2026 OTS. 07 - 00:00h Euskara usaina Barakaldoko Juan Ramon Jimenez eskola. (GAUR8) Nerea Godoy Hezitzailea eta Bizipozako kidea Bada Bizkaian Barakaldo izeneko herri handi bat, bertako auzo bat da Gurutzeta. Minak sendatzen dizkigun ospitaletik ez oso urrun, Juan Ramon Jimenez eskola dago. Bertan hazi, hezi eta loratzen dira gure haurrak eta, Jon Maiak dioen bezala, haiek ez dakite baina gure etorkizuna dira. Nigeria, Maroko, Aljeria, Nikaragua, Honduras, Paraguai, Kolonbia, Venezuela, Siria, Kazakhstan, Errumania eta Ukrainatik etorritako familiak, Euskal Herrian jaiotako haurrak, asko. Aniztasun eder horren barruan, badute denak berdintzen dituen ezaugarri bat: euskara. Euskara garela dio aurtengo Korrikaren leloak, baina, zoritxarrez, batzuek nekezago lortzen dute “euskal izate” horren aitorpena. Azalek koloreztatzen dute eskola eta lehen aldiz entzundako izenak ondo ahoskatzen dituztela ziurtatu nahi duten irakasleen ahaleginak dira etxeko kulturekiko lehen hurrenkera. Sarrerako munduko mapa erraldoian “kaixo” hitza hamaika hizkuntzatan jasoa dago; geletan, harrera horrek goxo jarraitzen du agur esateko ordua iritsi arte. ESKOLAN EUSKARA, «EN LA CALLE ERDARA» Oro har, Euskal Herrian jatorria duten familien artean, badira euskararekiko batere atxikimendurik ez dutenak. Badira ere euskaraz hitz egin ez baina kulturaren aldekoak direnak, eta, azkenik, badira bai hiztunak bai eta kulturaren aldekoak direnak ere. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu herri edota zona guztietan ez dela neurri berean ematen euskararen presentzia. Hau da, Ondarroan eta Gurutzetan, alde ederra dago hizkuntzaren erabilera-mailarekin. Horrek zer dakar? Ba, etorri berri denak, hizkuntza bat edo bestea ikasteko ahalegina egitea. Izan ere, Euskal Herrira etorritako helduek kalean ikasiko dute erdaraz. Haurrek, ordea, eskolan jasoko dituzte bi hizkuntzak, baina litekeena da gehien entzuten duten hori, erabileran besteari gailentzen zaiona, erabiltzeko erraztasun handiagoa izatea. Baina gu euskara gara, txikiak gara. Haatik, zenbat eta hiztun gehiago izan, orduan eta euskarago gara, askotarikoago, eta, batez ere, aberatsago. Bada, euskaratik eta euskaraz heztera datorren Hazi proiektua sortu dute Gurutzetan, mimoz eta mimatzeko. HAZI, ZURTOIN ETA HOSTO Irakurketa-idazketa ibilbidea loratze bat bezala irudikatzen dute Juan Ramon Jimenez eskolako ikasle eta irakasleek. Horrela, haurra “hazia” da lehenik eta behin, eta fase horretan ahozkotasuna da protagonista. Askorentzat euskararekin lehen harremana da, eta entzunez, imitatuz, jolastuz eta abestuz bereganatzen dute hizkuntza. Jarraitzeko, txaloka silabak ikasten dituzte, eta, hitzak, saltoka. Hizkuntza zatitxo txikienetik ezagutzen hasten dira, gerora, “zurtoin” bilakatzeko. Bigarren fase horretan, pentsatzeko txanoa jantzi eta letren forma, hizkuntzaren erabilerak eta beste dituzte hausnarketa gai. Idazketa kognitiboa hasteko unea da, letra manipulagarriekin lehenik, eta, ondoren, letra horien dekodetzea eta arkatza hartzeko garaia heltzen dira. “Hosto” bihurtzen dira hurrena haurrak; eskuzko idazketa finkatu, gramatika ezagutzen hasi eta ulermen osoa bermatu eta horretan sakontzeko prest daude jada. LORE(ZAINTZA) Prozesu naturala da, landare baten hazkuntza prozesua bezalakoxea. 2 eta 8 urte bitarteko ikasleak fase batetik bestera igarotzen dira prest egon ahala. Haur bakoitza, landare bakoitza, bihurtuko da lore, baina udaberria ez da egun bakarreko kontua! Pausoka-pausoka, egunez egun, gozatuz, ikasiz, saiatuz eta lortuz, edo ez lortuz eta berriro saiatuz. Oles-oles, iritsi da udaberria Juan Ramon Jimenez eskolara eta maitasunez, denboraz eta zaintzaz ongarritutako lorategi eder honek, euskara usaina du. •