Baliarrainen egunero josten dute komunitatea
Auzolanaren taupada aspaldikoa da Baliarrainen. Baliabideak eskas ziren garaian, herritarren artean hormigoitu zituzten bideak eta eraman zuten ura baserrietara. Zer ikusi, hura ikasi. Askotariko batzordeak dituzte eta parte hartzea oso bizia da. Komunitatea 140 biztanleen artean josten dute.

Tolosaldeko herri txikia da Baliarrain, Gipuzkoako txikienetarikoa. 140 biztanle ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herririk gazteena ere bada, 36 urteko batezbestekoarekin. Herriko 140 biztanleetatik, 40 inguru adin txikikoak dira.
Paraje zoragarria, txikitasuna eta biztanleria gazteaz gain, Baliarrainek badu beste ezaugarri oso nabarmena: herrigintzaren taupada indartsua. Komunitatearen eta auzolanaren kontzientzia oso bizi dago herrian eta ez da kasualitatea. Beharretik sortutako tradizioa dago batetik. Baliarraindarrek elkarrekin eraiki dute herria, auzolanean konpondu dituzte egunerokoan sortu zaizkien arazoak eta beharrak. Eta, bestetik, azken bi hamarkadetan herrian biztanleria piramideari buelta ematea lortu dute, Udalak hartutako hainbat erabakiren haritik.
Mahaiaren bueltan jarri ditugu Baliarrain ondo ezagutzen duten lau lagun, herriaren taupadaren gakoak ulertu nahian. Nekane Lopetegi herriko udal idazkaria izan da 36 urtez Baliarrainen, Orendainen eta Abaltzisketan. Herri txikietan horrela izaten da; idazkari bakarrak hiru udaletako martxa eramaten du. Beti ez omen da erraza izaten; herri horien artean badira parekotasunak, baina baita desberdintasunak ere. «Sentsibilitate oso desberdineko herriak dira. Herri bakoitzera joaten zaren garaian, usaintzen duzu zein sentsibilitate dagoen bertan eta horren araberako ildo bat jarraitu behar duzu. Hori da nire iritzia», azaldu du Lopetegik. Esan bezala, 36 urte eman ditu Baliarrainen udal idazkari eta azken bi hamarkadetan herrian gertatu den aldaketa lehen lerrotik ikusi eta bizi izan du, udal idazkari bezala paper kontu ugari konpondu behar izan baitu.

«Lehengo parte hartze modua eta oraingoa desberdinak direla konturatzen naiz. Lehengo Baliarrain, batak bestearen berri oso ondo zekien herria zen, laguntza komunitarioa eskaintzen zuena. Auzokoarena joan behar bazen belarra biltzera, joan egiten ziren. Traktorearekin basora lanera joan behar bazen, joan egiten ziren. Haurrekin arazoren bat bazegoen, elkar laguntzen zuten. Auzolan oso komunitarioa zen. Festak egiten ziren garaian ere, festa oso aktiboak eta biziak antolatzen zituzten. Oso gogoan ditut dagoeneko falta diren herritar asko, nola parte hartzen zuten eta nolako bizipozarekin ibiltzen ziren herriko kontuetan. Eta ondoan ibiltzen zituzten seme-alabak, gaur egun guraso direnak».
Hortaz, ez da kasualitatea Baliarrain gaur egun den bezalakoa izatea, ibilbide eta tradizio baten segida da. «Gaur egun jarraitzen du lehengo aztarna hark. Badaude hari moderno berriak, baina oinarrian lehengoa dago. Hala ere, indibidualismo gehiago dagoela ikusten dut, hirigintzatik hasi eta baita bestelako gaietan ere».
Hirigintza indibidualista, zertan? «Lehen, plazara etorri eta ingurura begiratzen bazuten, herritarrek ikusten zuten batek patata egin zuela; besteak letxugak sartu zituela; besteak tomateak; hangoak belarra bildu zuela... Gaur egun etxeak itxita daude eta horrek asko mugatzen du. Lehen, ingurukoen baratzeak eta zelaiak ikusita, herritarrek bazekiten auzokoa lanean ari zela eta ondo zegoela. Elkar zaintzeko zentzuarekin ikusten zen. Gaur egun, etxeak hesituta eta tapatuta daude, kanpotik ezin jakin barrukoaren berri, eta alderantziz. Mesfidantza gehiago sortzen da. Hori nire ustez inguru urbanotik ekarritako joera da. Baliarrainen bizi diren gazte asko inguruko herri handiagoetatik etorri dira eta kontzeptu horiek desberdin ulertzen dira».
Amets Arteaga zinegotzia da. Baliarrainen jaioa, urte batzuetan herritik kanpo bizi behar izan du eta berriz bueltatu da. Gurasoa da eta talde ugaritan dabil saltsan. «Oraintxe Harkaitz Elkarteko batzordean egon naiz bi urtez. Amaitu berri dut. Beste nonbait hasi beharko dut. Balioak, auzolanarenak, komunitatearenak, transmititu egiten dira. Zuk horretan sinisten baduzu, herrigintzan lan egiteko prest zaude. Eta orokorrean herrian badago sentimendu hori», esan du.
Berdin pentsatzen du Leire Zubeldiak ere. «Garate baserrikoak gara gu, plazan bertan dago. Gure aita herriko lehen alkatea izan zen. Auzolan asko egin duen pertsona izan da, herriari tira egin diona eta asko elkartu duena. Nik daukadan oroitzapena da ume gutxi ginela herrian eta adineko asko. Elkarrekin asko ibiltzen ginen eta auzolana asko egiten zen. Larunbat askotan gogoratzen dut aita aitzurra bizkarrean hartu eta ‘gaur hau edo bestea egin behar da’ esanez. Auzolana zen, lana, baina festa ere bazen. Gero beti egiten zuten hamaiketakoa elkarrekin, elkarri laguntzen zioten eta harmonia onean bukatzen zuten. Oso bizitza xumea zen, ez zegoen gauza handirik eta zegoenarekin bizitzen bazekiten».
«Guk jaso dugunaren transmisioak jarraitu egin behar duela uste dugu. Balio horiek transmititzen jarraitu behar dugula. Gu beti saiatzen gure gure haurrak eta gazteak komunitatearen dinamika hauetan sartzen, beraiek ere jaso dezaten. Etorkizunari begira, garrantzitsua da guk jaso dugunak jarraitzea», iritzi dio Zubeldiak.
Mahaiaren bueltan laugarrena Josu Ozaita da. Hamalau urte daramatza Baliarrainen bizitzen, zinegotzia da eta zenbait taldetan parte hartzen du. Hasieran arreta eman zion herriaren dinamikak eta gaur da eguna erabat sartuta dagoena komunitatearen taupada berezi horretan.

KOMUNITATEAREN SENTIMENDUA
Baliarrainen komunitatearen kontzientzia aspalditik dator, aurrekoei jaso zioten gaurkoek eta beharrak parte handia dauka horretan. «Baliarrainen dena zegoen egiteko. Duela 40 urte oinarrizko baliabiderik ez zegoen. Herriko jendeak bere baliabide ekonomiko eta pertsonalekin eraman zuen ura etxeetara eta eraiki zituen errepideak. Ni harrituta geratzen nintzen. Herritarrek, lanbidez iturginak edo errepidetako langileak izan gabe, beren kabuz hormigoitu zituzten bideak eta sartu zuten uraren hoditeria herri osoan. Eta hori egiteko herritar guztiak elkartzen ziren. Nik ez dut halakorik ikusi beste inon. Diru eta baliabide ezak, beharrak, jendea mugitzen du erantzun bateratu bat bilatzera. Norberak bere baserriko ura eramaten zuen, baina baita ondoko baserrikoa ere», kontatu du Lopetegik.
Duela 37 urte egin zen herri Baliarrain. Lehenago, hiru herrietara funtzionatzen zuen, Ikaztegieta eta Orendainekin batera. «Baliarrainen ez zen apenas inbertsiorik egiten eta herria oso modu prekarioan zegoen. Sekulako lana egin zuten herritarrek. Hor indar ikaragarria zegoen herritarren artean. Herria hobetzeko ilusio handia zegoen».
Herriaren parte izatearen sentipenak ere badu bere pisua. «Baliarraindarra izatea oso sentipen sustraitua izan da eta hala izaten jarraitzen duela esango nuke. Baliarraingo jende asko joan zen herritik ez zuelako aukerarik izan bertan geratzeko, baina beti sentitu izan dira Baliarraingoak», nabarmendu du Zubeldiak.
Adin desberdineko haurrak eta gazteak elkarrekin hazten dira herrian. Garai bateko dinamikak bizirik jarraitzen du. Etxera joan, tinbrea jo, laguna jaitsiko al den galdetu... Elkar zaintza bat badago. Tribuaren sentsazioa, komunitatearena, bizirik dago. «Umeak hazteko toki ona da Baliarrain. Zoragarria», esan du Arteagak.
APUSTU BATEN ONDORIOA
Gaurko Baliarrain aurreko mendetik datorren auzolanaren tradizioaren eta mende berriaren hasieran hartutako udal erabakien emaitza da.
Mende berriaren etorreraren parean arazo bat bistaratu zen: populazioaren jaitsiera. Bost bat urtean behin jaiotzen zen haurren bat eta biztanleria zahartzen ari zen. Ez zegoen etxebizitzarik eta herritar askok alde egin behar izaten zuten. Une batean 80 bat biztanlera izatera iritsi zen eta gustuko ez zuen titulua eskuratu zuen Baliarrainek: Gipuzkoako herri txikiena. Kezka sortu zen eta Udalak erabaki garrantzitsua hartu zuen, gaurko Baliarrainen zutabe izan zen erabakia: etxebizitza berriak eraikitzea jendea herrira erakartzeko.
«Jendea erakarri nahi zen Baliarrainera bizitzera eta horretarako zerbait berezia eskaini behar zela ulertu zen. Baliarrainen ezin genituen eskaini Tolosan edo Alegian eskaini daitezkeen pisuak adibidez. Etxebizitza indibidualak eraikitzeko apustua egin zen. Udalak inguruko baserritarrei lurrak erosi zizkien eta lursailak saldu zituen. Arau eta baldintza batzuen barruan, norberak lursaila erosi eta gustuko etxebizitza eraikitzea eskaini zuen Udalak», azaldu du Lopetegik.
Bi hamarkadaren buruan, Baliarrainek 140 biztanle ditu eta biztanleriaren piramideari buelta emateko gai izan da. Bost urtean behin haur bat jaiotzetik, urtean lauzpabost haur jaiotzera pasatu dira. Orain Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herririk gazteena da.
ASKOTARIKO LANTALDEAK
Azken hamarkadetako indartze horretan, auzolanaren eta komunitatearen motorra martxan mantentzen saiatu dira baliarraindarrak. Jaiotzen gorakada horrekin, guraso elkartea martxan hasi zen. «Ez genekien oso ondo nondik nora hasi, baina bagenuen zerbait egiteko gogoa, haurrak elkarrekin ibiltzea, ekintzak eskaintzea... Horrela hasi ginen, pixkanaka-pixkanaka», azaldu ditu Zubeldiak guraso elkartearen lehendabiziko urratsak.
Gaur egun guraso elkartea martxa betean dago, urte osoko ekitaldiak antolatzen ditu eta indartsu dago. «Urteko plangintza egiten du guraso elkarteak. Batzuk ekintza finkoak dira eta beste batzuk urtez urte osatzen joaten gara: inauteriak, Gau Beltzako kalabaza tailerrak, Olentzero, irteerak, ludoteka...».
Herrigintzaren eta komunitatearen taupada transmititzeko ahalegin handia egiten dute. «Hala ere, transmisiorik onena norberak antolatzea eta egitea izaten da, inork zer egin behar duen esan gabe», iritzi dio Ozaitak. Horren adibide da Baliarrainen antolatzen duten Gazte Eguna.
Festa Komisioa ere adibide argigarria da. Urtero aldatzen da batzordea eta zozketa bidez erabakitzen dira partaideak. «Ni Baliarrainera etorri nintzenean hasieran harritu egin ninduen Festa Komisioarenak. Zozketaz festak antolatzeko derrigortasuna izatea arraroa iruditu zitzaidan. Baina denborarekin konturatu naiz formula egokia dela eta integratzen ere asko laguntzen duela. Eta baita zama kentzen ere. Beste herri batzuetan beti antzeko jendea ibiltzen da jaiak antolatzen. Hemen urtero aldatzen da taldea, eta, behin eginda, akaso beste hamar urtean ez zaizu egokitzen. Mugimendu hori ere ederra da», kontatu du Ozaitak.
«Adin tarte bateko herritarrak sartzen dira zozketan eta sei partaidek osatzen dute komisioa. Haien lana izaten da urte horretako herriko jaiak antolatzea. Horiek dira partaide ofizialak, baina beti saiatzen gara gaztetxoak ere sartzen batzordean, transmisioa eman dadin», azaldu du Zubeldiak. Tarteka baten batek uko egiten dio Festa Komisioan parte hartzeari. «Normalean jendeak parte hartzen du. Gerta daiteke arrazoi bat edo beste dela medio urte hori oso txarra izatea norbaitentzat eta aldatzeko eskatzea. Horrelakoak kontuan hartzen dira. Baina normalean tokatzen zaionak arazorik gabe parte hartzen du», jarraitu du Zubeldiak.
Harkaitz Elkartea herriko elkartea da. Herritarrak bertan elkartzen dira mahaiaren bueltan eta eragile garrantzitsua da. «Aspalditik datorren kontu bat dago elkartean. Etxeen izenekin daude multzokatuta bazkideak. Bost etxe multzo daude -garai bateko etxe izenak oinarri hartuta- eta multzo bakoitzean hamar bat lagun. Multzo bakoitzeko herritar batekin osatzen da zuzendaritza, bi urteko eperako. Partzialki berritzen da zuzendaritza urtero, erabat talde berria ez dadin izan».
Ekonomatua, herriko denda, ere martxan daukate. «Pandemian hasi ginen saltsan, Orendaingo Larreta esnekiak etxez etxe saltzen. Herritik ezin zenez atera, zerbitzu hori ematen hasi ginen. Gero pentsatu genuen lokal bat jartzea herriko denda modura. Proba egitea erabaki genuen eta herriak erantzun egin zuen. 25 bazkide gaude. Bazkide izateko baldintza urtean hiru ordu dendan lanean aritzea da. Eta gero bakoitzak gure ardurak ditugu enkarguak egiteko orduan. Astean behin irekitzen dugu, ordubetez, publiko orokorrarentzat. Baina bazkide bakoitzak giltza daukagu eta bazkideentzat 24 orduz dago denda eskura. Etorri, behar duzuna erosi eta apuntatu. Elkarte baten antzera funtzionatzen du. Konfiantzan oinarritzen da eta ondo funtzionatzen du. Zerbitzu garrantzitsua da herri txiki batentzat, etxean zerbait falta bada dendan topa baitaiteke», azaldu du Ozaitak. Askotariko produktuak topa daitezke ekonomatuan. Produktuak aukeratzeko irizpide nagusiena Euskal Herrian ekoiztuak izatea da. «Haragiaren kasuan, lehentasuna ematen diegu inguruko abeltzainei», esan du Ozaitak.

Herri kirol taldea ere badute Baliarrainen. «Herriko taldetxo bat elkartzen hasi zen herri kirolen inguruan. Iaz, jende berria erakartzeko, taldea sortu zen. Bi astez behin elkartzen hasi ginen, herri kirol desberdinak probatzeko eta horietan trebatzeko. Dinamika ederra sortu zen», azaldu du Arteagak.
Bizipoza kultura batzordea zinegotziek eta herritarrek osatzen dute, elkarlanean. Urte osoko egitaraua antolatzen du batzorde horrek. Hirigintza batzordea ere badago, zinegotziek eta herritarrek osatua. Eta bietan erronka bera da, herriko dinamiketan eta erabakietan herritarrak partea izatea.
Duela bospasei urte jarri zuten martxan irakurle taldea. Urtaro bakoitzeko liburu bat aukeratzen dute irakurtzeko. «Urtean lau liburu irakurtzen ditugu. Bilera baten erabakitzen dugu zein liburu. Horietatik bitan egilea gonbidatzen dugu eta harekin egiten dugu irakurle txokoa. Beste bi liburuekin, gure artean egiten dugu, tabernan elkartu eta trago baten bueltan aipatzen dugu liburua», azaldu du Ozaitak.
Gau Beltzak garrantzi berezia dauka Baliarrainen, azken urteotan indar handia hartu duelako jaiak herrian. Hor ere lantalde propioa ari da.
Eta, azkenik, Udal taldea dago Baliarrainen, «herria herritik kudeatzeko». Udal idazkari izandakoaren hitzetan, legeek markatzen dituzten bideen barruan, posible da herria herritik kudeatzea. «Legea beti hor dago, baina badira moduak herrigintzatik gauzak egiteko. Herritik bertatik erabakitzen da herriak zer behar duen. Gero, behar horien arabera, zein laguntza eta deialdi baliatu daitezkeen ikusi beharra dago. Nire lana neurri batean hori izan da, herriak dituen beharrak asetzeko moduak topatzea. Eta horretarako oso-oso garrantzitsua izan da herritarren laguntza, pista asko eman dizkidate. Gu udaletxe barruan gaude, gure lanean buru-belarri. Jende asko gerturatu izan da halako bazterra konpondu beharra dagoela edo halako tokitan arazo bat dagoela esateko. Nik izugarri eskertu diet herritarrei informazio hori guztia. Laguntza hori etengabea izan da Baliarrainen. Herritarrak lasai etorri izan dira udaletxera, gauza onak zein txarrak esateko. Udala finean herritarrentzako tresna bat da. Hala izan behar du», nabarmendu du Lopetegik.
Baliarraingo 2025eko jaietan berak bota zuen txupinazoa, herriak zenbat maite duen seinale. «Oso herri lotua dela esango nuke, elkarren artean lotura estua daukate. Eta oso dinamikoa, horrelako herri bizirik ez dut ezagutu inon. Aldi berean, oso herri langilea dela esango nuke», jarraitu du.
Zubeldiaren hitzetan, «baliarraindarrok asko maite dugu Baliarrain. Eta esango nuke oso eskuzabalak garela. Kanpotik etorri den jende guztia beso zabalik hartzen saiatzen gara eta herritar izan dadin saiatzen gara. Nahi dugu etortzen dena herritar sentitzea, behar dugu. Horretan sinesten dugu».
«Duela bi urte harrera protokoloa egiten hasi ginen udaletxetik. Herrira etortzen denari herri guztia erakusten diogu; ekonomatua, elkartea, antzokia, gimnasioa... eta herrian martxan dauden taldeen berri ere ematen diegu», azaldu du Ozaitak.
«Herri txiki batean bizitzea oso gauza berezia da. Ez da bakarrik etxe bat eta lursail bat izatea zuretzat, hemen elkarbizitza oso garrantzitsua eta beharrezkoa da. Herri txikietan bizitzeko bertako dinamika ezagutu eta errespetatu egin behar da. Askotan, herri txikietara bizitzera etortzen direnek ez daukate ideiarik herri txiki bat zer den ere», gaineratu du Zubeldiak.
ESKER ON FESTA
Berezia da Baliarrain eta herritarrek egiten dute berezi, komunitatearen motorra olioztatzen dutelako. Hartara, apirilaren 25ean Esker On Festa ospatuko dute. Herrigintzaren alde emandako doako orduek eta boluntario egindako lanak errekonozimendua izango dute Baliarrainen izango den festan. Dotore samar jantzi eta jaia ostatuan herritar guztientzat. Eta, Baliarrainen arraroa den arren, inork ez du txandarik egin beharko.

