
‘Eklipserako atzerako kontaketa’ goiburu duen hitzaldia eskainiko du Javier Armentia astrofisikari ezagunak hilaren 23an Durangon, Hontza Museoak antolatuta. Iruñeko Planetarioaren zuzendari ohiak Kurutzesantu Museoan egongo da, 18.30ean abiatuko den solalsaladian.
Antolatzaileek azpimarratu dute Armentia zientzia dibulgatzaile ezagunenetako bat dela estatu mailan. Gogoratu dutenez, Armentia «astrofisikaria da, eta Iruñeko Planetarioaren zuzendaria izan zen 1990etik 2024ra arte». Gainera, «urte luzez aritu da astronomia eta zientzia oro har herritarrengana hurbiltzen, hitzaldi, argitalpen eta komunikabideetako kolaborazioen bidez».
«Hitzaldian, eguzki eklipseak nola sortzen diren, 2026ko abuztuaren 12ko eklipsea zergatik den hain berezia eta Euskal Herritik zer ikusi ahal izango dugun azalduko da», aurreratu dute edukiez.
Zehaztu dutenez, Armentiak 2027ko eta 2028ko eklipseak ere izango diitu hizpide; «fenomeno horiei esker, Iberiar penintsula eguzki-eklipseak behatzeko toki aparta bihurtuko baita». Horrez gain, eklipseak modu seguruan behatzeko gomendioak emango direla aurreratu dute.
Hontza Museoak argitu du, bestetik, doakoa dela hitzaldia, eta ez dela beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hitzorduaren gaineko beste zertzelada bat eman dute: bertaratzen direnek betaurreko homologatuak erosteko aukera izango dute, eguzki eklipsea modu seguruan behatzeko.


