2025 MAI. 17 - 00:00h Aurrez fabrikatu Nakagin dorrea, organizismoaren eredua eta aurrefabrikazioaren mugarria. Gilen TXINTXURRETA BEITIA - @GilenTxintxu Aurrefabrikazioa modan dago. Gabon bezperan tertuliak betetzeko egiten diren “urteko hitzen” zerrendan agertuko ez den arren, hemendik aurrera aurrefabrikazioan oinarrituko omen da euskal etxegintza. Bada zerbait! Apiril bukaeran Fescomad eraikuntzaren feria ospatu zen Madrilen, eta bertan, Pedro Sanchezek berak, eraikuntzaren sektorean aurrefabrikazioa indartu beharra azpimarratu zuen. Erregea baino erregetiarragoak garela erakusteko edo, Eusko Jaurlaritzak 2036 urterako promozio publikoen %65ek elementu aurrefabrikatuak izango dituztela esan du eta “Industrializazioaren liburu zuria” delakoa argitaratu du. Adreilu bat industrializatutako elementu bat dela gogoraraziz eta baieztapen hauek daukaten anbiguotasuna seinalatuz, ulertzen dena da etxebizitzaren eraikuntza kostuen garestitzearen aurrean, industrializazioaren bidetik prezioen merkatzea bilatzen dela. Etxebizitzaren afera eztabaida publikoaren erdigunean kokatu denetik, gure agintariek noizbehinka “neurri iraultzaileak” planteatzeko ohitura hartu dute. Lehen mahai kolpea 2015eko Etxebizitza Legearekin eman nahi izan zen. Orduan alokairu eskasia zen leloa, eta erabakia izan zen bizitegi babestu publiko berri guztiak alokairura bideratzea eta hau sustatzeko dirulaguntzak ematea. Alokairu babestua izugarri beharrezkoa dela argi utziz, neurriak gogoeta baino propaganda gehiago zuela esan daiteke. Bizitegi parke orekatu batek mota eta kalifikazio ezberdineko tipologien nahasketa behar du, eta esfortzu publiko guztia alokairura bideratzeak beste behar batzuk dituzten gizartearen sektoreak merkatu librearen atzaparretan uzten ditu. Hala adierazi du duela gutxi Javier Buron Nasuvinsako zuzendariak (Etxebizitza Sailburuorde izan zen Eusko Jaurlaritzan), nafar modeloaren eta EAEko modeloaren arteko ezberdintasunez jardutean. Orain, bizitegi babestuak ez egotearen errua eraikuntza kostuena omen da. Eraikuntza kostuak igo direla egia bada ere, igoera hau egonkorra izan da azken 30 urteetan (adreiluaren burbuilaren eztanda eta Ukrainako gerra salbuetsiz), eta konpentsatzen joaten da. Industrializazioak abantaila ugari ditu: eraikuntza azkartzen du, akatsak murrizten dira eta eskulan merke gutxiago eta tekniko gehiago behar da. Honek denbora aurreztea dakar nagusiki, baina proiektuen “klonazioaren” arriskua ere badu. Dena berdin, dena pertsona berberek eta proiektu berdina edonon egitea ekar dezake, arkitekturak izan behar duen genius loci-a, lekuari egokitzea, galduz. Etorkizunera begira, «etxebizitzaren premiazko neurri» delako lege paketea onartuko da laster. Teorian etxebizitzak eraikitzea erraztera bideratutako neurri sorta bat da, etxebizitza eta lurzoru legeetan aldaketak dakartzana. Baina ondorio nagusia da hiri antolakuntzan legez ezarritako etxebizitza babestu kopurua murriztuko duela. Logika erraza da: bizitegi babestuak eraikitzea ez da horren errentagarria promotoreentzat eta, beraz, ez dituzte eraikitzen. Bizitegi babestu gutxiago eta libre gehiagorekin operazioek aurrera egin dezakete. Baina inon ez da aipatzen operazio urbanistikoak bideragarri ez izatearen arazo nagusia lurzoruaren prezioan dagoela ia beti, eta, horretan esku hartzeko administrazio publikoen eskumena itzela izanik ere (desjabetzeko gaitasuna da argiena), nahiago dute negozioaren parte izan. Loiolako Kuartelak, 76 milioi euro. Laburbilduz, kostuak murriztu eta etekinak handitu. Hau dena aitzakia bat da. Gustave Eiffel, Auguste Perret, Le Corbusier, Kurokawa, Shigeru Ban… Industrializazioaren jatorritik gaur egun arte baliatu den arkitekturak industriaren berrikuntzez eta eraikuntza epeak azkartzeko balio izan badu ere, etxebizitzaren auzia, Marx eta Engels-ek ondo azaldu zuten moduan, sistema kapitalistaren baitan konpontzea ezinezkoa da. Puntu honetara iritsita, gogoratu beharra dago eztabaida honen guztiaren jatorrian promotoreak beraiek daudela. Lurzoruaren jabe diren, plangintza diseinatzen duten eta eraikuntza enpresak kontrolatzen dituzten promotore berak dira Eusko Jaurlaritza puntuz puntu jarraitzen ari den etxebizitza politikak aurrez fabrikatu dituztenak. Etxebizitzaren gaineko eztabaidan norabide argirik gabe, momentuko haizeari jarraiki ematen diren lema kolpeen modura aldatzen dira diskurtsoak. Arazo nagusia, oraingoan lema arerioari emana diogula. •