2025 URR. 04 - 00:00h Desburokrazer? Hezkuntzaren desburokratizazioa eskatzen dute irakasleek. (GETTY IMAGES) Gorka Etxebarria Dueñas Historialaria Mark Fisher pentsalariak aipatzen zuen neoliberalismoak aldarrikatzen zuenaren aurkakoa eragin duela. Berez, neoliberalismoak Sobietar Batasun burokratizatu, estankatu eta ez eraginkorra garaitu omen zuen, askatasunaren izenean. Automatizazioak eta digitalizazioak hiper-utopia teknologikoa eragingo zuten, gure lanak makinen behaketa eta kontrolera mugatuta. Bueno, oraintxe inteligentzia artifiziala deitzen denarekin saltzen ari diren ideia bera, baina orain dela hogeita hamar urte. Sobietar Batasun gaiztoa erorita, guztiontzako askatasuna iritsiko omen zen. Baina neoliberalismoaren pean bizi garenok ikusi dugu gure mundua hiperburokratizatzen joan dela azken hamarkadetan, langileon gaineko kontrola areagotzearekin batera. Neoliberalismoak protokoloak, memoriak, planak... biderkatzen ditu, ekonomia planifikatua utopia anarkista bihurtuz perspektiban. Aste honetan hezkuntza departamentua irakasleon ordezkariekin bildu da (idazten ari naizen unean daude bileran...). Aurrekoan erdi brometan Pascual Gil historia irakasleak, Castellon aritzen denak, sare sozialetan halako bilera batean erabakiko zena aurreikusten zuen: «Badakigu denok irakasleen burokrazia murrizteko, burokrazia murrizteko protokoloak sortu beharko direla eta astero horri buruzko txostenak egin beharko direla. Baita desburokratizaziorako bakoitzak hartuko dituen neurriak zehaztu eta ondoren memoria idatzi ere». Zoritxarrez, nahiko zuzen ari dela iruditzen zait... Edozein lanpostutan kalitatea deritzonaren izenean esku hartzea jasan duen edonork badaki kalitatea egindako txosten eta memoria kopuruan neurtzen dela. Ez dakit nolatan mundua ez den perfektua, hainbeste txosten egin ondoren. Negozio ezin hobea da. Ez dudalako oso garatua ekintzailetza sena, baina kalitatearen neurketan, badago non irabazi. Nola ez, hezkuntza departamentuak kanpoko enpresa pribatu bati eskatu dio desburokratizazioaren inguruko neurriak prestatzea eta plana osatzea. Burutaziorik onena, departamentuen asmoetara sarrera zuzena duten medioetan irakurria, zera da: eskoletako desburokratizazioa aldezteko aplikazio berria sortuko dutela. Beste aplikazio bat! Ez omen da nahikoa orain arte daudenekin. Baina lasai, guk txostena bete beharrean, ez dakit zenbatgarren aplikazioan sartu eta eskatuko diogu txostena betetzeko. Inteligentzia artifizialak egin dezakeen zerbait bada, nik esango nuke ez dela hain beharrezkoa gure lanean. Eta horretarako, gainera, aplikazio horrek gelako egunerokotasuna grabatuko duela aurreikusten da. Barre egingo nuke, hain tristea ez balitz. Agian egin beharrekoa txostenak, memoriak eta eguneroko lanaren etengabeko fiskalizazioa etetea da. Kalitatezko hezkuntzan funtsezkoa baita eskolen eta irakasleen autonomia. Une honetan, balizko autonomia hori, hezkuntza departamentuak erabakitako planak banan-banan zuzendaritza eta irakasle guztiek berriro txosten propioetan idaztea baita. Desburokratizazioaren helburua, izatekotan, kalitatezko lana egiteko lasai uztean datza, irakasleongan konfiantza ezartzean. Burokratizazioaren oinarrian, alor guztietan, langileekiko mesfidantza eta langileon erabateko kontrola baitaude, eta hor badugu non borrokatu. •