GAUR8

Babesleku klimatikoen sarea sortzeko proiektua abiatu dute Durangon

Babesleku klimatikoen sare bat sortzeko proiektua abiatu dute Durangon, bero boladen aurrean herritar guztientzako ingurune freskoa eta segurua eskaintzeko. Maiatzetik urrira irekitzea aurreikusten dute, herriko eragile ezberdinekin hitz eginez.

Babesleku klimatikoen sare bat sortzeko prozesua abiatu du Udalak.
Babesleku klimatikoen sare bat sortzeko prozesua abiatu du Udalak. (Durangoko Udala)

Babesleku Klimatikoak proiektua aurkeztu du Durangoko Udalak, eta egitasmoaren barruan babesleku sarea sortzea aurreikusten da. «Bero handiko aldietan erosotasun termikoa eskaintzen duten eta herritar guztientzako ingurune fresko eta segurua eskaintzen duten espazioak egokitzea planteatzen du, bereziki kolektibo kalteberagoentzat, hala nola adinekoentzat edo haurrentzat».

«Plan honen esparruan egindako diagnostikoak adierazten du udalerriak bero boladen aurrean duen kalteberatasuna ertaina dela. Gainera, beroaren inpaktua ez da uniformea udalerri osoan, itzalik gabeko eta eguzkiarekiko zuzeneko esposizioa duten eremuek eragin handiagoak baitituzte. Horri berdeguneen azalera gehitu behar zaio, Durangon biztanleko 8 m²-koa baita», zehaztu du Udalak.

Aurreikuspenak kontuan hartuta, azterketak aipatzen du deskarbonizazioa bultzatzen duen nazioarteko politikarik gabeko egoera kaltegarriago batean, batez besteko tenperatura 3,2 gradu inguru igo litekeela mende amaierarako.

Edateko ura, komunak...

Agertoki horri begira, bero handiko aldietan herritar guztientzako ingurune fresko eta segurua eskaintzen duten espazio irisgarriak sortzea da helburua. Biztanle kontzentrazio handieneko guneetatik gertu kokatuta egon beharra eta edateko ura, komunak, atsedenlekuak eta seinaleztapen egokia izatea planteatzen dute.

«Barruko espazioetan tenperatura 26 ºC-tik behera mantendu beharko da, eta kanpoaldean, berriz, itzala eta aireztapen naturala duten eremuak lehenetsiko dira. Maiatzetik urrira bitartean irekitzea aurreikusten da, batez ere berorik handieneko orduetan», aurreratu dute.

Egitasmoa fase ezberdinetan gauzatuko da, eta zehaztutako lanen artean, herriko babesleku klimatikoen katalogo eta mapa egitea aurreikusten da, baita hainbat eragilerekin egingo den parte hartze prozesua ere. Gainera, bisitak egingo dira udal ekipamenduetara eta udalerriko parkeak eta itzalak aztertuko dira.

Prozesuan, auzoetako bilerak egiteko asmoa dago. Era berean, ikastetxeekin eta osasun arloko eragileekin hitz egingo da, eta proiektua ezagutarazteko hainbat ekintza bultzatuko direla iragarri dute.