Mahaia edo menua
Asteazkenean hartu zuen hitza Davosen Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak. Arreta handia zen. Denak geunden, “Euronews”-en titulatu zuten moduan, «Trumpen showaren zain». Bere hitzartzean Groenlandian interbentzio militarraren aukera baztertu zuen, eta Groenlandia Ipar Amerikan kokatu zuen. Lehenak, azken asteotako sorgin gurpila pausan jarri duela esan daiteke. «Indarra badut, baina ez dut egingo», esan zuen. Eta gehitu ere, «baten batek hasperen egingo zuen oraintxe bertan». Indar erakustaldia. Bigarrenak, berresten du Groenlandia bereganatzeko helburua ez duela haizeak eramango. Finean, Groenlandia Ipar Amerika da, Trumpen munduaren buru-mapan. Edonola, denak hari begira, kontrakoa esan zezakeela sinesgarria baitzen.
«America should be unpredictable», esan omen zuen Trumpek bere bigarren agintaldiaren norabidea adierazteko. Eta horrela egin du. Badira lerroburu handiak. Make America Great Again. Eta ekintza ikusgarriak, Venezuelakoa kasu. Orain, ekintza zehatzetatik azken helmugara nola egingo duen bidea ezin jakin. Edo hori da behintzat gertatzen zaiguna bere jardunbidea arrazionalizatzen saiatuz gero, azken mendean nazioarteko harremanak gidatu dituzten paradigmetatik abiatuz behintzat. Saiatzen direnek diote bere gogoa enpresa gizonarena dela eta hortik saiatu behar garela bere jardunbidea ulertzen.
Labur, finantzen esparruan ziurgabetasuna aukera bat izan daiteke: asko galdu edo asko irabazi. Eta gakoetako bat hautu egokia egitea omen da, momentu egokian. Horretarako, bistan da, ezinbestekoa da informazio ona izatea. Beste gako bat da azkar erabakitzea, zalantzarik gabe. Hau da, harturiko erabakiek epe ertain-luzean izan ditzaketen ondorioetan pentsatu gabe. Finean, berdin du etorkizuneko norabidea bata edo bestea izan, asmatuz gero norberaren posizioa hobea izango da-eta osteko agertokian. Ikuspegi horretatik Trumpen estrategia sinplea dela pentsa daiteke. Bazterrak nahasten ditu lehenik. Horretarako indarra badu. Eta bazterrak nahasiak direnean, erabakiak hartzen ditu azkar. Batetik, informazio hoberena berak baitu beti; berak bakarrik daki zer dagoen bere buruan. Bestetik, azkar hartzen ditu erabakiak, zalantzarik gabe, ez baititu aintzat hartzen epe ertain-luzeko ondorioak. Momentu bakoitzean, bere posizioa indartzen badu aurrera, bestela atzera. Eta gero gerokoak.
Horiek horrela, egin beharreko galdera da, nola egin aurre jardunbide horri?
Egun batzuk lehenago hitza hartu zuen Davosen Mark Carney, Kanadako lehen ministroak. Bere hitzartzeak hautsak harrotu zituen.
Lehenik, Trumpen hegemonia lehiatu zuen. «The system's power comes not from its truth, but from everyone's willingness to perform as if it were true, and its fragility comes from the same source». Trumpek bazterrak nahasteko indarra du, besteak beste, horrela onartzen diogulako. Onartzeari uztea, hortaz, bada bere hegemonia higatzeko bide posible bat. Baina horretarako onartu beharra daukagu ez dagoela atzera bueltarik. Ez gaude trantsizio momentu batean, haustura momentu batean baizik. Eta agertoki berri horretan, «if we're not at the table, we're on the menu».
Bigarrenik, Kanadan entseatzen ari diren bide orri berriaren oinarrizko ideia azaldu zuen; «value-driven realism». Botere hegemonikoen kontra ezin da buruz buru negoziatu. Subordinazioa onartu gabe behintzat, eta beste subordinatuen kontrako lehia, horrenbestez. Baina ez gaude bakarrik munduan. Erdiko botereei buruz hitz egin zuen eta haien arteko multilateralismoak eskaintzen dituen aukerak nabarmendu. Alta, ohartu zuen, multilateralismoak pragmatikoa eta asimetrikoa izan beharko duela. Oinarrizko printzipioetan oinarritua (giza eskubideak, soberaniaren errespetua, indarraren erabilpen mugatua…), baina onartuz balioak bakoitzak bereak dituela. Ezinbestean, auziz auzi, bidaidez bidaide eta urratsez urrats. •


