2025 ABEN. 05 - 12:39h Gaur 20 urte hil zen Juan Mari Lekuona idazlea 2005eko abenduaren 5ean, duela 20 urte, hil zen Juan Mari Lekuona, XX. mende bukaerako olerkarien artean ahots propioa duen idazlea, oso bide pertsonalari jarraitu ziona bere ekinbide luze eta oparoan. Juan Mari Lekuona, 2002an ateratako argazki batean. (Gari GARAIALDE | FOKU) GAUR8 Juan Maria Lekuona Berasategi Oiartzun olerkari, irakasle eta idazlea 1927ko azaroaren 11an jaio zen Donostian, eta bertan hil zen 2005eko abenduaren 5ean, duela 20 urte. Gasteizko apaizgaitegian eta Erromako Unibertsitate Gregorianoan egin zituen apaiz ikasketak, eta "Oianburu" ezizena erabiliz, "Zeruko Argia", "Olerti", "Egan" eta "El Bidasoa" aldizkarietan hasi zen idazten. Poeta moduan nabarmendu den arren, bestelako lanak ere egin zituen. Euskaltzale eta euskal ikertzaile-familia ezaguneko kide, nabarmena du ume-umetatik euskaraz izan duen prestaketa. Manuel Lekuona osabaren eragina ere argi asko suma daiteke ilobarengan, ahozko euskal literaturaz egindako ikerketetan. eta 1987an euskaltzain oso izendatu zuten. Lehen poema liburua 1966an argitaratu zuen, "Mindura gaur", eta 1972an "Muga beroak" izeneko bilduman sartu zuen beste bi libururekin batera: "Herenegun" eta "Hondarrean idatzia". Beste motra bateko lanen artean nabarmendu behar dira "Ikonoak eta mimodramak" (1990), "Manuel Lekuona Etxabeguren" (1995), "Ikaskuntzak euskal literaturaz 1974-1996" (1998) eta "Oiartzungo kantutegia" (1999). Gainera, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta baita bertako lehen lehendakaria ere.