Kale

Irakurri berri dudan liburu bati buruzko oharrak hartzen ari nintzen eta, konturatu gabe, esaldietan ergatiboa gaizki zegoen. «Zer? Noiztik egiten dut kale ergatiboarekin? Esaldiak egiten ere ahaztu al zait ba?». Buruan bueltaka geratu zitzaidan. Egia da, aspaldian ezer gutxi irakurri dut euskaraz. Mahai gaineko liburuen artean, bakarra dago. Eta ez dut hasi. Hor darama, nire zain, zenbait hilabete. Liburu mardulak irakurri ditut, ordea, ingelesez eta gazteleraz.
Konturatu naiz, modu berean, euskaraz idaztean egitura berak errepikatzen ditudala beti. Aniztasunetik eta aberastasunetik eskas dabilela nire idazkera. Ortografian ere, lehen egiten ez nituen akatsak agertzen zaizkidala eta hitzak idaztean gero eta zalantza gehiago ditudala. Kexu naiz askotan, euskaldunok ezin dugula esaldirik bukatu gaztelerazko coletilla sartu gabe -horra hor froga!-. Euskaraz aritzeko gaitasuna galtzen ari garela, modu azeleratuan. Bada, niri ere gertatzen ari zait, gero eta gehiago. Ahalegin kontzientea egin behar dut hala ez izateko.
Aurrekoan herrira hurbildu nintzen. Hiritar peto, espedizio landatarrera. Tabernan gizon nagusi bat nuen ondoan: Juanillo. Txundituta geratu nintzen, zein esaldi egitura ezberdinak erabiltzen zituen. Zenbat hitz, aspaldi amonari entzundakoak, baina nik inoiz esan gabeak. Zer-nolako hizkuntza aberastasuna galdu dugun belaunaldi pare batean. Egia da hizkuntzak eboluzionatzen doazela etengabe, hark ere ez du hitz egingo bere aitona-amonen euskara bera. Eskola euskaraz egin dugunok ere, euskalki ezberdinetako hiztegia jaso dugu eta testu jasoak irakurtzen ditugu, konplexuak eta euskaraz, arazo barik. Baina zerbait gehiago behar dugu.
Berriki esan dute ordua dela gaztelerari lekua egiteko Korrikan ere. Euskararen “arazoa” konpontzeko, Espainia behar omen dugu. Horixe baitez, ziur... Hogei bat urte izango dira, institututik jardunaldi batzuetara eraman gintuztela Eibarrera. Bertan azaldu ziguten, EITBko arduradunek, gaztelera euskarazko kateetan nahita ari zirela erabiltzen, ahozkoan. Euskaraz ondo aritzen ez zirenak hurbiltzeko. Bistan da ondorioa. Kontrakorik ez zaie okurritu. Orain gutxi, kasualitatez, aita agurtzera hurbildu zen Josu Loroño -«hoy, el Athletic...» Teleberriko aurkezle mitikoa-. Erabateko sorpresa hartu nuen, hikaz hitz egin zidan eta! Nolatan egon da pertsona hori hainbeste urte telebista publikoan eta ni jakin gabe euskalduna zela? Gauza askotan kale egiten ari gara.
Euskarazko kantuetan, Instagrameko kontuetan, normalizatu dugu erabat esaldien erdia gazteleraz esatea. Gizartean normala dena erreproduzitzen dute, ez gara hemen hasiko erruak banatzen. Gainera, zenbait sortzaile hasi dira sareetako edukia euskaraz egiten, lehenago gazteleraz egiten zutenak. Gehiago, gehiago, gehiago behar dugu. Berdin zait Internet infinitua baldin bada. Euskaraz masa gehiago behar dugu. Podcast gehiago euskaraz, liburu gehiago, gai guztiei buruzkoak. Euskalduntasuna trinkotzeko unea da. Zenbat eta gehiago sortu euskaraz, erreferentzia, aberastasun eta jariotasun handiagoa. Ekiteko unea da! •



