GAUR8

Martxan dago UEMAk bultzatzen dituen Salto! udalekuen lehen txanda Lea-Artibain

Udalerri euskaldunen mankomunitateak, UEMAk, antolatzen dituen Salto! udalekuen lehen txanda hasi da aste honetan bertan, Lea-Artibain. Ekimenak ardatz nagusi bat du: gazteak euskararen inguruan  kontzientziatzea eta sentsibilizatzea.

Gazte talde bat, Salto! udalekuen iazko edizioan.
Gazte talde bat, Salto! udalekuen iazko edizioan. (UEMA)

Udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere UEMAk, eta lehen txandari ekin diote aste honetan bertan uztailaren 1era arte. Bigarren txanda uztailaren 3tik 11ra izango da.

Aurten ere ibiltaria izango da ekimena, eta Markina-Xemeindik Ondarroarako bidea egingo dute gazteek, eskualdean barrena. Aulestin eta Berriatuan ere pasatuko dituzte zenbait gau.

Txanda bakoitzean 2008. eta 2011. urteen artean jaiotako 60 lagun dira, Hezten aisialdi elkarteko hezitzaileen ardurapean. Aurreko urteetan bezala, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea da udalekuen helburua, UEMAk jakinarazi duenez.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko ‘Hedatu’ hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, LHko, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin.

Udalerri euskaldunak eta arnasguneak giltzarriak direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Lakuako Gobernuaren laguntzarekin.

Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin.

Gazteen arteko sareak, errespetuzko jarrerak...

Lea-Artibai eskualdean barrena izango da aurten udalekua, eta lau herri ezagutuko dituzte gazteek: Markina-Xemein, Aulesti, Berriatua eta Ondarroa, beti ere euskaldun gisa ahalduntzeko UEMAk eta Hezten elkarteak prestatutako egitarauaren baitan.

Ohi bezala, gainera, gazteen arteko sareak sortzen, genero estereotipoei eta rolei aurre egiten dieten berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatzen, eta ibilaldietako eta herrietako baliabideak aprobetxatuz gazteen artean ingurumen eta ekologia kontzientzia barneratzen eta garatzen ere ahaleginduko dira Hezten elkarteko hezitzaileak.

Gazteek beharrezkoa duten guztia bermatuta izango dutenez, ez dute dirurik beharko udalekuan zehar. Era berean, udalekua elkarbizitzaz gozatzeko eta taldearen baitan ongi pasatzeko une ezin hobea dela sinetsita, telefono mugikorrik ez eramatea ere gomendatu zaie parte-hartzaileei.

Udalekuaren berri emateko, aurreko urteetan bezala, Salto! Telegram kanala eta Instagram kontua erabiliko ditu UEMAk, batez ere gazteen etxekoek haien berri izan dezaten. Parte hartzaileek, berriz, behin udalekua amaitzean izango dute kanal eta kontu horietako edukia ikusteko aukera.