2025 IRA. 06 - 00:00h Azalberritu Itzea Urkizu Minberatu zait hatz lodiak eta eskuak bat egiten duteneko artikulazio hori. Aspaldi ez nuen hainbesteko denbora pasatu guraizeekin lanean, lerro bihurriak ebakitzen eta gero ebakitakoa itsasten. Hasierek eskatzen duten neurrian, guztia prest izan nahian ari naiz; edo, gutxienez, eman dezala hala dela. Gauza askoren artean, hori baita ikasturte hasiera: itxurakeria. Udak gure zirkuitu eta sistemetan benetan reset egin duela sinetsaraztea. Bizitza berriro kaxa estuetan sailkatuta arnasa hartuko dugula ospatzea. Munduari gure liburu berriaren azal distiratsua erakustea, lerro eta hizki eta tarteka esaldi bihurrien artean sartzeko indarrak batu ditugula adierazteko. Ni, ordea, aspaldiko nagikeria handienaz hasi naiz aurten lanean. Errutinaz zapaltzen ditudan espaloietara itzuli, eta sentitu dut denbora ez dela pasatu. «Oporretan zoragarri ibili garen seinale», errepikatzen dut udaz izaten ari naizen elkarrizketa bakoitzean. Eta, geldotasunari eta zentzumenen zerbitzura egoteari honezkero nostalgiatik begiratzen diogula, galdera da zergatik ez garen bizitzen geratzen, urte osoan, kontenplaziozko giro horretan. Zergatik ez ditugun zikloak hasten oporrak diren estadio bare horretan. Plazeretik abiatu, eta anekdota bilakatu betebeharra: iritsi beharra, argaldu beharra, gustatu beharra, azaldu beharra, egin, egin, egin, eginbeharra. Hurrengo oporrak programatu beharra. Ziklo berri honetan, nahi dut gatzagia tantaz tanta bota, azalberritzeko bezainbeste mamitzeko. •