Maitane Azurmendi, mundua oihuka marrazten
Diziplina anitzeko artista da. Marraztea da bere hitz egiteko modua. Bihotza ateratzen du gorputzetik sortzeko orduan eta bihotz anatomikoa da bere nortasun ikurretako bat. Palestinak astintzen dio bihotza eta Picassoren «Guernica» Gernikara ekarri beharrak bizkortzen dio taupada.

A rtista bezala definitzen du bere burua Maitane Azurmendik (Mungia, 1978). Egunero partekatzen ditu bere ilustrazioak sare sozial desberdinetan, bere benetako pasioa marraztea baita. «Berdin zait zerekin; arkatza, pintzela, marrazki digitala... Ni lehen oso pintzelaren aldekoa nintzen eta ez nuen ezer jakin nahi marrazki digitalarekin. Baina konturatu nintzen beharrezkoa zela pauso hori ematea atzean ez geratzeko. Egunero partekatzen dut marrazkiren bat sare sozialetan. Abiada izugarria dago bertan, goizean jartzen duzuna zahartu egiten da arratsalderako. Baina, tira, nire zalantzak nituen arren, marrazki digitalerako urratsa eman nuen eta pozik nago, azkartasun handia ematen duelako. Munduan zerbait gertatu orduko, ilustrazio bat egiteko eta sareetan jartzeko aukera ematen dizu. Pintzelarekin ez dago azkartasun hori. Baina, hala ere, ez dut sekula pintzela alboan utzi. Gaur bertan goizeko zazpietan etorri naiz museora eta pintzelarekin aritu naiz pareta batzuetan». Azpeitiko Mendietxe Museoan egin dugu hitzordua, bertako zuzendaria delako. Eta bistakoa da bere ekarpena, museoko txoko askotan ikus baitaitezke bere marrazkiak.
Arte Ederrak ikasten hasi zen EHUn, baina ez zituen ikasketak amaitu. «Ez nuen topatu espero nuena». Goi mailako patroigintzako eta diseinuko gradu bat egin zuen ondoren. «Gure amona jostuna zen eta betidanik gustatu izan zait jostea eta eskuekin sortzea. Diziplina anitzeko artistatzat daukat nire burua», kontatu du. Eta hain juxtu, josteko makinarekin lanean aritzen zen amonaren etxean ikusi zuen lehenengoz gerora bere bizitzaren ardatzetako bat izan dena: Pablo Picassoren “Guernica”.
«Arrazoitzeko gaitasuna dudanetik, artista gisa dudan eragin handiena Picassoren ‘Guernica’ da. Amamaren josteko gelan zegoen eta txikitatik begien aurrean izan dut. Gero, koskortu ahala, galderak egiten hasi nintzen koadroaren esanahiaren inguruan, eta are barrurago sartu zitzaidan. Sortzaile bezala egin dudan ibilbide osoan beti izan dut gogoan lehenengoz amamaren etxeko paretan ikusitako koadro hori».
Bizitzaren joan-etorriek Gernikara bizitzera eraman zuten 27 urte zituela eta bertan eman ditu 17 urte inguru. «Toki batera bizitzera joaten naizenean, herria egitea gustatzen zait. Gernikara joan nintzenean bertan zeuden memoria historikoarekin inguruko taldeekin hasi nintzen eta ‘Guernica’-ren inguruan asko inplikatzen hasi nintzen. Artea eta historia izugarri maite ditut, 1936ko Gerra eta Picassoren koadroaren atzean dagoena asko interesatzen zaizkit».

Pablo Picassoren lanaren arrastoa izugarria izan da 1937. urtean sortu zuenetik. «Askotan esaten da irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela. Bada, hori da ‘Guernica’. Garai batean Euskal Herriko ia etxe guztietan zegoen. Lan horrek dituen dohain askotariko bat bakoitzak bere modura interpretatu dezakeela da. Niri Gernikako bonbardaketari buruz kontatu zidaten lehen istorioa izan zen herritarrak babeslekuetan sartu zirela. Horregatik, beti pentsatu izan dut koadroan dauden figura horiek denak babesleku batean daudela, norbait gerturatzen dela argia ematera eta orduan ikusten direla eszena horiek guztiak. Bada beste modu batera ikusten duen jendea ere. Picassok, nire ustez apropos, ez zuen zehaztapen askorik eman, norberak bere begiekin uler dezan bere lana».
Picassoren antzera, Azurmendiri ere ez zaio gustatzen bere lana azaldu beharra. «Saiatzen naiz azalpen asko ez ematen. Sareetan marrazkia eta hitz bakarra jartzen dut, bakoitzak bere begirada propioa izan dezan. Marraztea niretzat hitz egiteko modu bat da, nola sentitzen naizen eta gauzak nola ikusten ditudan azaltzeko modu bat. Nire adierazteko modua da, marrazkietan sortzen zait».
«‘GUERNICA’ GERNIKARA»
Azurmendiren bizitzako borroka grinatsuenetakoa “‘Guernica’ Gernikara” aldarrikapena da. «Nire betidaniko obsesioa da ‘Guernica’ koadroak Gernikan egon behar duela. Gernikan, ez Bilbon. Justizia kontua da».
Hain justu, Azurmendiren lehendabiziko ilustrazio liburua “Azken bidaia” izenekoa da eta “Guernica” koadroak Gernikara egin beharko lukeen bidea aldarrikatzen du. «‘Guernica’ Milanen edo Brasilen egon da, nola ez da Gernikan egongo? Nola darama hainbeste urte Madrilen eta nola ez da Gernikan egongo? Argudio bezala esan izan dute zerbait pasa dakiokeela koadroari bidaian. Gaur egun Japoniatik bihotz bat ekar dezakegu taupadaka eta ezingo dugu ‘Guernica’ Gernikara txukun ekarri? Justizia kontua da. Oraindik badaude bonbardaketatik bizirik ateratakoak eta horiek merezi dute». “Azken bidaia” liburuan “Guernica” koadroaren ibilbide eta izatea azaltzen ditu, nola eta zergatik sortu zuen Picassok. Artelanak egin dituen bidaia guztiak ere jasotzen ditu liburuak eta egilearen esanetan falta zaion azkena: Madrilgo Reina Sofia museotik Gernikara dauden 420 kilometroak.
Maitane Azurmendik oso garbi dauka. «Jende askok esaten du badirela borroka garrantzitsuagoak eta seguru baietz. Baina niretzat oso garrantzitsua da ‘Guernica’ Gernikara ekartzea eta badut itxaropena. Gertatzen bada, negar egingo dut seguru».
Ekimen horretan parte hartzen duela urte asko dira eta askotariko aitzakiak entzun behar izan ditu. Lehena, aipatu bezala, koadroa ekartzea bera arriskutsua izan daitekeela. Politikariek ahotan ibili duten beste arrazoi bat, Gernika ez dagoela prestatuta azpiegitura aldetik Picassoren koadroak ekarriko lukeen turismo oldeari erantzuteko, «eta orain beste museo handi bat eraiki nahi izan dute inguruan». Azurmendik uste dut aitzakia edo arrazoi horietatik apartatu beharra dagoela. «Justizia kontua da ‘Guernica’ Gernikan egotea eta kito. Hori da borroka. Bakearen Museoan jartzea izango litzateke logikoena segur aski. Niretzat, berezko tokia eta bihotz-bihotzetik ateratzen zaidana, Astra da zalantzarik gabe. Astra arma fabrika bat zen. Gernika bonbardatu zutenean, ez Astrari ez zioten eraso egin, armak egiten segi zezan Bigarren Mundu Gerrarako, nazientzako. Astrak suntsipen-fabrika izatetik sormen-fabrika izatera pasatzea lortu du. Orain kulturaren topagune bihurtu da, buelta eman dio bere sorrerako izaerari. Horregatik bihotzez nahiko nuke Astran egotea. Badakit ez dela erraza, badakit ametsa dela, baina, nahi izanez gero, egiteko modukoa da».
PALESTINA OSO PRESENTE
Aipatutako ilustrazio liburuaz gain, beste bi ditu argitaratuak Azurmendik. ”Bihotzen taupada” eta “Gabarra. 1984-2024”. «Athleticetik harago, berrogei urtean Bilboko jendartea nola aldatu den islatu nahi dut liburu horretan. Gabarra hartatik azken honetara arte». Oraintxe beste proiektu bat dauka eskuartean, EHUko irakasle batekin elkarlanean Palestinaren historiari buruzko lan bat prestatzen ari da. «Ez da azken bi urteotan gertatzen ari denari buruzko lana, Palestinaren historia osoa aztertzen du eta iritsi garen tokira nola iritsi garen azaltzen saiatzen da».
Palestina da, zalantzarik gabe, Azurmendi gehien mugitzen duen beste gaietako bat. «Bigarren Mundu Gerrari buruz asko irakurri eta ikertu dut eta beti esaten dudanez, nire amamak ez zekien Auschwitzen zer ari zen gertatzen. Euskal Herrira albisteak tantaka iristen ziren. Baina denok ari gara ikusten Gazan gertatzen ari dena. Zuzenean ikusten ari gara genozidioa, eta, ez duenak ikusten, beste aldera begiratzen duelako da. Jendartearekin oso dezepzionatuta nago, aspalditik, Siriako gatazkatik. Ongi Etorri Errefuxiatuak taldearekin errefuxiatuen esparru batera joan nintzen Bilbotik Tesalonikara. Han ikusi nuena izugarria izan zen eta munduarekin haserretu nintzen erabat. Orokorrean oso haserre nago munduarekin».

Euskal Herrian Palestinarekiko elkartasunak indar handia hartu du azken hilabeteotan eta horrek samurtzen dio pixka bat haserrea Azurmendiri. «Hona museora atzerritik jende asko etortzen da eta askok aipatu didate harritu egin direla Euskal Herrian Palestinarekin dagoen elkartasunarekin. Baina, era berean, kontatu didate munduko beste toki askotan ere badagoela elkartasun hori, baina komunikabideek ez diotela munduari kontatzen».
Palestinar herriaren minetik bere minera, marrazteko motibo asko ematen dizkio egunero genozidioak. Bihotz anatomikoa marrazten du maiz, minaren eta pozaren gotorleku. «Agian nire marrazketaren nortasun-ikurra da bihotz anatomikoa. Oso sentibera naiz, onerako eta txarrerako, eta gertatzen zaidan guztia bihotzetik bizitzen saiatzen naiz. Burua baino, bihotza naiz gehiago, eta hortik sortzen dut».
“Guernica” Gernikara etorri bitartean -itxaropenik ez du galtzen Azurmendik-, toki propioa egingo dio ilustratzaileak Azpeitiko Mendietxe Museoan. 2026ko martxoa inguruan museoaren bigarren partea zabaltzea espero dute. Orain solairu bakarra dauka eta etorkizun hurbilean hiru solairu izango ditu. Berrikuntza horietako bat izango da Azurmendiren ametsetako bat. «Pareta honek -museoko sarreran dagoen paretari buruz ari da- Picassoren ‘Guernica’koadroaren neurri berak ditu, zehatz. Patuak jarri du hemen neurri zehatz horietako pareta bat. Hartara, Alex Txikonen eta bion artean gure ‘Guernica’ propioa sortuko dugu pareta honetan. Mendiko eta alpinismoko piezekin eta nire marrazkiekin egingo dugu gure bertsio propioa. Frida Kahloren oso-oso zalea naiz ni. Nik bezala, bihotza ateratzen zuen gorputzetik lan egiteko orduan. Frida 47 urte zituela hil zen eta nik udan bete ditut 47 urte. Badaezpada, ez nuke hil nahi nire lan handiena egin gabe, ‘Guernica’-ren nire bertsioa», azaldu du erdi txantxetan.
Alex Txikonen aspaldiko laguna da Maitane Azurmendi. «Museoa martxan jartzeko laguntza eskatu zidan. Hau eta bestea egin, eta azkenean hemen geratu naiz eta oso pozik dago. Askatasuna daukat museoan nire ekarpena egiteko, jende mordoa ezagutzen dut eta egun guztiak desberdinak dira. Pozik nago museoan eta nire ilustrazioekin jarraitzeko aukera ematen dit».
GAUR8ko aurtengo azken alean, abenduaren 27koan, Maitane Azurmendiren ilustrazioak izango ditugu. •

Euskal ahotsak behar dituzte, Adimen Artifizialak euskara ulertzeko trebezia hobetu dezan

Manuel de Ynchaustik 34 ume babesteko sortu zuen Lapurdiko koloniaren historia

Emakumeek Internet bidez jasaten duten indarkeria arazo larria da Mexikon

