2025 EKA. 21 - 00:00h Martzilla gaizkileen kontra Maddi Txintxurreta Kazetaria / Periodista Pasa den asteko asteazkenetik ostegunerako gauean istiluak izan ziren Martzillan. Antza, Nafarroako udalerri txiki horretan, herritar talde batek aulkiak eta harriak jaurti zizkien herriko zentroan bizi diren migrante adingabeei -“deserritarrei”?-. “Herritarren” aldean omen ziren Nucleo Nacional talde neonaziko zenbait kide; deserritarren taldean, aldiz, auskalo zein zegoen. Igandean manifestazioa egin zuten “herritarrek”, esateko ez zituela gorrotoak mugitzen, segurtasunaren eta justiziaren aldeko jarrerak baizik, adingabeko migranteei aterpe ematen dien zentroko deserritarrak arazoak sortzen ari zirelako herrian. Segurtasunaren eta justiziaren aldeko aulkiek eta harriek osatutako barrikadari sostengua eman zioten Esther Villanueva PSOEko alkatearen, Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetako kontseilariaren, Amparo Lopez Barneko Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariaren eta Alicia Etxeberria Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariaren hitz publikoek: esan zuten egoera benetan “larria” zela eta deserritar talde bat beste zentro batera lekualdatuko zutela. Horrekin batera, Polizia gehiago agindu zuten, eta droneen bidezko zaintza zorrotza. Adin txikiko gutxiago eta polizia gehiago dagoenetik, Martzillako “herritarrek” beren aulkiak berreskuratu ahal izan dituzte. Martzillako Harrera eta Behaketa Zentroko langileak, aldiz, ez daude eroso. Zentroan bizi diren adin txikikoen kontrako erasoak salatu dituzte, eta adierazi dute zentroko bizilagunak nahiz langileak «kriminalizazio kolektibo» bidegabea pairatzen ari direla. Gertaerak ez direla zintzoki jasotzen ari ez instituzioak, ezta komunikabideak ere. Jakinarazi dute Martzillako Udalak herriko zerbitzu publikoak erabiltzea debekatu diela zentroko bizilagunei, eta zentrotik ateratzeko baimena ere ukatu izan diela. Funtsean, "herritar” izaera ukatu diete. Langileek diotenez, zentroko adin txikikoek ez dute “talde homogeneo” bat osatzen, eta ez dira, inola ere, herriarentzat mehatxu, ezta “herritarrentzat” ere. «Ez dira tratatu behar gutxi batzuen banakako ekintzen erantzule kolektibo gisa», adierazi dute komunikatu batean. GIRO ARRAZISTA, XENOFOBO ETA ZIGORTZAILEA Nafarroako herri horretako zentroan 94 adin txikiko bizi dira; gehiegi, guztiak profil bakar batera doitzeko. Harrera eta Behaketako Zentroaren itxiera aldarrikatzea, baieztatuz adin txikiko horiek guztiak gaizkileak direla, sinpleki, arrazista da. Arrazista den eran pasa den asteko erasoa “Martzilla gaizkileen kontra” eskeman aurkeztea, zenbait komunikabidek egin duten bezala. Izan ere, Marcillan 3.000 pertsona bizi dira; gehiegi, guztiak profil bakar batera doitzeko, eta baieztatzea “herritarrek” zentroa itxi nahi dutela, sinpleki, faltsua da. Agian zorrotzagoak izan dira Harrera eta Behaketa Zentroko beharginak, esaterakoan erasoak eragin dituen taldearen atzean «diskurtso publikoaren zati batean azaltzen ari den giro arrazista, xenofobo eta zigortzailea» egon daitekeela. •