu zituen. Maiatzaren 4an, esaterako, Vincenz Hower Alemaniako txapelduna menderatu zuen Berlinen, eta ofizialki Paulino Uzkuduni erronka bota zion, justu egun horietan Alemania naziaren beste ikurra zen Schmelingen aurka berdinketa sinatu baitzuen errezildarrak.

Ordurako bien arteko harremana gaiztotua zegoen, New Yorken izandako eztabaidaren bat tarteko, eta Uzkudunek mespretxuz hartu zuen desafioa. Erantzunarekin haserre, Gaztañagaren gutun ireki bat argitaratu zen “Campeón” aldizkarian. Uzkuduni «ergelkeriak» esatea leporatzen zion, «txakur-aurpegia» zuela, eta «mundu osoan jipoiak jaso besterik ez» zuela egin. Zalantzak egon izan dira gutun hori benetan Isidrok idatzi ote zuen, baina bi boxeolarien arteko ezinikusiak jada ez zuen atzera bueltarik.

Monsieur leCrêpe rap abeslariaren «Handsome Izzy» abestiaren bideokliparen fotograma. (GAUR8)

Uzkudunek “Heraldo de Madrid” egunkarian erantzun zion, bere aurka borrokatzeko 100.000 pezetako poltsa exijituz eta bere espainiartasunari etengabeko aipamenak eginez. Baina kontua da errezildarrak ez zuela inoiz onartu Gaztañagaren aurka borrokatzea, ezta Espainiako Federazioak hala eskatuta ere.

Berdinketa Schoenrathen kontra Hanburgon, garaipena Bonagliaren aurka Bartzelonan, porrota Bruselan Pierre Charlesen kontra, garaipena berriz ere Schoenrathen kontra Alemanian... Gaztañaga maila onean ari zen Europan 1934ko amaieran eta 1935eko hasieran, baina berak espero zuen aukera handi hori ez zen iristen eta, frustrazio puntu batekin, azkenean Kubara itzultzea erabaki zuen.

Aberatsentzat paradisua zen Batistaren Kuba hartan, Gaztañagak bere ohiko ibiliak errepikatu zituen. Hans Birkie eta Joe Sekyraren kontra lortutako garaipenek sona izan zuten boxeo munduan eta garaiko kronikek diotenez Ibarrako borrokalariak Joe Louisen kontra indarrak neurtzeko aukera izan zuen. Louis gaztea txundigarri ari zen garai horretan, eta egun batzuk lehenago Paulino Uzkudun KOz menderatu zuen, hori lortzen zuen lehen boxeolaria.

Louisen aurkako neurketa hori ere bertan behera gelditu zen azkenean diru kontuak tarteko -zenbait kazetarik aipatu zutenez Gaztañagaren aurka borrokatzea arriskutsuegia iruditu zitzaien izar gaztearen managerrei-, baina konpentsazio moduan Primo Carneraren aurka borrokatzeko aukera izan zuen Isidorok New Yorken. 1936a zen eta Munduko Txapelketa jokoan egon ez arren, italiarra garaitzea sekulako jauzia litzateke. Baina garaipena Gongonzolako Dorrearentzat izan zen eta porrot horrek Izzyren ibilbidean inflexio puntu bat ekarri zuela esan daiteke.

GERRA, GAINBEHERA ETA HERIOTZA

Isidoro Gaztañagak oraindik beste borrokaldi aipagarri batzuk jokatuko zituen, eta baita garaipen bikainak lortu ere. 1936ko apirilean Steve Dudas menderatu zuen Brooklynen -KOz irabazten zion lehena-, eta 1937ko urrian John Henry Lewisi nagusitu zitzaion puntuetara Detroiten. Baina ordurako gerra lehertua zen espainiar Estatuan eta Gaztañagak epe motzean Euskal Herrira itzultzeko aukerak ihes egiten ari zirela ikusten zuen.

Ezin daiteke esan Gaztañaga Errepublikaren aldeko ahots nabarmena izan zenik, baina argi dago Uzkudun kolpisten artean pertsonaia esanguratsua zela eta bien arteko ezinikusiak ondorioak izango zituela Ibarrakoarentzat. Gainera, Vicente Gil Francoren medikua Espainiako Federazioaren presidentea zela kontuan hartuta, bere alde egin ez zuten boxeolariak desagerrarazi egin ziren berehala.

Halaxe gertatu zitzaion Isidro Gaztañagari, baina baita beste askori ere. Antonio de la Mata kataluniarrak, adibidez, Kataluniako txapeldun eta Uzkudunen sparringa izana, heriotza zigorra jaso zuen. Carlos Flix oilar pisuko Europako txapelduna eta Francisco Ros welter pisuko Espainiako txapelduna ere fusilatu egin zituzten. Jose Girones kataluniarrak, luma pisuko Europako txapeldunak, zorte gehixeago izan zuen eta Mexikora ihes egitea lortu zuen.

Gaztañagak boxeatzen jarraitu zuen denbora batez, baina gainbehera nabarmena izan zen 1938-1939tik aurrera. Azken txanpa Kolonbian egin zuen, eta onartu behar da Ibarrakoak ez zuela inoiz galdu bere klasea ring gainean. Ezagutzen den bere azken borrokaldia, adibidez, La Pazen jokatu zuen, Bolivian, Arturo Godoy txiletarraren kontra 1943ko uztailaren 18an, eta Godoy bazen nor boxeo munduan, urte pare bat lehenago Joe Louisen aurka bi aldiz neurtu zituelako indarrak. Baina ilusioa erabat galdua zuen eta bere ibilbidean horrenbeste arazo sortu zizkion alkoholak galbidera eraman zuen apurka-apurka.

Godoyren aurkako borrokalditik urtebete baino gutxiagora, 1944ko apirilaren 1ean, iritsi zen Isidro Gaztañagaren heriotzaren albistea. Argentina iparraldeko La Quiaca herrian, Boliviarekin mugan eta euskal komunitate esanguratsua zuen inguru batean, Raul Carreta izeneko morroi batek tiroz hil zuen 37 urteko gipuzkoarra. Antza, emazteak Isidrorekin adarrak jarri zizkiolako hil zuen taberna batean.

Amaiera tristea espainiar Estatuko historia ofizialak urte luzez erabat zokoratu zuen boxeolariarentzat. Zorionez, baina, orain apurka-apurka argitara ateratzen ari da.