Garazi Goia
Idazlea

Adituak eta beldurra

Netflixek Warner eskuratzea lortu zuela zirudien, baina Paramountek ez du etsi oraindik.
Netflixek Warner eskuratzea lortu zuela zirudien, baina Paramountek ez du etsi oraindik. (GETTY IMAGES)

Duela hilabete idatzi nuen zutabean, BBC etxeak bizi zuen krisialdiaz aritu nintzen. Oraindik krisiak konpondu gabe jarraitzen duen arren eta zuzendari berria izendatzeko prozesua ere oraindik martxan badago ere, behintzat Trumpen mehatxua goiburuetatik guztiz desagertu da eta “BBC fake news” dela pentsatzen duten bere jarraitzaileak beste zeregin batzuetan dabiltza: ikus-entzunezkoen historian bizi izan dugun aste zalapartatsuenetako baten osteko analisiak edo sasi-analisiak egiten. Warner Brothers Discovery etxea erosteko Netflix eta Paramount erraldoien arteko borroka da momentuko gaia. Aurrekaririk gabeko garaiak dira zalantzarik gabe, eta mundu horretan lanean gabiltzanok gertutik jarraitzen ari gara egunero, orduero gertatzen ari dena.

Netflixek eman zuen aurreneko ezustekoa, eta lehenengo buelta eskaintza garailearekin amaitu zuen; babesteko mugimendu bat izan zitekeela kritikatu zitzaion arren, zentzuzko negozio logikadun apustua zen. Zinema estudioa, produkzio negozioa eta edukien artxibo izugarri bat erostea zen bere helburua, balio handiko edukiak eta frankiziak tartean: “Harry Potter”, “The Sopranos”, “Game of Thrones”, “The Wizard of Oz” eta beste hainbat. Netflixek mundu mailan dituen 300 milioi harpidetzekin, irabazia zuen streaming wars-en osteko puzzlean falta zitzaion pieza izango litzateke.

Paramountek etekin handiagoa aterako zion bi streaming plataformak (Warner Brothersen HBO Max eta Paramount+) bateratuko balira. HBO Maxek 120 milioi harpidetza ditu mundu mailan eta Paramountek 80 milioi inguru. Eta, espero zen moduan, eskolako jolastokiko bully baten moduan, logika guztiak hausten dituen kontraeskaintza oldarkor batekin azaldu zen Paramount, Ellisonen zuzendaritzapean.

Nahi adina finantza eta estrategia analisi egin daitezke bi proposamenen inguruan, baina ezin ditugu bere oinarri eta dimentsio politikoak ahaztu: Paramount garaile aterako balitz, CBS eta CNN etxeak jabe beraren kontrolpean geldituko lirateke. Ezaguna da Ellison eta Trumpen arteko harreman estua. Jared Kushner, Trumpen alabaren senarra, Paramount etxea finantzatzen dutenen artean dago. Autokrazia beldurgarri baten posibilitateari erronka egingo dion argumentuen falta kezkagarria da.

Arautzaileek galdera zailak egingo dituztela espero dugu. Baina, Trumpen eraso eta erabaki irrazionalak normalizatzen ari diren garaietan, espektatibak aski ezberdinak dira. Bitartean, X sare sozialeko 280 karaktereetan, munduko entretenimendu enpresen salerosketan aditu berriekin gainezka dago Internet. •