GAUR8

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean

Datorren martxoaren 27an 88 urte beteko lituzke Lurdes Iriondok. Gazte hil zen, bizitza erabat zeharkatu zion bihotzeko eritasun baten ondorioz. Ez Dok Amairu kolektiboaren sortzaileetakoa eta motor garrantzitsua izanagatik, herri memoriak pintura matez jaso du bere arrastoa.

Lurdes Iriondo Urnietako bere etxean 1967an. (Paco MARIN | KUTXATEKA)

Aurten beteko dira 20 urte Lurdes Iriondo pausatu zenetik, abenduaren 27an, hain justu. Datorren martxoaren 27an beteko lituzke Iriondok 88 urte. Gazte samar zendu zen, oso gaztetatik izan baitzuen eritasuna bidelagun. Bihotzeko gaixotasun larri bat diagnostikatu zioten 20 urte zituela, eta horrek bere pausajea baldintzatu zuen. Baina bizitza bete-betea izan zuen, bai barrura begira eta bai kanporantz. Ez Dok Amairu (1965-1972) kultur mugimendu abangoardistaren sortzaileetako bat izan, bertako izar distiratsuena eta nabarmenena une askotan. Baina hil zenetik 20 urte beteko diren honetan, bistakoa da bere ibilbidea pintura matez dagoela jasoa, izan zen sortzaile eta ekintzaile hartatik nahiko urrun.

Jon Martin Etxebestek “Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa” liburua ondu du Lakuako Gobernuaren Berdintzen Bildumaren barruan. Lanaren abiapuntua, honako ustea: «Euskal jendarteak Iriondo ez duela Ez Dok Amairuko beste kide batzuen maila berean gogoratzen». Izan ere, kolektiboko kide guztien memoria ez da berdin zahartu. Martinek liburuan jasotzen duenez, «haietako zenbaiten izenak solidotu egin dira denboraren hoztasunari esker; baina beste zenbaiten izenak, mugimendurako funtsezkoak izan arren, lurruntzen hasita daude». Horixe da Iriondoren kasua, ahots gozoz eta mezu indartsuz, euskal belarriak gozatu zituen. Estatuko diskoetxeek ere eskaintza interesgarriak egin zizkioten, baina egungo memorian lanbroa da bere irudia eta askotan Xabier Leteren emazte bezala bakarrik gogoratzen da. «Bistan da memoriak ez diola justiziarik egin Urnietako kantariari», nabarmendu du Martinek. Hartara, Iriondoren inguruan argitaratuak dauden biografiak errepasatuta, gordailuetako bibliografia miatuta eta urnietarra ezagutu zutenei elkarrizketak eginda idatzi du Jon Martinek Lurdes Iriondoren biografia berritua.

«Uste dut Lurdes Iriondo izan dela denboraren joana gaizki eraman duen autoreetako bat. Ez da bakarra, Ez Dok Amairuren garaitik gaur egunera autore asko dira desagertu direnak, Julen Lekuona bera ere nik uste inor gutxiren memorian dagoela, eta sorreran oso garrantzitsua izan zen. Baina Iriondorena izan da garrantzi gehien izan duen hutsunea», iritzi dio Martinek.

Izan ere, garaiko kronikei erreparatuta, bistakoa da Iriondo izar distiratsua zela. «Edozein kronikatan Lurdesen izen-abizenak agertuko dira lehen lerroetan. Baina, gero, 70eko hamarkadan, aldaketa bat egon zen eta Lurdes beti Xabier Leteren ondoren aipatua izatera pasatu zen. Askotan, gainera, bere emazte izatearen aipamen esplizituarekin». Sorpasso-a. Hartara, izar izatetik itzal izatera pasatu zen.

OSO UME SORTZAILEA

1937ko martxoaren 27an jaio zen Lurdes Iriondo, Donostian. Bederatzi senideko familia batean hazia, zazpi urte zituela aldatu ziren Urnietara bizitzera. Oso ume sortzailea zen, musikarako gaitasun berezia zuena.

«Garai hartan garrantzitsuagoa izan zitekeen borondatea ahalmena baino. Hainbesterainokoa zen euskal musikan zegoen musika eta letra beharra, non batzuetan ausardia garrantzitsuagoa baitzen. Lurdesen kasuan, bi gauzak zeuden, ausardia eta, gainera, formazioa. Bere familian jabetu ziren bazeukala dohain bat kantatzeko, eta, musika ikasketak ordaintzeko ahalmena ere bazutenez, apustua egin zuten opera ikasketak egin zitzan eta musika irakasleak eduki zitzan. Garai hartan Ez Dok Amairu kolektiboan musikalki jantziena zegoen autorea bera zen».

Iriondo, 1967ko irudi batean. (Paco MARIN / KUTXATEKA)

Martinen ustez, Iriondok taldean zuen arrastoan bada beste faktore bat, askotan aipatzen ez dena. «Adinez, bai Mikel Laboa eta bai Lurdes Iriondo, besteak baino koska bat zaharragoak ziren. Orduan bizitzaren beste eskarmentu bat zeukaten bi pertsona ziren. Ematen baitu denak adinkideak zirela eta batzuetan hamar urteko aldea zeukaten haien artean; 30 urte izan edo 20, desberdina zen».

1964. urtean Andoainen egin zuen bakarkako emanaldi batekin hasi zen pizten bere fama. 1965ean, 50 kantalditik gora egin zituen, eta 1966an, 170 emanaldi. 1967an argitaratu zituen bere lehen bi diskoak Belter diskoetxearekin. Ez Dok Amairu sortu zenean 1965ean, garrantzi berezia izan zuen Iriondok eta taldearen kudeaketaren zama berak hartu zuen hasieran. Lan karga handia zen eta Nekane Oiarbideri pasa zion lan horren erreleboa 1968an.

Oiarbide iritsi aurretik, urnietarrak koaderno batean apuntatzen zituen jaialdi bakoitzeko xehetasunak; halako lekutara joan zirela, nor joan zen entzutera, zenbat pertsona izan ziren, zenbat ordaindu zieten... eta zentsurarekin borrokan ere bera aritzen zen.

«Ez da kasualitatea lan horiek emakume batek egitea eta gero erreleboa beste batek hartzea. Lan horien karga handia zen. Jende askok kontratatu nahi zituen eta jakin behar zuten nor zen kontratatu nahi zituena. Jendeari azaldu behar zitzaion artistek bere lanagatik kobratu egin behar zutela, zenbat kobratu behar zuten, teknikoki baldintza batzuk zeudela, profesionalki eta artistiko bazirela behar batzuk... Horrelako lan pedagogiko bat egin behar zen joan aurretik. Gero, talde guztia libratu eta kudeatu behar zen, eta zentsurako bulegora joan. Kudeaketa lan handia egin behar zen. Prentsan egiten ziren aipamenak jaso...».

Xabier Lete 2006an, Lurdes Iriondoren omenez Urnietan parke bat inauguratu zuten egunean. Atzeko planoan Mikel Laboa ikus daiteke. (Jon URBE / FOKU)

Egunotaraino iritsi zaigun Lurdesen inguruko irudia gozoa, xaloa, suabea da. Ez da ahaztu behar oholtzara igotzen zela, lehen lerrora, toki hori emakumeei ematen ez zitzaien garaian, eta horrek asko esaten du bere izateko moduari buruz.

«Guk bere kantak jaso ditugu, eta bere ahotsa segur aski izan da gaizki zahartzeko faktoreetako bat. Bere kantaerak musika akademikoaren edo klasikoaren kutsua dauka, gozotasun horrekin sartzen zaigu eta gaur egun gozotasun horrekin kantatzea ez da hain ohikoa edo erakargarria. Paradoxikoki, okerrago afinatzen zuten eta tinbre desatseginagoak zituzten pertsonen ahotsak ez dira hain gaizki zahartu, pertsonalizatuak eta identifikagarriak balira bezala zahartu dira. Aldiz, Iriondoren gozotasun hori okerrago zahartu da. Bere irudia ere jaso da nahiko xaloa balitz bezala, baina jendaurrera agertzeko ausardia handia behar da beti, eta garai hartan are gehiago, zentsura kudeatu behar zelako eta oholtzara igo aurretik eta ondoren zeresana emango zuela jakinik ere, behin eta berriz igotzeko hautua egiten zuelako», iritzi dio Martinek.

Iriondo gertutik ezagutu zutenek sortzailea deskribatzeko hautatzen dituzten hitzek gauza asko kontatzen dituzte: askatzailea, kementsua, adoretsua, librea, nortasunduna, sortzailea, leiala, arduratsua, bakartia...

Gertutik ezagutu zuen Nekane Oiarbideren esanean, oso emakume indartsua zen eta edozer gauza gaizki iruditzen bazitzaion garbi adierazten zuen bere aurkakotasuna. Oiarbidek berak sortzaileari egin zaizkion omenaldi batzuen inguruan esandakoa argigarria da: «Hori ez zen Lurdes. Lurdesek zuen letxe txarra eta indarra falta ziren, Lurdes ‘karamelo’ hutsa jarri zuten...».

Bide horretan, interesgarria da Iriondok berak HABE aldizkarirako osatu zuen bere autobiografia, bere istorioa bere erara kontatua. Bere bizitzan garrantzia zeri ematen dion kontatzen du, eta zein argazkirekin gogoratua izan nahi duen ere zehazten du. Argazki horretan Lurdes Iriondo zaldi baten gainean ageri da. Argazki oinean honakoa jartzen du: «Mutikoa nire anaia Jose Mari da. Gizona, berriz, tiro egiten irakatsi zidan ehiztari lagun bat». Argazki hori aukeratu zuen berak bere autobiografiarako, egunotara iritsi den Lurdes Iriondoren iruditik nahiko aparte.

«Ikaragarri gozatu nuen autobiografia hori irakurtzen. Badaude pasarte batzuk irudimenez josiak, eta esanguratsua da berak argazki hori aukeratu izana. Mezua da ‘zaldi gainean nago eta tiro egiten badakit’. Gainera, autobiografia horretan esaten du ‘nik mutila izan nahi nuen’. Zaila da ikertzen, baina hausnarketarako gaia da. Esaldi solte bat da», esan du Martinek.

HILTZEN DIREN HAURRAK

Iriondoren autobiografian badira arreta ematen duten kontuak. Bihotzeko eritasun larri bat zeukan, oso gaztetatik barneratu zuen hiltzeko arriskua aldean eraman beharko zuela, eta soseguz hitz egiten zuen heriotzaz. Hil hurren zegoela, horrela esan omen zion Xabier Leteri: «Nekatuta nago eta ni banoa, Xabier. Baina zuk segi aurrera. Zer esan eder asko daukazu eta segi idazten, Xabier».

Bizitza laburra izan zezakeela bazekien, eta bere buruan ez omen zegoen maitemintzea eta ezkontzea, garaiko jendarteak emakumeentzat aurreikusi ohi zuen bide ohikoena. Ustekabean harrapatu zuen maiteminak. «Esaten dute denak zeudela maiteminduta Lurdes Iriondorekin; Ez dok Amairu barruan ere bat baino gehiago, eta handik kanpo beste asko. Aukera asko zituen. Bera Xabier Leterekin maitemindu zen».

Lurdes Iriondo Donostiako Trinitate Plazako kontzertu batean, 1971n. (Arturo DELGADO / KUTXATEKA)

Lurdes Iriondo haurdun geratu zen 1968an. Ezkontzatik kanpo geratu zen haurdun, eta zalaparta sortu zen bere etxean. Bere bihotzeko eritasun kronikoa tarteko, oso babestuta zeukaten etxekoek Lurdes, eta ez zuten ondo hartu haurdunaldiaren albistea. Medikuek haurdunaldia eteteko eskatu zioten, bere bizitza arriskuan jartzen ari zelako. Baina Iriondok aurrera egitea erabaki zuen. Zazpi hilabeteren ondoren, haurra galdu egin zuen.

Aurretik aipatutako autobiografian, familiaren aipamen oso hunkigarria egiten du Iriondok. Anai-arrebak aipatzerakoan, erditzean edo lehen unean hildako haurrak ere kontatu egiten zituen. «Berak haurra galdu eta gero, oso garbi zeukan hildako haurrek ere kontatu egiten dutela eta bizitza osoan akonpainatzen gaituztela», nabarmendu du Martinek.

Bide berean, Leteren Seaska kantari beste geruza batzuk sumatzen zaizkio datu hori jakin ondoren. «Leteren tesia egiten hasi nintzenean, ezohiko arretaz begiratzen hasi nintzen letrak. Konturatu nintzen ez dagoela koherentziarik pertsonari dagokionez. Pertsona aldaketa oso bortitzak ematen ditu abestian. Oso enigmatikoa iruditzen zait abestia, eta badakigu datek kointziditu egiten dutela», azaldu du Martinek. «Garrantzitsua zen datu hau bere biografia eraikitzeko, bere tristuraren parte bat ulertzeko».

EUSKARAREN BULTZATZAILE SUTSUA

Lurdes Iriondok hizkuntzaren eta kulturaren alde egin zuen borroka lausotu egin du denborak. Gurasoak euskaldunak ziren arren, ez zieten euskara eman seme-alabei, “pobreen hizkuntza” zelakoan. Lurdes Iriondok, berriz, euskara eta euskararen aldeko grina oso barruan zeukan.

«Gehien harritu nauena edo garrantzi handiena duen gauzetako bat horixe dela uste dut: euskarari egindako ekarpena. Batetik, euskara berreskuratzeko ahalegin hori. Eta horren kausa jakiteko gogoz geratu naiz, bere ahizpek ez dakite eta ez zioten galdetu. Eta behin ikasi eta gero, euskararen alde jarduteko etengabeko gogoa. Jabetu eta berehala hasi zen ikastolen aldeko ekimenetan, eta gero pertsona asko inspiratu ditu euskara ikasteko. Gorka Knorri egindako elkarrizketa batean esaten du Katalunian zegoela Ez Dok Amairukoek bisita bat egin ziotela, eta Lurdesek konbentzituta ikasi zuela euskara berak. Eta zenbat pertsonek ikasi ote duten euskaraz Lurdesi esker; batetik, eredu bezala eduki zutelako, eta bestetik, konbentzitu egin zituelako ikasteko. Horrez gain, berak egindako materialari esker zenbatek hobetu ote duten beren euskara», nabarmendu du Martinek.

Plaza publikotik apartatu zen Iriondo eta plaza pribatuagoan jardun zuen, euskara eta kultura iparrorratz beti. Urnietan, bere herrian, lan handia egin zuen haurrekin. Plastikako irakasle izan zen -oso abila omen zen eskulanetan-, eta antzerkigintzan ere murgildu zen. Haurrekin ez ezik, emakumeekin ere lan garrantzitsua egin zuen. Urnietara bizitzera etorri ziren familia ugari Galiziatik, Extremaduratik, Badajozetik, Palentziatik... Elizaren inguruan abesbatza bat sortu zen, eta dantza eta antzerki talde batean ere bazebilen Iriondo. Kanpotik etorritako emakume horiek erakarri zituen talde horietara.

«Gaur egun puri-purian dagoen migranteen gaiarekin ere abangoardia izan zela esango nuke. Bere gain hartu zezakeen karga bat hartu zuen; bere herriko emakume etorkinei euskara euskal kulturaren bitartez erakusteko ahalegina. Oso gaur egungo ekintza da. Emakumeak ahaldundu zituen, espazio seguru bat sortu eta euskal kultura eman modu terapeutiko batean. Euskal kultura integraziorako tresna bezala», esan du Martinek.

Jon Martin Etxebeste, «Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa» liburuaren egilea. (Maialen ANDRES / FOKU)

«Intentzioak edo motibazioak zeintzuk diren jakitea, berari galdetu gabe, zaila da. Azkenean, berak bere eskuetan zegoena egin egiten zuen; artista bezala egin zuen ahal izan zuenean, eta horretarako indarrik ez zeukanean -osasunagatik edo sumatzen zuelako bere funtzio hori gutxitu egin zela edo beste batzuek hartu zutela erreleboa-, beste toki batzuetatik. Esango nuke zaurgarritasunaren maila pila bat jorratu zituela; lehendabizi euskara eta euskaldunak. Trantsizioa iritsi zenean, emakumeak eta haurrak. Haurrak ere gure jendartean beste katebegi zapaldu bat dira. Beti zeren alde borrokatu eta aritu aurkitzen zuen. Kausa zapalduak eta, aldi berean, irisgarriak, utopia baino pixka bat gertuagokoak. ‘Nik zer egin dezaket’, galdetzen zion bere buruari». Ez omen zen hitz askoko emakumea, azalpenak eman zalea. Baina ekintzailea bazen; esan baino, egin egiten zuen.

Ertz horretatik uler daiteke Haur Hezkuntzarako sortu zuen materiala ere. «Ikastolen sorreraren garaia zen, materialik ez zegoen. Berak sortzeko gaitasuna zeukan eta sortu egin zuen, bere bizitzako koherentzia horrekin. Hutsuneak ikusi, detektatu eta bete. Ekintzailea eta pragmatikoa zen. Ekarpen handia egin zuen alor horretan ere».

HERIOTZAREN MARRA

Osasun arazoek toki handia hartu zuten Xabier Leteren eta Lurdes Iriondoren bizitzetan. Batzuetan bat zegoen gaixo, beste batzuetan bestea, eta askotan, biak. Heriotzaren marra gertu sumatzen zuten etengabe biek.

«Gaixo dagoen pertsona bat beti dago bestaldean, eta horrek erabat markatzen du gaixo dagoenaren etika bera. Besteen sufrimenduarekin konektatzeko beste enpatia bat garatzen du. Nik uste dut erabat eragingo ziela, elkar galtzeko beldurra oso presente izan zuten bizitza guztian zehar. Eta benetan egon ziren arriskuan biak. Xabier Leteri berari oliodurak eman zizkioten gaixo zegoen bitartean, ez zutelako uste esnatuko zenik. Horrelako mirari txikiak ere gertatu ziren, Leteren kasuan. Hiltzeko prest beti, baina bizitzeko gogoz».

BIDE KOLEKTIBOAREN ALDE

«Lurdes Iriondo izar nagusia izanik, hasieratik bakarkako bideari ekin izan balio eta gaztelaniaz pare bat abesti kantatu izan balitu, lasai asko egon zitekeen ‘Eurovision’ lehiaketan kantatzen. Nahi izan balu, berak bide hori hartu izan balu. Ikasketak zituen, gaztelaniaz ondo moldatzen zen, Espainiako diskoetxeak bera entzutera espresuki etortzen ziren. Baina berak uko egin zion horri. Berak nahi izan balu beste proiekzio bat izan zezakeen. Besteek ere urte batzuetan uko hori egin zuten, Ez Dok Amairuko denek praktikatu zuten».

Prekarizazioa eta euskal kultur sortzaileen baldintzak ere oso presente zeuzkan Iriondok. «Gaur egun Lanarteak egiten dituen adierazpen asko Lurdes Iriondok egin zituen bere garaian. Penagarria dena da ez dugula ia ezer konpondu. Hor ere, berak ez zuen diru hori beretzat eskatzen, kolektiboarentzat eskatzen zuen. Kontzientzia hori bazeukan».

Lurdes Iriondoren memoria lausotu egin du denborak. Askotan esan izan da Iriondo umila zela eta ez lukeela pozik hartuko distira gehiegizko omenaldirik, aitortzarik. «Niretzat, kasu horretan, herri batek daukan zorra artistaren borondatearen gainetik jarri behar da. Artistaren estiloa errespetatu behar da, koherentzia artistikoa mantendu behar da. Baina utzikeria ez. Lurdes Iriondo itzaleratu egin da inongo erakunde publikok ez duelako bere gain hartu bere memoria, bere ondorengoek ez dutelako jarraitu bere musika eta obrei zabalkundea ematen, eta akademian eta material didaktikoetan bere izena ez dugulako jaso materialgileek. Haurrak hezkuntza sistematik atera dira Lurdes Iriondo nor zen jakin gabe. Ez dago estrategia orkestraturik, gehiago da inertziak eta utzikeriak eragin duten egoera bat. 20. urteurrena datorren honetan, zor historikoa kitatzeko garaia izan daiteke», amaitu du Jon Martin Etxebestek.