GAUR8

Beharsarea.eus, euskarazko lana bilatu eta eskaintzeko taula digitala

Euskara eskolak eman, umeak eskolara eraman edota entrenatzaile gisa aritzeko iragarkiak biltzen ditu Beharsarea.eus atari bizkaitarrak; foro bat da, non lana aurkitzeko eta langile euskaldunak kontratatzeko aski den iragarkia jartzea.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Beren burua lan egiteko eskaintzen duten euskaldunak eta langile euskaldunak bilatzen dituzten enpresa eta partikularrak harremanetan jartzeko tresna da Beharsarea.eus ataria proiektu bizkaitarra. 2011n Getxon sortua, une honetan bost udalerritan dago martxan foro digital hori; espazio bat bereziki interesgarria gazteentzat, lantxo bat aurkitze aldera, gehienak lanaldi txikikoak izaten baitira. Baina tresna erabilgarria izan daiteke familientzat eta aisialdiko eskaintzan aritzen diren elkarteentzat, kirol klubentzat edo merkataritza eta ostalaritza bezalako sektoreentzat ere, lanerako behar dituzten euskal hiztun horiengana jotzeko aukera sortzen baitu. Arlo horietara zuzenduta, gainera, kanpaina bereziak egingo dituzte.

Hamalau urte inguru bete ditu Getxoko Udalak eta Egizu Euskara Elkarteak martxan jarritako proiektuak. Finean, espazio digital bat da, non jendeak bere burua lan egiteko eskaintzen duen eta, aldi berean, euskaraz dakiten langileak behar dituenak hautagaiak aurki ditzakeen era erraz batean. Une honetan, Bizkaiko bost udalerri handi (biztanle kopuruari dagokionez) ari dira proiektua baliatzen. Berez, Bizkaiko udal guztiek dute egitasmoan parte hartzeko aukera; baina, dirudienez, Beharsarea herri handietan izaten ari da erabilera handiago bat, eta horren arrazoia izan daiteke jendeak elkar ezagutzeko zailtasun handiagoak dituela hirigune handietan.

Zerbitzua doakoa da eta Alkarbide Bizkaiko udal eta mankomunitateen euskara zerbitzuen topagunetik bideratzen dute. Zehaztu dutenez, urtero eskaintzen zaie herrialdeko udalei, eta hauek dituzten helburu, estrategia, interes edo izan ditzaketen baliabideen arabera aukeratzen dute proiektuarekin bat egin ala ez. Esan bezala, bost dira egun egitasmoarekin bat egin duten udalerriak: proiektuaren sortzaile izan zen Getxo bera, hasieratik hona egitasmoan egon den udalerria, gehi Basauri, Galdakao, Leioa eta Erandio.

Doako zerbitzua da Beharsareak eskaintzen duena, eta, gainera, erabiltzaileek ez dute plataforman izena emateko beharrik, «e-posta helbidea ematea nahikoa da, erantzunak bide horretan jasotzeko». Bi baldintza nabarmentzen ditu, alabaina: lanak euskaraz egitea eta lanak baldintza duinetan egitea». Gogorarazten duenez, «Beharsareak bitartekaritza lana eskaintzen du euskarazko lanak eskaintzen dituzten pertsonen eta lan mota horiek egin nahi dituztenen artean. Bere eginkizuna bidalitako iragarkiak argitaratzea da, eta interesatutako erabiltzaileen arteko harremanetarako bidea izatera mugatzen da». Kontratazio gida ere eskaintzen du atariak, kontratazioak legez araututa daudela gogoratuz.

«NESKA EUSKALDUNA BEHAR DUGU»

Zuzenean Interneteko bilatzailera joan eta “beharsarea.eus” atariko azken iragarkietara jo du GAUR8k, zerbitzuari zer-nolako erabilera egiten zaion ikusteko. «Neska euskalduna behar dugu uztailerako» jartzen du mezu berrienen artean. Areetan bizi den familia baten iragarkia da, alaba txikiak zaintzeko pertsona bat bilatzen dute.

Aisialdirako begirale gisa aritzeko jarri du mezua beste erabiltzaile batek, eta semeak autobus geltokiraino laguntzeko pertsona bat behar duen beste iragarle bat dago, besteak beste. Gehienak umeen zaintzan, euskara eskolak ematen edo eskola errefortzurako laguntzan lan egiteko iragarkiak dira.

«Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen du, Alkarbide udal euskara zerbitzuen bilgunea da eta udalekin bitartekari lana egiten du», kokatu dute egitasmoaren eskema Amaia Goikoetxea eta Mirari Erkiaga Alkarbideko teknikariek GAUR8rekin izandako solasaldian.

Ataria, berez, lau atal nagusitan banatuta dago: “Jendea behar dut” izeneko bat, non iragarkia jartzeko laguntza teknikoa ere ematen den; “Lana behar dut” beste karpeta batean, eta “Eskaintzak bilatu” izeneko hirugarren bat, lan egiteko datuak ematen dituzten iragarle guztiak biltzen dituena. Beste atal batean udalerria zehazteko aukera dago.

Goikoetxea eta Erkiaga egitasmoari atxiki diren udalekin elkarlanean aritu dira azken urteetan. Erabiltzaileen profilari dagokionez, haurren zaintzaileak, euskara irakasleak eta aisialdiko begiraleak dira jarduera errepikatuenak erabiltzaileen artean. Langileak bilatzen dituztenen artean, familiak, partikularrak, entrenatzaileak bilatzen dituzten kirol taldeak eta aisialdi taldeak aipatzen dituzte. Azken jarduera horiekin lotuta, egun eskolaz kanpoko jardueretan euskararen erabilera gehiago zaintzen dela diote, horren arabera ematen baitira dirulaguntzak ere, eta atariak hori bermatzen du.

Maria Fernandez Basauriko Euskara arloko zinegotzia, irudian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Eskaintzen diren lanpostuen ezaugarriei erreparatuta, bistakoa da atariak interes berezi bat izan dezakeela ikasle gazteentzat, kasu gehienetan lanaldi txikiko lanpostuak izaten baitira eskatu eta eskaintzen direnak. «Batxilergoan edo Unibertsitatean hasi berriak diren ikasleak izan daitezke agian uda garaian lan egiteko aukera gehiago izaten dutenak, zeren, azkenean, epe laburrerako lanak dira», dio Erkiagak.

Goikoetxeak gaineratzen duenez, kontuan hartu behar da, gainera, «asko izaten direla egun batetik bestera sortzen diren lanak, eta horrek aldakortasun puntu bat du». Dioenez, tresnaren aldeko elementu bat da hori. Foro zabalago batzuetan zailagoa izan daiteke behar den profila aurkitzea eta gertu izatea. Beharsarean, aldiz, herri zehatz batean kokatzeko aukera ematen du, eta horrek bilaketa errazten duela azpimarratu dute.

BASAURIKO ESPERIENTZIA

Maria Fernandez Euskara zinegotzia da Basaurin. Udalerrian izan duten esperientzia partekatu du GAUR8rekin. Azaldu duenez, Beharsareak egiten duen «zubi lan» edo «harremanetan jartze» horrek garrantzi handia du Basauri bezalako udalerri handi batean, eta batez ere, “lana behar dut” atalean jarri du fokua, gazteen parte hartze handia kontuan hartuz.

Herrian «orain arte gehienbat eskola partikularrak emateko erabili da. Jendeak eskolak emateko eskaintzen du bere burua eta gurasoek partikularrak emateko edo umeak zaintzeko eskatzen dute jendea», dio Fernandezek, herrian ikusi duten erabilera nagusiaren inguruan. Garaiaren arabera, gainera, beharrak ezberdinak dira. Une honetan, adibidez, udalekuetara begira eskaera handiagoa izaten da begiraleen atalean. Basaurin, enpresen erabilera indartu nahi dute bereziki, eta horretara bideratuta daude kanpaina berriak, tresna erabiltzera «animatu eta bultzatzeko».

Fernandezen esanetan, «zerbitzu eraginkor» bat ematen saiatzen dira. «Esan nahi diogu, alde batetik, lanean hasten den gazte horri hemen aukera duela euskaraz lan egiteko; eta enpresei, elkarteei eta herritar guztiei, ‘aizu! hemen ere badago jende euskalduna’. Gainera, Basauri bezalako herri batean, zoritxarrez, euskara ez da asko entzuten kalean». Gogora ekarri du duela urte batzuk umeak zaintzeko pertsona euskaldun bat bilatzeko udaletxera jo behar izaten zutela, baina zailtasun handiak egon zitezkeela bilaketa aukera bakarra lagunen eta ezagunen artean galdetzera mugatzen bazen.

HERRIKO JENDEA KONTRATATZEA

Argitu duenez, zerbitzu baten lizitazioa hartu duen enpresak askatasun osoa du kontratazioak egiteko orduan, baina «normalean nahiago izaten dute herriko jendea izatea», eta bide hori errazten du atariak. Gaztelekuaren zerbitzua aipatu du Fernandezek adibide gisa: «Gaztelekuan lan egiten duen enpresak begiraleak behar izanez gero, enpresa horiei esan ahal diegu ‘sar zaitezte hemen edo iragarki bat jarri’, lan poltsa bat dagoelako; eta berdin merkataritzan edo ostalaritzan, honen bidez posible da jende euskalduna topatzea». Gaineratu duenez, enpresentzako «abantaila» da herriko jendea aurkitu ahal izatea.

Aurten berrikuntza batzuk egin dituzte atarian, erabilgarritasuna hobetzeko, eta horretarako une ezberdinetan sektore zehatzetara jotzen duten kanpaina bereziak jarri dituzte martxan. Lan poltsen arabera antolatu dute ataria, “Umeen zaintza eta eskola laguntza”, “Begiraleak eta entrenatzaileak” eta “Merkataritza eta ostalaritza” lan arloak desberdinduz. «Laugarren bat sortu genuen bere kanpainarik izango ez duena, baina, lehen esan dizudan bezala tarteka euskara eskolen eta euskaltegien inguruko eskaintzak sartzen direnez, laugarren hori sortu zen», azaldu du Amaia Goikoetxeak.

Erkiaga eta Goikoetxea Bizkaiko udalekin koordinatzen dira Beharsarea.eus proiektuaren inguruan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Aurten, lehen aldiz, hiru kanpaina diseinatu dituzte atariaren zabalpena egiteko. Begiraleen eta entrenatzaileen kontrataziorako izan da lehena, martxo aldean abian jarri zena. Bigarren kanpaina irailean zabalduko dute, ume zaintzaileen eta eskola partikularren inguruko eskaintzei bideratuta. «Aurrekoak bezala, lan poltsa horrek bere euskarriak eta estrategiak izango ditu sare sozialetan», zehaztu dutenez. Laugarren ekimen bat egongo da gabonei begira, eta hori merkataritza eta ostalaritza sektoreetara egongo da zuzenduta. Aurten «saiakera berezi bat» egin nahi izan dute gaika, «pixka bat zerbitzua antolatzeko, garai bakoitzak zer eskatzen duen eta beharrak noiz eta non egon litezkeen kontuan izanda».

Etorkizunera begirako erronkei dagokienez, printzipioz aurtengo kanpaina hauen balorazioa egin beharko dela diote teknikariek, «zelan funtzionatu duten ikusi eta horren arabera erabakitzeko». Zabalpenerako, ekimen hauek dituzten emaitzak aztertu nahi dituzte, «ea eraginkortasuna duten, ea heltzen diren, zeren euskara teknikariek badute informazioa, baina batez ere herrira heltzen den, zer-nolako bisualizazioa izan duten, nolako eskaintzak sortzen diren... Gustatuko litzaiguke datu horiek izatea, hurrengo kanpainaren estrategia definitzen hasi aurretik», azaldu du Mirari Erkiagak.

Goikoetxeak sare sozialetan duten eraginean jarri du azpimarra bereziki. Iragarki bat sartzen den aldiro sareetara eramaten da informazio hori. «Azkenean, ahalik eta publiko zabalenera heltzea da helburua. Udalaren webgunean jartzea ondo dago, baina udal bateko gazte bat ez da sartuko kuriositatez webgune hori ikustera. Dioenez, sare sozialak, kartelak, biniloak... sarbide zuzenak izan daitezke kasu askotan.

Euskarazko lanpostuen erakusleiho horrek erabilera ahulago bat du merkataritzan, iragarki gutxiago izaten baitu arlo horrek. «Tarteka sartzen da zerbait. Ikusiko dugu gabonetan zelan funtzionatzen duen, baina beharrak eragin egiten du, eta lanpostu horietan ez dago euskararen beharrik, zoritxarrez». «Erabilera handiagoa ikusten da familietan, motibazio, sentsibilizazio edo ohiturari lotua, eta merkataritzan beharrizana egon daiteke, baina ez da lehentasuna, azaldu dutenez.