
Bere irakurleoi, H. G. Wells idazlearen irudimen apartak denboran zeharreko bidaia zoragarri bat egitera eraman gaitu. 1866ko irailaren 21ean jaio zen ameslari honek beste mundu batzuk irudikatu zituen, uharte batean bizi zen zientzialari beldurgarri baten bidez edo Lurra hartu duten estralurtarren inbasio batekin.
Zientzia fikziozko eleberrien aitzindarietako hau kazetaritza lanetan hasi zen. Gero heldu zion fikzioan oinarritutako eleberriei: ‘The Time Machine’ (1895, ‘Denboraren makina’), ‘The Island of Doctor Moreau ’(1896, ‘Moreau doktorearen uhartea’), ‘The Invisible Man’ (1897, ‘Gizon ikusezina’), ‘The War of the Worlds’ (1898, ‘Munduen arteko gerra’) eta ‘The First Men in the Moon’ (1901, ‘Lehen gizakiak Ilargian’).
Egun, film bilakatutako lan zientifiko horiengatik gehiago oroitzen da jendarteari buruzko ideia utopikoengatik baino. Burgesiaren moralaren aurka agertu baitzen ‘The New Machiavelli’ (1911, ‘Machiavelli berria’) eta ‘Boon’ (1915) eleberri kritikoetan; sozialismo erreformatzailearen aldekoa izan zen. Zientzia lanak ere idatzi zituen: ‘The Outline of History’ (1920, ‘Historiaren eskema’) eta ‘The Science of Life’ (1929-1930, ‘Bizitzaren zientzia’), azken hau Aldous Huxleyrekin batera.
Euskarara ekarria izan da. Esaterako, ‘Hormako atea eta beste ipuin batzuk’ liburua euskaraz argitaratu du Elkarrek, Joxe Mari Berasategik itzulita. 1948ko Nazio Batuen Giza Eskubideen Deklarazioan eragin argia izan zuen egile honen «igarkizun eta kezken erakusgarri eder bat» da, «arin irakurri eta gozatzeko modukoa», Berasategiren hitzetan.
