2026 OTS. 07 - 00:00h Torturaren hitzaurre basatia Maddi Txintxurreta Kazetaria / Periodista Olatz Dañobeitiak idatzitako “Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa” (Txalaparta, 2025) liburua orrazten hasi eta biharamunean azaldu zait pantailan Mikel Urdangarin kazetariak torturaren bueltan Maddi Altunari egindako elkarrizketa, eta pentsatu dut, aiba, zenbat jende horren inguruan hitz egiten. Baina Dañobeitiarengana itzuli naizenean, Emaginekoek idatzitako hitzaurreak ohartarazi dit gurean gutxiegi aztertu den gaia dela torturarena, gehiegi praktikatu den arren. Emaginek dio tortura jasan dutenek diotela «torturaren oihartzunak ate-zokoan ezkutatzeko joera» sumatzen dutela, eta torturaren oinazeak gaur-gaurkoak diren arren, iraganeko bortxatzat hartzen dela sarri, eta, ondorioz, iskin egiten zaiola «ardura eta erantzukizun garaikideari». Eta okurritu zait jendea bortxaz hitz egitera behartzeko erabili zituzten mekanismo horiek berberak balio dutela jende hori isilarazteko, baina gogoratu dut gaur bertan dozenaka lagun ariko direla Intxaurrondoko kultur etxean torturari buruz hitz egiten, Emaginek antolatutako “Tortura feminismotik erreparatu” jardunaldian, eta pentsatu dut, aiba, ze ondo feminismoa bazterrak nahastera datorrela beste behin, zentzurik onenean. Altunari egindako elkarrizketan irakurri dut pertsona bat torturatzeko, aurrena, «torturagarri» egin behar dela, eta horrela egiten zutela gazte independentistekin ere; lehenengo basatu eta etsaitu, arauez gabetutako zelaian nahieran eta inpunitatez jokatzeko. «Etsaiaren kontra guztiak balio du», dio zumaiarrak. Eta Olatz Dañobeitiak konfirmatu dit torturak, gehienetan, ez diola erantzuten uneko pultsio edo biolentzia eztanda bati, talde baten deshumanizazioa bilatzen duen aurrelan dialektiko sakon bati baizik; eta ia dena formula bitarretara doitzen duen mundu honetan, bestetasuna gorpuzten duten horiek arrozten dituzte gizatiarren geografiatik. «Humano kategoriatik kanpo kokarazi dituzten horiei gizakiek merezi duten tratua ukatzen zaie, eta, beraz, animaliak edo objektuak balira bezala, edozer egin dakieke», dio Dañobeitiak, eta adibide bat dakar erakusteko tortura ez dela pultsio bat, ez dela indiskriminatuki aplikatzen, baizik antolatutako mekanismoa dela, «ondo ikasitako teknika-multzoa»: Erromatar Inperioan, berez, tortura galarazita zegoen, baina atzerritarrei eta esklaboei ezartzen zitzaien. Tortura selektiboa da, baina horrek ez du esan nahi salbuespena denik. Grammyrik ez zuten banatuko Erromatar Inperioan, baina, tamalez, modu okerrean iraganekotzat irakurtzen ditugun teknika-multzo horretako ikasketa batzuek gaur egunera arte iraun dute. Trumpen inperioaren eta ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarraren biolentziaren garaian, Bad Bunny musikariak aldarrikatu du Ameriketako Estatu Batuetako bizilagun migranteak ez direla basatiak, ez direla estralurtarrak, ez direla animaliak, gizakiak baizik. Gizateriaren aurkako krimenak iragartzen dituzten deshumanizazio prozesuak gero eta agerikoagoak diren garaiotan, Grammy bat eskuan izan dezaketen horien hitz ozenak entzutea bezain inportantea da torturak eztarrian lotu dizkien korapiloen gainetik hitz egingo dutenei adi egotea; askoz inportanteagoa. Ze, ate-zokoak ez badira libratzen, ez badira minak erreparatzen, erantzukizunak ez badira antolatzen, aiba, torturaren eta biolentzien forma berriak oharkabean pasatuko dira basabereen kaioletara. •