2025 AZA. 22 - 00:00h Korapiloak askatzen Maider Iantzi Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad Korapilo bat askatzen hasten garenean luzeago har dezakegu arnasa. Poz bete bat sentitzen dugu, harrotasun puntu bat. Korapiloa bizi guzikoa bada, ume-umetakoa, pentsa zenbaterainokoa izan daitekeen askatze hau. Azkenaldian (edo beti) sentsazioa dut kontu pertsonalak bertzerik ez ditudala kontatzen zutabean, baina ezin dut idatzi ateratzen ez zaidanik. Hortaz, eskolatzeaz arituko naiz, behatzak teklatuan oraindik pixka bat dardarka ditudala, irribarre bare bat ezpainetan. Bigarren erditze bat bezala izan da niretzat prozesua, neukan korapilo horregatik, eta askatzen joatean semea ere askatu dudala garbi ikusi dut. Ulermenak eraman nau korapiloa askatzen hastera. Gertaerak gaur egundik aztertu ditut, ñabartuz, absolutismoetatik aldenduz. Errurik banatu gabe, garaiak, ingurua eta hura osatzen zuten pertsonak onartu eta barkatu ditut. Eta gaizki-ulertuez ohartu naiz. Guztia izarren gisan agertu zaizkidan (edo bilatu ditudan) bidelagun ederren ondoan, poliki-poliki, beraiek eman dizkidaten ikuspegi berriak deskubrituz, aditzeko hain politak ez diren gauzak jasotzeko prest egonez, jarrera irekiarekin eta konfiantzarekin. Badakit momentu guziak ez direla samurrak izanen, baina ikastola kartzela bezala bizitzetik etxea bezala bizitzeko bidea hasi dut benetan. Eta prozesua luzea izan den arren, hilabete guttitan pasa naiz kartzela sentitzen nuena etxe sentitzen hastera. Niri ere harrigarria iruditzen zait, magikoa ia. Motxila astun bat eraman dut, baina konturatu naiz ez dudala zertan. Bazter batean utz dezaket, arinago ibili. Nire zauria miazkatzeari utzi diodanean semea ikusi dut, kontent, lagunekin jolasean, beraien maitasuna eta laguntza jasotzen ikastolako lehen egunean. Ez dut nire burua ikusi beregan, orain arte egiten nuen bezala, baizik eta Unax, bere nortasunarekin, bere gogo eta beharrekin, bere ikasteko grinarekin. Opari bat da egun handi honetan, zure munduratze honetan, zure bidelagun izatea, Unax. Nire zauria ez, orain zu zara protagonista. Aunitz gozatu! •