2025 URR. 24 - 15:55h Zuiako HAPOak Aldundian duen «blokeo egoera» salatu nahi dute Arabako Batzar Nagusietan Zuiako HAPO berriak Arabako Foru Aldundian duen «blokeo egoera» azaltzeko agerraldia eskatu du Udalak Arabako Batzar Nagusietan. Egoerari berehalako erantzuna ematea eskatzen dute, dagoeneko ondorioak dituelako etxebizitza publikoa bezalako proiektu estrategikoetan. Irudian, Unai Gutierrez Urkiza alkatea. (Endika PORTILLO | FOKU) GAUR8 Zuiako Udalak Arabako Batzar Nagusietako Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Batzordean agerraldia egiteko eskatu du, Zuiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) jasaten duen «blokeo egoera» azaltzeko.Udal gobernuak Batzar Nagusietako ordezkarien aurrean hitz egin eta zuzenean azaldu nahi du herrian sortutako egoera. Gogoratu duenez, duela zortzi urte baino gehiago ekin zion Udalak hirigintza antolatzeko plangintza aztertzeari eta dokumentu hori (HAPO) izapidetzeari.Udal iturriek azaldu dute 2024an adostutako azken testuak ez duela oraindik Arabako Foru Aldundiko Hirigintza Sailaren erantzunik jaso, «behin betiko onespena izango duen ala ez argitzeko». Aipatutako agiria 2024ko urtearen amaieran onartu zuten Udalean.«Erantzun falta horrek udalerriarentzat estrategikoak diren hainbat proiektu geldiarazi ditu, bereziki etxebizitza publikoaren arloan, lurraldearen egungo behar nagusietako bat baita», azaldu dute ohar batean. Proiektu asko, geldirikErantsi dutenez, «proiektu askok, publikoak zein pribatuak, ezin dute aurrera egin ulertzen ez dugun blokeo administratibo honengatik». Egoera, gainera, larriagotu egin dela esplikatu dute, Hirigintza Sailak bi txosten eskatu baititu, URAri bat eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari beste bat. Nabarmendu dute prozeduraren fase honetan aipatutako txosten horiek ez direla derrigorrezkoak ezta lotesleak ere, erakunde biek aurreko etapetan eman baitzuten gaiari buruzko iritzia.Udal Gobernuak salatu du ez dela HAPOaren izapidetzean izan diren lehen «justifikatu gabeko atzerapenak». Izan ere, aipatu dute aurreko faseetan, Foru Aldundiaren eskumenekoa zen beharrezko txostenen batek «zentzuzkoa baino askoz denbora gehiago behar izan zuela», udalerriko hirigintza-plangintzak aurrera egitea zaildu duena.Gaiaren harira, Unai Gutierrez Urkiza alkateak azpimarratu du haren erantzukizuna dela «udalerriaren eta bertan bizi diren pertsonen interesak defendatzea, eta Arabako Foru Aldundiaren aldetik HAPOren blokeo egoerari berehalako erantzuna eskatzea».