2025 UZT. 19 - 00:00h Jarduneko putak eta puta ez-aktiboak Maddi Txintxurreta Kazetaria / Periodista Langile guztiek saltzen dituzte haien denbora eta gorputza, baina badirudi soilik sexu langileak direla hori egiten dutenak, putak direla hezur-haragizko langile bakarrak, lan-indarraren partez, beraien “gorputza” saltzen dutela. Antza, gainontzeko beharginen bihotza malgukia da, kordak dituzte nerbioen lekuan, gurpilak artikulazioen partez, eta saltzen dituzte gorputzok eskaintzen dizkieten mekanismoak, lan-indarra, eta ez gorputza bera. Ez da horrela. Gorputzen salmenta berekin ekartzen duten eta erregimen sexistaren menpeko lanbideak abolitzeaz ari bagara, lana bera abolitzeaz ari gara. Behargin gutxik pairatuko dute sexu langileek besteko estigma, eta gai gutxik izango dute jende aurrerakoienari moral kristauaren sena aktibatzeko prostituzioak besteko indarra. Pentsamendu hegemonikoak soilik bi kutxatilatan gordetzen ditu sexu langileak: gaizkileak dira, era erdeinagarrienean gauak eta senarrak lapurtzen dituztelako, ala biktimak, beharrak eraginda amaitu dutelako bizimodu horretan. Eta zu, zure ametsetako lanean al zaude? Prostituzioan sexismoa agerikoa dela ez dago zalantzarik, garbitzaileen edo zaintzaileen lanetan gertatzen den eran. Linda Porn sexu langile mexikarrak 2023ko abenduan Donostian emandako hitzaldi batean esan zuen Europara lanera datozen emakume migranteei bi aukera besterik ez dietela ematen: prostituzioan aritzea ala etxe batean giltzapetzea zaintza lanak egiteko. Hori dela eta, langile migratzaile askok prostituzioan babesa aurkitu dutela baieztatu zuen. Ekuazio horretan, abolizioak zentzu guztia du; zehazki, barneko zaintzaileen lan esklaboarenak eta Atzerritartasunaren Legearenak. Prostituzioaren atzean hainbat mafia daudela, ziur, drogen industriaren atzean dauden eran, baina ez da existitu funtzionatu duen lege lehorrik. Gizonek tratu txarren haztegi bat aurki dezakete prostituzioan, ezkontzan topatzen duten eran, baina munduko ezein herrialdek ez du lortu prostituzioa abolitzea, eta debekuak emakumeak klandestinitatera eta arrisku egoeretara arroztu ditu beti, berdin puteroen kontrako neurri gisa saldu direnean ere. Zigorrak salbazioa ekarriko duenean, kartzelak izango dira munduko putetxerik handienak, baina halakorik nahi ez badugu, sexu langileen borrokaren alde egin eta erregularizazioa aldarrikatzea da eraginkorrena; June Fernandez kazetariak Argian gogoratu bezala, putak sexu askapen mugimenduko subjektu diren eran. Gail Phetersonen aipu bat dakar Itziar Zigak “Devenir Perra” lanera eta, horren arabera, putaren estigma hain da indartsua, ezen ez baita beharrezkoa prostituta izatea, nahikoa da puta itxura izatearekin, horregatik, Jose Luis Abalos eta gisakoen lerdeak denok zipriztintzen gaitu. Putak dira, Phetersonen arabera, gizarteak autonomoegitzat dituen emakumeak, tratu txarrak ematen dituzten gizonak publikoki salatzen dituztenak, lesbiana publikoak, abortuaren alde mobilizatzen diren emakumeak, diktaduren kontra agertzen direnak, ama bakarrak, bakarrik bidaiatzen duten emakumeak, atzerriko hizkuntza hitz egiten dutenak… eta transexualak, gehitzen du Zigak. Bada, denok putak baldin bagara, zergatik ez kobratu? •