2025 MAI. 10 - 00:00h Horrelako lagunekin nik ere bai Krabelinen Iraultza oroitzeko manifestazioa Porto hirian. (David OLIVEIRA | EUROPA PRESS) Gorka ETXEBARRIA DUEÑAS Iruditzen zait urtero gogoratzen garela Krabelinen Iraultzarekin, apirilaren 25ean, baina ez diogula merezi duen garrantzirik eskaintzen. Euskal Herrian ilusioa eta esperantza sortu zituen, Francoren heriotza hurbil sentitzen baitzen. Portugalek erakusten zuen bazegoela aukera, II. Mundu Gerraren ostean gobernu faxistak izan zituzten herrialdeetan bezala, apurketa demokratikoa gauzatzeko eta koalizio antifaxista zabalekin legedi berriak eraikitzeko. Baina ilusioa sor zezakeen bezala, beldurra ere sortu zuen Portugalgo iraultzak. Badirudi Kissinger jokoz kanpo harrapatu zuela eta, erreakzionatzeko denborarik ezean, pentsatu zuela Portugalen komunistak boterera iristen baziren, NATOren kohesioa eta antikomunismoa indartuko zirela. Sobietar agintariek, aldiz, ez omen zuten inolako interesik Europako status quo geopolitikoa aldatzeko eta, Espainiako kasuan bezala, ez zituzten indar antifaxistak babestu. Benetan Portugalen bustitzea erabaki zuena Alemaniako Errepublika Federala izan zen, eta bertan agintean zegoen SPD sozialdemokrata. Aspalditik nuen zeharka begiratzen ditudan liburuen itxaron zerrenda amaigabe horretan Antonio Muñoz Sanchez historialariaren “El amigo aleman”. Luze eta zabal SPDren parte hartzea aztertzen duena Espainiako trantsizioan. Azken egunetan topatu dudan jende guztiari kontatu diot ikasi dudanaren berri, zantzuak banituen arren, ez bainuen uste alemaniar artxiboetan halako informazio detailaturik egongo zenik. Kontua da 1975ean Portugalen komunisten eta militarren zati baten arteko aliantza indartu zela eta iraultzak ezkerrerantz sakonduko zuela zirudiela. Horrela, Alemaniako gobernuak interbenitzea erabaki zuen. Aholkulariak bidali zituzten Portugalera eta Mario Soaresen Alderdi Sozialistaren kanpaina finantzatu eta diseinatu zuten. Aldi berean, Espainian, Felipe Gonzalezen PSOErekiko babesa antolatzea erabaki zuten, komunistek oposizio antifrankistan lortu zuten eragina finkatuko zenaren beldur. 1976ko hasieran Friedrich Ebert fundazioak bulegoa ireki zuen Madrilen, Fragaren baimenarekin. Orduan bi liberatu zituen PSOEk Espainia osorako. Berehala hogeita zazpi pertsonako taldea formatu zuten eta probintzia guztietan bulegoak ireki zituzten. Alemaniarrek ordaindu zituzten, 1977ko hauteskundeak arte, PSOEren bulego guztien alokairuak, bertako liberatu eta idazkarien soldatak, propagandara bideratutako talde zabala, eta baita telefono fakturak ere. Ikusirik UGT ez zela gai komunistei eta ezker iraultzaileari lotutako langile batzordeen indarra zalantzan jartzeko, PSOEren sindikatuaren finantzazioa ere antolatu zuten, Suarezen gobernuarekin adostuta. Hilabete gutxitan, PSOEk eta UGTk frankismoko urte luzeetan izan ez zuten indarra hartu zuten eta bi urte lehenago inork uste ez zuen lehentasuna eskuratu zuten. Horren berri zehatza izateak gogoa sortu dit ikertzeko, ganoraz aztertu beharrekoa baita nola gertatu zen antzeko zerbait Euskal Herrian, EAJrekin eta ELA sindikatuarekin. Baina oraingoz informazio handirik ez dudanez, hori beste baterako utziko dut. •