1936ko Gerraren 90. urteurren tristea izango da 2026an. Zauriz, orbanez eta zuloz jositako historia da, artean kontatu gabeko parteak asko direla uste baitute historialariek. Horietako bat da internazionalisten kapitulua. Dokumentatu dutenez, 1936ko Gerran 175 boluntario baino gehiago iritsi ziren Gipuzkoara faxismoari kontra egitera.
Aitor Azurki kazetariak eta Aitzol Arroyo historialariak bi urte daramate ikerketan, internazionalista horien ekarpena dokumentatu nahian. Ikerketa horren berri jaso dugu aste honetako GAUR8 astekarian eta horren bueltako aurrerapen txiki bat egin dugu Zebrabidean.
Ikerketak mahai gainean jarri duen kopuruak, 175 internazionalista baino gehiago, ikertzaileek zeukaten hipotesia baieztatzen du. «Orain arte bazirudien motu proprio etorritako gutxi batzuk zirela, erdi abenturazaleak eta beren kabuz etorri zirenak. Baina ez da horrela. Talde txikietan antolatuta etorri ziren, asko soldaduska egindakoak ziren edo Lehen Mundu Gerran borrokatutakoak. Medikuntza ikasi zutenak ere etorri ziren. Hau da, ez zuten edozein ekarri, asko beteranoak ziren, asko erbesteratutakoak; Hitlerren Alemaniatik, Mussoliniren Italiatik, Poloniatik ihesi joandakoak... Politikoki jende prestatua zen, militanteak –gehienak komunistak ziren– eta bazekiten fusila maneiatzen. Ez ziren bakan batzuk etorri, ez ziren gazte idealista gutxi batzuk. Ondo antolatuta etorri ziren eta bazekiten borroka egiten», nabarmendu dute ikertzaileek.

