«Made in the Basque Country»

Nire adimen artifizialeko agenteak dio: «Euskal Herritik datozen futbol entrenatzaileen kopurua paregabekoa da mundu mailan, Ingalaterrako Ligan batez ere. Arrazoi nagusienak ondorengoak dira: lan kolektiboan enfasia jartzen duen kultura bat da euskaldunena; gazteen garapenean egindako inbertsioa adierazgarria da; eta haien mentalitate lehiakorra aipagarria da baita ere. Euskaldunek futbol modernoan izan duten eragina apartekoa da».
Astearte gaua berezia izan zen Londres iparraldean. Hainbeste desiratutako liga eskuetan zeukan. Maisutasunez: Arsenal, ladies and gents.
Gogoan dut Londresa estreinako aldiz iritsi nintzeneko urtea, Arsenalek partida bakar bat ere galdu gabeko liga hura. Hura izan zen azkenengoz liga irabazi zuten urtea. Duela 22 urte.
Mikel Artetari proiektu bat eman zioten. Prozesuaz askotan aritu da Mikel Arteta. «Denbora bat behar dut, sinetsi prozesuan». Trofeorik irabazi gabe bost urte egon ondoren, ordea, prozesu horretan zuten konfiantza murrizten zihoan hainbat zalerengan. Azkenean, itxaronaldi luze baten ondoren, gau magiko batean, taldearen historiako kapitulu berezi bat idatzi zuen Artetak. Arsene Wengerrek eraikitako estadioan, argiak piztu zituen.
Pasioa eta xehetasun guztietarako jartzen duen obsesioak egin dute berezi Arteta. Zelaira atera aurreko tuneleko estalkia kentzeko eskatu zuen, aldageletatik zelaira salto egin aurreko segundo horietan jokalariek zaleen hotsa entzun zezaten. Agidanez, orduak eta orduak ematen ditu egunero partidak eta jokalariak aztertzen.
Arsenalen garaipenaren gau berean, Andoni Iraolak Bournemouth taldea historian lehenengo aldiz Europako txapelketetara gidatu du. Are gehiago, asteburuan, Txapeldunen Ligarako sarrera lor dezake. Ingalaterrako entrenatzaile hoberenen zakuan dago Iraola.
Asteazken gauean, Aston Villa taldeak Europa Liga irabazi zuen, Unai Emeryren gidaritzapean. Haurtzaroan, Hondarribian, gurasoengandik ikasi zuen erantzukizuna hartzearen garrantzia. Egiten duen gauza orotan, guztia eskaintzea ezinbesteko da Emeryrentzat. «Inork ez du nik baino gehiago lan egiten», esaten du bere buruari buruz. Erantzukizun hori modu pertsonalenean hartzen du. Gehiengoa baino urrats bat aurrerago egoteko, beti. Emeryk hiru minutuko xake partidak telefonoan jolasten ditu egunero; diziplina zorrotzaren oinarri bezala lagungarria zaio.
Xabi Alonsok aste honetan konfirmatu du Chelsea taldearen entrenatzaile kargua hartuko duela.
Lau entrenatzaile euskaldun, historiara pasatu den aste bateko protagonista.

