Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Jone Uria Albisuri
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalista

«Finalean kantatzeko ilusioa ez zait joan eta final on bat egiteko gogoa handitu egin zait»

1990, Getxo. Bizitza erdia baino gehiago darama txapelketaz txapelketa. Zortzigarren finala du, eta 2021ean zein 2023an buruz burukoan kantatu zuen.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)
Bizitzako etapa berezi batean harrapatu zaitu txapelketak. Nola bizi duzu?

Haurdun nago, oso haurdun; egia da haurdun egonda Txapelketa Nagusian kantatu nuela, baina orduan haurdunaldiaren nahiko hasiera zen, norbera konturatzen da, baina jendea ez, eta orain fisikoki antzematen da, jendeak gehiago antzematen du eta nik ere bai, neke aldetik.

Jakin nuenean horrela tokatuko zela, beldur pixka bat sartu zitzaidan ea iritsiko nintzen, nola iritsiko nintzen... Aurreko haurdunaldian ere ibili nintzen nahiko berandura arte plazan, baina ez da berdina plazako patxada eta txapelketako nekea eta tentsioa. Aurten bi finalerdi izan dira eta nire gorputza eta burua testatzeko bi aukera izan dira, baita bi nekaldi ere. Aurrez probatzeak lasaitasun puntu bat eman dit; finala luzeagoa izango da, tentsoagoa ere bai.

Zortzikotean esperientzia gehien duenetakoa zara.

Final gehien dituenen artean nago, eta adinez ere laukote zaharrenean nago, nahiz eta oraindik erdian mantentzen naizen. Niri patxada ematen dit; kantatu dut final gehiagotan eta ez noa leku ezezagun batera. Ilusioari dagokionez, ez nuke esango gutxitu zaidanik; beharbada, hasiera-hasierako ilusioa, “Bizkaiko finalista naiz” zure buruari esatearen poz hori asimilatzen joan naiz, baina finalean egoteko eta kantatzeko ilusioa ez zait joan urteekin, eta final on bat egitekoa gogoa handitu egin zait, ikusi dudalako gero eta final hobeak egiteko gaitasuna pilatzen joan naizela. Erronkak eta ilusioak handitzen joaten dira; momentuz ez naiz aspertu.

Egin nahi zenuena egiten ari zarela esan zenuen. Finalean zer nahiko zenuke utzi?

Txapelketan zein plazan ez da erraza saio batera heldu eta gutxi gorabehera esan nahiko zenituzkeen gauzak esateko aukera izatea; gehienetan gaiak bideratuta egoten dira eta, beharbada, ez zaizu mugitzen zaituen gai bat tokatzen edo ideologikoki bereziki pentsatu duzun gai bat. Horietan sentitu dezakezu ez duzula beste munduko ezer aportatu. Eta txapelketan ere arriskua dago hori gertatzeko gaiak oso estuak izaten direlako, eta hortik esaten nuen pozik nagoela lortu dudalako nahiz eta gaiak ez izan bereziki ni asko mugitzen nautenak, bilatu diedalako zirrikitu bat aipatu nahi nituzkeen gaiei tokia egiteko, edo ni motibatzen nauten ertzei leku egiteko. Betiere ofizioa desitxuratu gabe eta ofizioa boikotatzera joan gabe, ze beti kantatu dezakegu nahi dugunari buruz baina gaia erabat desitxuratuta, eta hori ere ez da helburua.

Finalean ere bilatuko dut hori, eta teknikoki nire burua estuago hartu eta gehiago borobildu nahiko nuke, bertsoari berari ere beste estutu bat eman badiezaioket gustura geratuko nintzateke. Ideologikoki eta eduki aldetik gauzak esateko gogoz nago, eta ez dadila izan joan, kantatu, bukatu eta esan: baina zer esan dut?

Ia hilabete igaro duzue finalaren zain.

Bizkaiko Txapelketan final baten atarian ia hilabete egotea berria da, eskertu dudala esango nuke, baina gaizki ateratzen bada esango dut agian horren errua izan dela [barreak]. Dena patxada handiagoarekin bizitzea eskertu dut, denbora gehiago edukitzea kokatzeko; finalaren lekua ere aldatu digute eta horrek ere behar du kokatze puntu bat. Aste hau ahalik eta lasaien bizitzen saiatuko naiz, burua horretan edukitzen baina tarteka deskonektatzen; ahal dudana egiten, ahalik eta ondoen iristeko.