GAUR8

105 urte Telmo Zarraonandia ‘Zarra’ mitoa jaio zenetik

Gaur bezalako egun batean jaio zen Asuan Telmo Zarraonandia ‘Zarra’, Athletic Clubeko goleagile historikoa eta futbolaren mitoa. Asuako tren geltokiko arduradunaren semea hark arrasto sakona utzi zuen futbolaren munduan, baita nazioarteko talde eta elkarteetan ere.

Telmo ‘Zarra’ eta Jose Angel iribar, 2003an, Athletic-en garaikur aretoaren inagurazioan.
Telmo ‘Zarra’ eta Jose Angel iribar, 2003an, Athletic-en garaikur aretoaren inagurazioan. (Jon HERNAEZ | FOKU)

1921eko urtarrilaren 20an jaio zen, Asuan, eta ibilbide profesional ia osoa Athletic Cluben egindako euskal futbolaria izan zen Telmo Zarraonandia ‘Zarra’. Anaia Tomas ere futbolaria zen eta Telmok 1939an eman zituen lehen urratsak futbolari gisa, bigarren mailan aritzen zen Erandio Club taldeak fitxatu zuen arte.

Hurrengo urtean, Bizkaiko Selekzioak deitu zuen, lagunarteko partida bat jokatzeko Gipuzkoakoaren aurka. Partida hartan, Bizkaiko hamaikakoari garaipena eman zioten 9 goletatik 7 sartu zituen Zarrak.

Orduan deitu zion Athleticek eta taldera batu zuen. 1940ko irailaren 29an egin zuen debuta talde zuri-gorriarekin, Valentzia C.F. taldearen aurkako ligako partida batean, Azkenean, taldeek bina berdindu zuten eta Zarra Athleticen bi golen egilea izan zen.

1944-1945 denboraldian, Zarrak lehen ‘Pichichi’ saria lortu zuen 26 partidatan 20 gol sartuta. Telmok beste bostetan eskuratu zuen sari hori eta, egun, ‘Pichichi’ sari gehien irabazi dituen bigarren jokalaria da, Leo Messi argentinarraren atzetik.

1945eko martxoaren 11n, debuta egin zuen Espainiako selekzioarekin Jacinto Quincocesen eskutik, Portugalen aurka Lisboan jokatutako lagunarteko partida batean.

1950eko udan, berriz, Munduko Futbol Kopan parte hartu zuen, eta Portugal, Estatu Batuak eta Txileko selekzioak garaitu ondoren, Espainia Ingalaterraren aurka lehiatu zen. Partida horretan sartu zuen Zarrak bere golik ospetsuena, eta horri esker garaipena eman zion estatuko selekzioari. Historian, lehen aldiz egon zen Espainiako hamaikakoa titulua lortzeko lehiatuko ziren lau taldeen artean.

Zarrak 1954-1955 denboraldia bukatuta eman zion amaiera bere ibilbide profesionalari. Geroago, beste bi denboraldi egin zituen bigarren mailan, Indautxu eta Barakaldo taldeetan.

Athleticeko aurrelari-talde historikoaren kide bezala, 1994an Sabino Arana Saria jaso zuen Iriondo, Venancio, Panizo eta Gainzarekin batera. 

2006ko otsailaren 23an hil zen, 85 urte zituela. Sabino Arana Fundazioaren arabera, oraindik ere Espainiako Futbol Txapelketako (Kopa) goleatzaile nagusia da Zarra, 81 gol eginda, eta Athleticekoa 335 gol sartuta. Lezaman, busto batek gogorarazten digu beraren irudi mitikoa.

Adriana Bilbao dantzari flamenkoa  bere biloba da eta aitonari dantza ikuskizun bat eskaini dio.