Josu Ozaita
Antropologoa

Gazta maisua

Andres Etxeberriak bizitza eman dio gaztagintzari.
Andres Etxeberriak bizitza eman dio gaztagintzari. (Josu OZAITA)

Irribarre goxo batekin zain dut etxeko atarian Andres Etxeberria (Berastegi, 1942). Sukalderaino eraman nau segituan, tertulian hasteko irrikatan balego bezala. Beheko suaren dir-dir gorri-laranjak, kanpoan dagoen giro narrasa goxatzen du. Nire harridurarako prest dut parean, umiltasunetik, erantzunak emateko gogotsu. Artzainak bakartiak irudikatzen ditugu, hitz gutxikoak. Bera ere halakoa omen zen umezaroan: «Gu lotsatiagoak ginen kalekoak baino. Txoriak ere kalean lotsagabekoak izaten dira».

Gaurko sukalde askotan presa nabari da, otordu bakartiak hainbatetan, tuperren mugimenduen patxada falta. Baina Euskal Herriko sukaldeak patxadan berriketan aritzeko txokoak izan dira, transmisiorako habia, ideiak bor-bor garatzeko toki. Desagertzen ari dira bizitza zuten sukalde horiek, horietakoa dugu Andresena, ordea. Sukalde honek hitz egingo balu, makina bat istorio kontatuko lizkiguke.

«Artzaintza pentsatzen dugu zerbait itxi eta apartatua bezala, bakartia... Baina guk hartu-eman asko izan dugu, hartu eta eman: artzaintza eta gaztagintza ikastera etorri direnak, kontrolak eta analisiak egitera etortzen ziren albaitariak eta biologoak, baita gaztandegia ezagutu eta gazta erostera gerturatzen ziren turistak eta inguruetakoak. Tratu asko izan dugu pertsona desberdinekin; asko. Nire bizitzan mahai hau garrantzitsua izan da, aurretik aipatutako jende askorekin, lanak egin ostean, hemen gosaltzen genuelako. Pertsona guztiekin mahai honetan berriketan, zurekin ai naizen bezala, gauza guztiez. Mahai honen bueltan asko hitz egin dugu, asko ikasi».

Aurpegia ezkutatu eta hitzak gordetzetik, tertulia maitatzera igaro zen Andres, aspaldi. Mahai hartan asko jasoko dudala azkar igarri dut, eman baino gehiago, eta onena, bizkarra eserlekuan erlaxatzen utzi eta entzutea dela erabaki dut.

Ume garaitako ametsak, egin beharraren beharrak eta gorabeherak. Gai sakonak eta interesgarriak eta, tarteka, barreak. Andresek, umore puntuarekin, hausnarketak eta galdera berriak jartzen ditu mahai gainean.

Obran ikasi zuen 40 egunez, lagun batekin arituta, erremintak maneiatzen ikasteko eta gero ukuiluan txukunketak egiteko. 22 urterekin soldaduskara joan zen, eta itzulitakoan obrak eginez jarraitu zuen etxean, 14 behientzako tokia prestatuz. 200 ardi ere izan zituzten. Valladolidera joan zen nekazaritza ikasketak egitera, 25 urterekin: «Dirección y gestión de la empresa agraria». Umorez esaten duenez, «izen handia, luze xamarra». Eskolara kasik joan gabeko berastegiarra, kanpora ikastera, lanerako adin onenean. Galderak zituen, eta erantzunak aurkitzea zuen gustuko. Garai garrantzitsua bere bizitzan, lau urtez burua asko ireki eta aberastu ziona. Ordura arte ikasketa handiegirik gabea, ase zuen, neurri batean, bere ezagutza beharra. Arrazoi txarrek min egiten zioten, eta topatu zuen antidotoa: galderak egin eta erantzunak bilatzen saiatzea.

ARMUÑO ARTEGIA

Baserri indartsu eta aurreratua zuen garaietan, etxeko gorabeherak tarteko, ia zerotik hasi behar izan zuen 36 urterekin, Rosa Catala emaztearekin batera. Obran hasi zen lanean, hargintzan, zurgintzan... denetik. Denetik, dena. Bizitzako borroka horretan, orain gauden Armuño etxea egin zuen anaia batekin, beren eskuekin, 1978an hasita. “Armuño”, «harri muño». Buelta guztian soroak dituen bizkarrean, harriak soilik daudelako. Hala ere, bere umetako ametsari eutsi nahirik, ardiak gehituz joan zen, baserri zahar bat alokatuta. Obran lan egiten zuen, dirua irabazteko, baina bere ogibidea argi zuen Andresek: artzaintza. «Nire ofizioa, azkenean, horixe zen, gaztetako ilusioa. Ilusio horri ez nion utzi. Eta amets hori bizitzen, sozio emaztea izan nuen. Soziorik onena emaztea da enpresa batean». Halaxe, 30 urtez artzain izan zen, Rosarekin batera.

Berastegiko artzainak lan handia egin du ondorengoei bere jakintza transmititzen. (Josu OZAITA)

Gustura nago berriketan. «Andres, lana izugarri egindakoa zara zu», esan diot. Etxea eginda, baserri alokatu batean ardiak, frankismo ostean herriko lehen alkatea, eta artzain txiki eta artisauen iraultza haren parte 80ko hamarkadan: hobetze genetikoko lanketak, intseminazio zentroak, Artzai-gazta elkartearen sorrera, Idiazabal jatorri izena... Elkarteak, kooperatibak eta ikastaroak. Andresek bazekien jakintzatik zetorrela aldaketa, eta lehen lerro horretan aritu zen ikasten eta hausnarrean. Erantzunen, zergatien jakin-minez.

«Askotan entzun dut esaldi bat: ‘Gure zaharrek hau honela egiten zuten eta ez hituen tontoak’. Ados. Baino ez ditugu bereizten gauzak: tontoak ezin zitezkeen izan, hain tontok balira, listorik ez zelako etorriko. Baina zer edo zer falta zitzaien ere, denera ez ziren iritsi... eta tartea hor ikusten dut. Esaldi potolo horiei, oso konbentzituta esanda, ez dago kontra egiterik, baino tartea ikusten dut nik. Garaiak asko aldatu dira eta usteekin ez dago inora joaterik. Dena ere ez zekiten zaharrek».

Alokaturiko baserrian aritzen zenean, 12, 13, 14, 15 ordu aritzen zen lanean; egunero, jai eta larunbat. Hantxe asmatu zuen ardiak jezteko fosa egitea, erosoago lan egiteko, gerritako mina leuntzeko, burua erabilita, gorputzari egur gutxiago emateko. Denborarekin, ordea, etxe ondoan eraikin berria egin zuten, artegi, gaztandegi eta dendarekin. «Lasaitu ederra hartu genuen. Horra lanera joatea, ofizinara lanera joatea bezala zen».

Leihora bertaratzen gara orduan, etxetik ikusteko. Irribarre txikia ateratzen zaio; begiak umeldu. Ez da makala Rosak eta Andresek elkarrekin egin zutena. Lan asko. Eskuak ibilita, baina baita burua ere. Goizeko zazpietan lanean hasten ziren, Andresi gustatzen zaion bezala, ordenatuta. Bat jana jartzen ardiei, bestea lanerako ontziak urez aklaratzen. Ardiak jetzi, ardiak belazez mugitu, gaztak egin, bazkaria prestatu... elkar ondo ulertzen zuten, elkarlanean aise aritzen ziren. Gazta gehienak Andresek egin zituen, saldu gehiena Rosak, ordea. Egunero lan eta lan, iluntze arte. Lo, zortzi orduz. Gazta garaia amaituta, eguraldi txarra zenean, egun pasa batzuk, oinarrizko lan batzuk egin ostean. Eta, urtero, saiatzen ziren lanerako ordezkaria hartu eta Rosaren jaioterrira joaten zortzi eguneko oporretara: Kataluniara. Lanean gogor, baina antolatuta. «Nik beti pentsatu izan nuen nekazaritza edo baserritik bizi zitekeela. Libertatea duzu, hala deitzea baldin badago, baina ez duzu nagusi edo enkargatua gainean. Asebetetzen zaitu, emaitzak ikustean, gazta erostera jendea etortzean. Momentu gogorrak ere izaten ziren eta nire buruari galdetu: bizitzeko hau dena egin behar al da? Lokatzetan aztarrika ibiltzean... Baina gero dutxa bat eta berriro indarrak hartuta!».

Nekez nekatzen zela dio. Unibertsitatera joatea garrantzitsua omen da, hizkuntzak ikasi, baina bizitzako praktikan ikasitakoa ere bai, hausnartu du. «Andres, imajinatu, gazte bat etortzen zaizula, arditako izugarrizko afizioa duena, eta zalantzan dagoena lanpostu finkoa utzi eta artzain, gazta eginez, bizimodua aurrera ateratzeko. Kontseilua eskatuko balizu, zer erantzungo zenioke?».

(Josu OZAITA)

«Nire kalkuluen arabera, 300 ardirekin bikote bat bizi daiteke artzaintzatik, gaztak eginez eta salduz. Beste gauza bat da peligrosoa, 500, 600, 1.000 ardi... Nik horri gosea esaten diot, dena jateko, dena jan egin behar. Eta bizitza ez da hori niretzako».

«Baina gauzak ez daude errazak».

«Zera falta da: barkua itsasoan matxuratzen bada, noraezen nola hasten da? Gure nekazari mundua edo abeltzain mundu edo artzaintza mundu hau, matxuratuta dagoela esan daiteke, eta noraezean dabil. Politika mailan edo bilatu beharko litzaioke aterabidea, ez dakit inork asmorik edo pentsamendu txikienik ote daukan irtenbidea bilatzeko».

ANDRESEN GAZTA ESKOLA

Andres ezaguna da herrian, bere lanak edo eskuzabaltasunak oihartzun luzea izan du. Berastegiko gazta egileen aita dela aipatu didate, artzain jakintsu bezala deskribatu, eta bere jakintza banatu duela, bueltan ezer jasotzeko interesik gabe, eta honela sortu da Andresen Eskola. Ikastaroak eman izan ditu gazta egiten ikasteko, eta edozein joan zaionean ere, segituan eskaini zaio praktika gazta egiten erakusteko. Gaur egun, Berastegin gazta egiten duten askok, beragandik ikasita egiten dute, baita herritik kanpoko hainbatek ere. Esaten dutenez, bere eskuzabaltasun hori gabe ez litzateke hainbeste gazta egingo herrian. Ez da ohikoa, Euskal Herrian, halako eskuzabaltasunarekin etxeko ateak ireki eta dakizun guztia erakustea.

Andresen Eskolak ondarea utzi dio jende askori, gazta egitearen jakintza eta kultura. Ederra da berak egindako gazta jatea, baina izugarria eta sekulakoa, gazta hori bera, bere konpainian jatea, sagardo botila batekin. Andresen artzaintzan, mundu ikuspegi bat dago, balio gizatiar batzuk eta filosofia, filosofia asko. Eskulanarekin gozatzen du, zurgintzarekin, gaztagintzarekin, baina baita tertuliarekin ere.

«Andres, beste egun batean ere etorriko naiz, baina, nolako animalia da ardia?».

«Animalia tontorik ez dago. Pertsonetan, aldiz, mordoa bai [barreak]. Haiek tontoak direla uste badugu, esan nahi du gu ez garela oso listoak!».