2026 OTS. 28 - 00:00h AEBko Bigarren Mundu Gerrako euskal beteranoak gogoratzeko oroigarria Ameriketako Estatu Batuetako Bigarren Mundu Gerrako euskal beteranoen oroitarriak, bisitarako eta oroimenerako espazio iraunkorra emango dio aurki diasporaren memoria historikoari Nevadako Gardnerville herrian. 2.150 izen zizelkatuko dituzte harrian, belaunaldi oso baten isiltasuna apurtzeko. Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka borrokatu ziren beterano euskal-amerikarren lehen memoriala inauguratuko dute abenduan Gardnerville herrian. Irudian, memorialak izango duen itxuraren erreprodukzioa. (Pedro OIARZABAL) Urtzi Urrutikoetxea Historia handiko herri txikia da Gardnerville. Duela ia mende eta erdi sortu zuten Carson Valleyko bihotzean. Ordutik euskal artzainen, ostatuen eta euskal etxeen bidez eraikitako komunitate sendo bat hartu du, eta diasporako piknik ospakizun garrantzitsuenetako bat hartzen du urtero abuztuan. Orain, diasporaren beste kapitulu garrantzitsu bat idatziko da bertan: Bigarren Mundu Gerran faxismoaren aurka borrokatu ziren beterano euskal-amerikarren lehen memoriala hartuko du. Memoriala Heritage Parken eraikiko da, garai batean euskal auzo bizia izan zen erdigune historikoan. “Bizi leku” izeneko diseinu kontzeptuala Maider Bezos Lanz arkitekto bilbotarrak egin du. Corten altzairuz egindako egiturak 2.150 gizon-emakumeren izenak jasoko ditu bertan; denek ere Bigarren Mundu Gerran Ameriketako Estatuko Batuetako Armadan edo Itsas Merkataritzan zerbitzatu zuten 1939-1945 bitartean faxismoaren eta nazismoaren aurka. Proiektua NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteek gidatu dute, eta oinarri zientifikoa Sancho de Beurko Elkartea elkartearen “Fighting Basques” ikerketak eman dio. Lan horren buru da Pedro J. Oiarzabal historialaria. ISILDUTAKO BELAUNALDIA Oiarzabalek azaldu duenez, ikerketa 2015ean abiatu zen, hasiera batean Nevadako artxiboetan oinarritutako azterlan pilotu batekin. «Ia 300 beterano identifikatu genituen estatu bakarrean. Orduan ohartu ginen altxor historiko baten aurrean geundela», dio. Metodologia zorrotz bati heldu zioten: estatuz estatu, konderri bakoitzean, erroldak, izen-emate agiriak eta artxibo militarrak gurutzatu dituzte urteotan. Hasierako kalkuluak 1.100-1.200 lagunen ingurukoak baziren ere, gaur egun ia bikoitza da: 2.150 izen dokumentatu dituzte. Horien artean, 260 baino gehiago Euskal Herrian jaiotako etorkinak ziren; Ameriketako Estatu Batuetako herritartasuna izan gabe ere armadan izena eman zuten. Izan zen faxismoa borrokatzetik iritsi eta hemen ere faxismoaren aurka ekin zionik, Pazifikoan zein Europan. Mario Salegi, adibide argiena. «Gutxiengo baten gutxiengoa dira», azpimarratu du Oiarzabalek. «Baina ekarpena egin zuten, eta memoria demokratikoaren parte dira. Haien izenak harrian jartzea justizia ariketa bat da». Historialariaren hitzetan, belaunaldi hori «ia inoiz ez da ageri historiako liburuetan». Euskara ikasi zuten etxean batzuek, eskolan ikasi zuten ingelesez. Gerrak mundura atera zituen; batzuk ez ziren sekula itzuli. GARDNERVILLE, LEKU ESANGURATSUA Euskal diasporan sarritan agertzen den izena da Gardnerville. Bertara iristen denak, okertu dela ere pentsa lezake, hasiera batean sumatzen den herri txikiaren garrantziaz ohartu gabe. Carson City Nevadako hiriburuaren auzune dela ere pentsa liteke. Baina oso berezia da halaber, eta memorialerako proposatutako kokalekuak «oso harrera ona» izan du diasporaren barruan, Oiarzabalek dioenez. NABOren batzarrean aurkeztu zutenean, «txalo zaparrada» jaso zuten. «Prozesua gardena eta irekia izan da. Epeak behar beste luzatu ditugu, iritzi guztiak entzun ditugu, eta azkenean,%90ek babestu dute hautagaitza». Gardnerville kokapen estrategikoan dago, Kalifornia eta Nevada estatuen artean, eta Utah eta Idaho ere ez ditu urrun. Carson Valley bera turismogune indartsua da, Sierra Nevada mendilerroaren eta Tahoe aintziraren ondoan, eta Renoko nazioarteko aireportutik 60 kilometrotara dago. Nolabaiteko erdigunean egote horrek euskal diasporaren bi aldeak uztartzeko lana ere erraztu izan dio Gardnervilleri. Kalifornian oro har baxenabartarrak dira nagusi, eta baztandar jatorrikoak ere ez dira gutxi. Idahon berriz, Lea-Artibai eta Bizkaiko inguruko eskualdeetatik iritsi ziren euskaldunak. Bien artean dago Nevada, eta gaur egun ere, Idaho eta Kaliforniaren atzetik, euskal komunitaterik handienetakoa da. Reno, Nevadako bigarren hiria Las Vegasen atzetik eta euskal ikasketen gunea, hurbil geratzen zaio Gardnervilleri. Bertan inauguratu zen, 1989an, euskal artzainaren monumentua, euskal migrazioari egindako aitortza publiko nagusia. Oiarzabalen ustez, Bigarren Mundu Gerrako memorialak «memoriaren paisaia» osatuko du,«migratzaileen lehen belaunaldia, haren ostean iritsi zen belaunaldi konprometituarekin lotuz. Artzain haien seme-alabek edo bilobek Ameriketako Estatu Batuak defendatu zituzten faxismoaren eta totalitarismoaren aurka. Euskal nortasuna galdu gabe, adopziozko herrialdea defendatu zuten». KOMUNITATEA Ikerketaren ondorioek eragin pertsonal eta kolektiboa izan dute. «Egunero jasotzen ditut mezu elektronikoak. Jendeak esaten digu bazekiela aita gerran aritu zela, baina ez zekiela xehetasunik; edo ez zekiela osabak ere, aitaren anaiak, parte hartu zuenik», azaldu du. Beterano askok ez zuten etxean inoiz gerrari buruz hitz egin. Euskaldun askoren berezko berba-urritasunari gerra-trauma gehitu zitzaion. «Familia batzuek orain ulertu dute zergatik esnatzen zen aita gauetan oihuka». Memorialak, beraz, oroimen kolektiboa ez ezik, familia-memoria ere sendatuko du. Pedro Oiarzabalek lotura argia ikusten du gerrako beterano haien izaeraren eta handik urte gutxira sortu ziren euskal etxeen sorreraren artean. Ez adin edo belaunaldiagatik soilik, gerratik itzultzean zuten itzala eta ekintzailetza ere aintzat hartu behar dira. (Pedro OIARZABAL) Datu argigarri bat: Ameriketako Estatu Batuetako diasporako lehen topaketa garrantzitsutzat jo ohi den 1959ko Sparks-Renoko Western Basque Festival ospetsuan, bederatzi antolatzaileetatik bost Bigarren Mundu Gerrako beteranoak ziren. Alabaina, inon ez da datu hori ageri. Haien gurasoak izan ziren Euskal Herria utzita Ameriketako Estatu Batuetara jo zutenak, lehen belaunaldiari egokitu ohi zaizkion zailtasunekin: hizkuntza ikastea eta lanik gogorrenak egitea, hurrengo belaunaldiak gauzak errazago izan zitzan. Bigarren belaunaldia estatubatuarra zen, baina sustraiak ez ahazteaz gain hurrengoek ere ondare hori jasotzea nahi zuten. «Harro zeuden euskaldun izateaz, baina baita estatubatuar izateaz ere. Kulturaren transmisioa bermatu nahi zuten seme-alabentzat». ETORKIZUNERA BEGIRA Proiektua Gardnervilleko herri-lurren dohaintzari esker gauzatuko da, eta 2026 amaierarako amaitzea aurreikusten da. Udal batzordearen oniritzia jaso ondoren, lanak berehala has daitezke. Helburua da lehen harria maiatza baino lehen jartzea, funts bilketak ahalbidetzen badu. Finantzaketa pribatua izan da orain arte ardatz nagusia: enpresak, senideak eta komunitateko kideak. «Laguntza oro da beharrezkoa», dio Oiarzabalek. «Ez dugu soilik iraganera begiratu nahi; etorkizunerako balioak berreskuratu nahi ditugu», gaineratu du. Memorial fisikoarekin batera, oroigarri digital bat ere sortuko dute, argazki, biografia eta dokumentazio osagarriarekin, mugarik gabeko sarbidea eskainiz. Oiarzabalen hitzetan, «hau ez da iraganeko monumentu soil bat. Bakearen eta adiskidetzearen memoriala izan nahi du. 250 urteko harremanen testuinguruan, euskaldunak Ameriketako Estatu Batuetako historiaren parte direla gogorarazteko». Ez da ahaztu behar, 2026an bi mende eta erdi betetzen direla 1776tik, hau da, Ameriketako Estatu Batuek Erresuma Batutik independentzia aldarrikatu eta metropoliaren aurkako gerra hasi zenetik. Oso testuinguru berezian dator urteurrena, mundu osoari eragiten dion eta herrialdea bera erabat polarizatzen duen presidente batekin. Baina horrek ere are garrantzitsuago bihurtzen du euskaldunen ekarpen txiki baina esanguratsua aurten gogora ekartzea. Gardnervilleko plaza berrian, altzairuzko oroitarri batek eta eta bertan grabatutako 2.150 izenek belaunaldi oso baten sakrifizioa oroitaraziko dute. Isiltasunean bizi izan zen memoria bat behingoz ahots bihurtuko dute.