2025 MAI. 08 - 00:00h Leon Degrelle naziaren hegazkina Kontxara iritsi zen duela 80 urte 1945eko maiatzaren 8an, Bigarren Mundu Gerraren azken egunean, hegazkin aleman bat erori zen Donostian. Horren barruan Leon Degrelle buruzagi nazia zihoan: 2.150 kilometro egin ondoren, gasolina bukatu eta Kontxako hondartzan lurreratu zen. Nola ez, erregimen frankistak babes eman zion. Leon Degrelleren irudi historikoa. (Photo Carte | Kutxateka ) Amaia Ereñaga Orain 80 urte. Leon Degrelle buruzagi naziak, Alemaniako Waffen-SS indarrei atxikitako Valonia Legioa atzerriko unitateko ofizial belgikarrak, Oslotik ihes egin zuen Heinkel 111 bonbaketari batean (Gernikako bonbardaketan erabili zuten modelo berekoa). 2.150 kilometro egin ondoren, gasolina bukatu zitzaion eta Donostiako Kontxako hondartzan lurreratu zen. Belgikan heriotza zigorra ezarri zioten urte berean gerra kriminala izateagatik eta erregimen naziarekin kolaboratzeagatik, baina Francok uko egin zion haren estradizioari. 1994an hil zen, Malagan. GAUR8n bertan, hau irakurri ahal izan genion Juantxo Egaña argazkilariari: «Argazkia Vicente Martin gazte donostiarrak egin zuen. Agustina Zugasti bere amarekin Fotocar argazki denda gobernatzen zuen. Donostiako Easo kalean zilar-lantegi bat zuen Satosteguik, argazki zalea hura ere, elkarrizketa batean gogora zekarrenez, tailerrean zegoela, Kontxako hondartzatik oso hurbil, burrunba handia entzun eta korrika irten zen bere argazki kamera aldean, eta Leon Degrelleren hegazkinaren zenbait argazki egin zituen». Argazki haietatik tiraka, Alfonso AndrEs eta Javier Barajasek ‘Una esvastica sobre el Bidasoa’ dokumentala osatu zuten 2013an, Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan zena. Euskadiko Filmategian ‘Im lande dem Basken’ film labur alemana aurkitu zuten, 12 minutu eskaseko iraupena zuena, eta Bigarren Mundu Gerran egindakoa. Zuzendariak Herbert Brieger zuen izena. Bertan argi ikusten zenez, naziek interes berezia zuten gure herrian. Nonbait, Euskal Herriak zituen kultura eta arraza ezaugarriak interes handikoak baitziren nazientzat, eta haien asmoetako bat euskaldunekin aliantza bat egitea omen zen.