UOC

Aurrerapen handiak izango ditu AAk 2026an, baina galdera asko airean daude

Zalantzarik gabe, 2025ean interes handiena piztu duen arloetako bat da adimen artifizialarena. Eta aurten ere teknologia horrek aurrerapen handiak egitea espero da. Eraldaketa horien zertzelada batzuk eman ditu Antonio Pita irakasleak, baina erantzun adina galdera dituela onartuz.

Ikerkuntza, geopolitika, hezkuntza, ekonomia... Aldagai asko sartzen dira adimen artifizialaren garapenean, eta aurten joera zein norabidetan doan ikusi beharko da.
Ikerkuntza, geopolitika, hezkuntza, ekonomia... Aldagai asko sartzen dira adimen artifizialaren garapenean, eta aurten joera zein norabidetan doan ikusi beharko da. (GETTY IMAGES)

Gogo, tentsio eta ziurgabetasuna uztartzen dituen paisaia teknologikoarekin hasi da 2026a. Adimen artifiziala (AA) jada ez da promesa bat, ezta moda bat ere: dena zeharkatzen duen azpiegitura ikusezina da. Baina, aurrera egin ahala, galdera-sorta bat ere uzten du. Antonio Pita Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio irakasleak azaltzen duenez, aurten aurrerapen zirraragarriak ikusiko ditugu, baina baita botila-lepoak, asetze digitala eta gizarte-neke mota berri bat ere. Adituak 2026 hau AA terminoetan irakurtzen lagunduko duten funtsezko sei joera aipatzen ditu, iragarpen sendo eta datu errealekin, eta, aldi berean, hainbat galdera airean utziz.

1) LEHIAN DAUDEN EREDUAK: AGI, EDO LLM HANDIAGOAK BAKARRIK?

Lehen tentsio-lerro handia zientifikoa eta estrategikoa da. Pitaren arabera, bi ikerketa-bide egongo dira: batetik, konpainia erraldoiek garatzen jarraituko duten tamaina handiko hizkuntza-ereduena (LLM), eta, bestetik, adimen artifizial orokorra (AGI) lortzeko bide hori nahikoa ez dela uste dutenena. Eztabaida ez da edonolakoa: zer sistema mota lehenetsiko diren eta zer bide hoztuko diren zehaztuko du.

UOCeko adituak zalantzan jartzen du aurten AGIra iritsiko ote den, baina aurreikusten du gizakien portaera gero eta modu sinesgarriagoan imitatzen duten sistema asko ikusiko direla, eta horrek ondorio batzuk izango dituela. OpenAI edo Google bezalako erraldoiek LLMak eskalatzen jarraitzearen alde egiten dute, datu eta parametro gehiagorekin AGI ospetsua sortuko delakoan. Baina Ilya Sutskever, OpenAIren sortzaileetako bat, bezalako aitzindariek uste dute ez dagoela datu nahikorik helburura iristeko eta ikerketara itzuli behar dela estrategia alternatiboak aurkitzeko.

Era berean, duela gutxira arte Metako AA burua izan den Yann LeCunek uste duenez, LLMak ez dira bidea. «Ulermen errealik gabeko haluzinatzaileak» deitzen die, eta “world models” izenez ezagutzen diren eredu alternatiboak lantzen ditu: izaki bizidun batek egingo lukeen moduan arrazoitzen, gogoratzen eta planifikatzen saiatzen diren arkitekturak. LeCunek Meta utzi eta bere enpresa sortu du.

Zer joera nagusituko da? LLMen pragmatika? Edo “munduko ereduen” ideia aitzindaria? Planteamendu aldaketak ikusiko ditugu erraldoiren batean? Urte zirraragarria dugu zain arlo zientifikoan.

2) AZPIEGITURAK GAINEZKA: AAK ESPERO GENUENA BAINO GEHIAGO KONTSUMITZEN DU

Hemen etorkizuna oso lurtarra bihurtzen da. AAren hazkundeak gora egin du energia-eskaeran, eta elektrizitate eta sare gaitasuna botila-lepo bihurtzeko mehatxua dago. Ameriketako Estatu Batuetan, datu-zentroek herrialdeko elektrizitate guztiaren %4 baino gehiago kontsumitzen dute, eta 2030ean %14 baino gehiago kontsumitu lezakete. Urte bakar batean, 20 gigawatt gehitu dizkiote sareari, eta horrek neguan zerbitzu-etenaldiak izateko alertak eragin ditu.

Espainiar Estatuan ere egoera kezkagarria da: sare elektrikoko nodoen %83 gainezka daude, eta horrek datu-zentro berriak instalatzea arriskuan jartzen du. Herrialdeak Europako hub digitala izatea du amets, baina, eusten dion sarerik gabe, ametsa urtu egin daiteke. «Erronka ez da teknologikoa bakarrik, logistikoa, ingurumenekoa eta geopolitikoa da», dio Antonio Pitak. AAk mineralak, ura eta elektrizitatea behar ditu. Eta aldagai horiek ez dira ugaritzen.

Jasango al dute sareek behar hori? Hobeto prestatuta dauden eskualdeek azkarrago egin ahal izango dute aurrera AAren erabileran? Itzalaldiak eta mugak ikusiko ditugu?

3) BURTSAKO DANTZA: IGOERAK, ERORKETAK ETA TXIPAK GUDU-ZELAI

AA sentsibilitate handiko termometro ekonomikoa bihurtu da. 2025ean, Nvidia munduko enpresarik baliotsuena izatera iritsi zen. 2026an, jada ez da. Urtebeteko euforiaren ondoren, akzioek %10 baino gehiago egin zuten behera aste gutxian. Merkatua hasi da galdetzen iraultza edo burbuila baten aurrean ote geunden.

Bitartean, Alphabet (Google) hazten ari da. TPUen (AArako berezko prozesadoreak) aldeko apustua fruituak ematen hasi da. Metak iragarri du 2027an bere txipak erabiliko dituela, eta horrek Googleren burtsa-balioa handitu du. Txipen gerra ez da teknikoa bakarrik, estrategikoa da.

Irabazleak eta galtzaileak txandakatzen dira. Eta, edozein termometro sentikor bezala, azkar igo edo hautsi daiteke, eta horrek mundu osoko poltsei eragingo die. «Aldakortasun handiko urtea biziko dugu», iragarri du Pitak. Eta galdera batzuk irekita utzi: “.com” burbuila berri bat biziko dugu? “K efektua” izango dugu burtsako balioetan?

(GETTY IMAGES)

4) ASETZE DIGITALA: AAK GEHIEGI SORTZEN DUENEAN

Muga guztiak ez dira elektrikoak: giza arretak ere mugak ditu. Internet AAk sortutako edukiz bete da. Testuak, irudiak, bideoak eta ahots hiperrealistak. Arazoa ez da desinformazioa bakarrik, edo AAk sortutako eduki asko mamirik gabea izatea, nekea baizik.

Erabiltzaile askoren iritziz, LinkedIn klonatutako argitalpenez beteta dago. YouTube, arimarik gabeko bideoz. Eta sare sozialetan dagoeneko ezertaz fidatzerik ez dagoen sentsazioa zabaltzen ari da. Plataforma batzuetako edukiaren erdia baino gehiago automatizatuta dago jadanik.

Etorkizun digitala paradoxikoa izan liteke: edukia zenbat eta perfektuagoa izan, orduan eta interes gutxiago sortuko du. «Jendeak istorioak bilatzen ditu, ez algoritmoak. Eta, dena berdina iruditzen bazaigu, gizatasuna berriro nabarmentzen da», dio Pitak. Sare sozialekiko interesa galtzen ikusiko dugu? Giza gaitasuna bereizteko gai izango garau?

5) ENPLEGUA ETA HEZKUNTZA: ALDAKETA IKUSEZINA

AA ez da lan mundua kolpetik hondatzen duen meteorito bat, baizik eta zereginen erreforma isil bat. Ez dago katastrofista izan beharrik AA dagoeneko lan munduan eragiten ari dela ikusteko. Ez ditu lanpostuak bat-batean suntsitzen, baina zereginak birdefinitzen ditu. Erraza dena automatizatzen du, konplexua dena bizkortzen du eta tarteko profil asko espazio argirik gabe uzten ditu. Enpresa teknologikoak kaleratze masiboetan murgilduta daude, eta aholkularitza-enpresa handiek negozioa berregituratu behar dute, profil batzuk alboratuz.

Beste inpaktua ikasgeletan ikusiko da. AAk erantzuten, laburtzen, kalkulatzen eta idazten badu, zer zentzu du lehen bezala ebaluatzen jarraitzeak? 2026an, oraindik nola gidatu ez dakigun hezkuntza-eraldaketa baten hasiera ikusiko dugu. «Kontua ez da ikasgelan AA debekatzea, baizik eta harekin bizitzen irakastea: zer galdetu, nola egiaztatu, noiz fidatu eta ikasleei ahalik eta etekin handiena ateratzen lagundu», aholkatu du adituak.

Lortuko al dugu hezkuntza berriz diseinatzea egungo ikasle-belaunaldiari garaiz laguntzeko?

6) AGENTEAK: DEMOTIK BULEGORA

Seigarren joera teknikoagoa da, baina baliagarria ikuskizunetik benetako produktibitaterako trantsizioa azaltzeko. Pitak 2025 demoen, akatsen eta ikaskuntzen urtea izan zela dio. «2026 benetako inplementazioarena izango da, baina dosi txikietan», gaineratu du. AAko agenteak oso zeregin zehatzetan sartzen hasi dira: txostenak idatzi, datu-baseak zaindu, lehiakideak monitorizatu eta dokumentazioa sortu.

Ez dira jenio unibertsalak, baina ez dute jenio izan beharrik ere. Laguntzaile espezializatuak dira, eta denbora gutxi duen gizaki batek baino hobeto egiten dituzte lan zehatzak. Zentzuz integratzen dituzten enpresek abiadura irabaziko dute. Laborategiko jostailu gisa isolatzen dituztenek eraginkortasunaren lasterketa isila galduko dute.

Baina agenteek ez dute denerako balio. Hedapenean oso zehatza izan beharko da, bai konpondu beharreko arazoaren ikuspegitik, bai erabiliko diren teknologien ikuspuntutik, eta 2026an MCP eta A2A protokoloek interkonektibitatea azkartzea ahalbidetzen duten ikusteko unea izango da. Administrazio-prozesuak eta ezagutzan oinarritutakoak automatizatuko al dira? Enpresen arteko elkarreragina lortuko al da?

«2026an ez dago sustapen masiborik (hype), heldutasuna baizik», ondorioztatu du Pitak; zenbat integratzeko, amore emateko, galdetzeko, zalantza egiteko prest gauden. AAk hazten jarraituko du, baina garrantzitsuena da ea guk harekin hazten jakingo dugun.