GAUR8

Paseko hegaztiena

Urria tiroka hasi zaio hego haizeari. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urriak tiro egiten dio hego haizeari. Kartutxo galduak agertu dira mendi-bideetan eta gure gorputzen ezkutatze programatua abian da berriz. Luzatu dira galtzak, loditu jertseak, eta kapusaiek estali dizkigute belarriak. Egunak umetako tartak bezala ari dira desegiten, koskaka-koskaka. Egunsentiari eta ilunabarrari haginka ari zaio ilargia, goseti. Udaberrian geruzak erantzi arte ez dugu uda-ostean soinean utzi genuen gorputzaren berririk izango, eta, behin beroak goxatuta arropak erantzitakoan, dena egingo zaigu neurriz kanpokoa. Udazkenean eta neguan hor ez zegoen zerbait agertu balitzaigu bezala, beste norbaiten gorputza josi baligute gisan. Eta hortxe ibiliko gara, gure burua ezagutu ezinda.

Kaleak ez dira inorenak, baina urtaro bakoitzak moldatzen ditu bere modura. Motxila kargatuegiak daramatzaten ume kuadrillak agertu dira, eta institutu atarietan pipa azalak pilatu. Traje eta maletak ugaritu egin dira, erosketa-poltsak eta karpetak. Supermerkatuetan haragi paketatua eskaintzen ari dira, betiere dosi bikoitietan; bikoteentzat edo bi haur dauzkaten gurasoentzat doituak. Eta adin, neurri eta kantitate estandarretara egokitzen ez direnak beren ohiko deserrietan erbesteratu dira; astelehen arratsaldeko bostetako zine-saioetan edo parkeetako bankuetan, adibidez. Denok nahiko genuke beste norbait izan tarteka, neurriei ihes egin, baina tiroak entzuten dira urrian, kaleak norenak diren gogorarazteko. Galdetu bestela joan zen astean Gasteizen atxilotutakoei; galdetu etengabe jende-oldearen kontrako norantzan doanari.

Pasean doaz usoak, kurriloak eta enarak, eta pasean goaz gu ere. Lantoki eta etxeetan ezkutatu gara udak beltzarandutakoak. Itzuliko ginela agindu genion bizitza bat utzi genuen hortxe, bainujantzia zintzilikatu genuen kakoan bertan, tantaka-tantaka. Eta itzuliko gara, edo agian ez, zintzilik utzi denari josturak ere aldatu egiten baitzaizkio, gorputza orain urtebete utzitako habiara egokitu ezinik dabilen hegazti nomada baita batzuetan. Sekula berriz deituko ez diegun telefonoz beteta dauzkagu agendak. Beti baitago norbait itzultzen ez dena, lanak edo familiak edo dena delakoak irentsi duena, orduak ezer egin gabe pasatzeko astirik geratuko ez zaiona. Daramagun arroparen modukoa izaten baita, batzuetan, bizi dugun garaia ere. Astunagoa da urria, motelagoa, egonkorragoa. Ziurtasunari heltzen diogu, negurako gantza pilatzen duen hartzaren moduan.

Urria tiroka ari zaio hego haizeari, iparra eta negua iristeko presa balu bezala. Kaleko ibilera neurtuetara makurtu dugu pausajea. Eta, hala ere, uda hortxe daukagu, hormako kako batean zintzilik, kartutxoen gainera, tantaka-tantaka. •