GAUR8

Lanbide Heziketa Karrantzako institutura itzuli da 75 urteren ondoren

Diego de Ahedo Lanbide Institutuaren sorrera 75 urtera, Karrantzak 90eko hamarkadan herritik desgertzen ikusi zuen lanbide heziketa bertako institutura itzuli da Administrazio Kudeaketarako Erdi Mailako ziklo batekin. Maiatzaren 4an irekiko dute aurrematrikula.

Administrazio Kudeaketarako Erdi Mailako zikloko taldea, Karrantzan. (Karrantza BHI)

Lanbide institutua sortu zenetik 75 urte betetzen diren honetan, Lanbide Heziketa Karrantza Haranera itzuli da ikasturte honetan abiatu den Administrazio Kudeaketarako Erdi Mailako zikloarekin. 

Prestakuntzak harrera bikaina izan duela nabarmendu dute Karrantza BHItik, eta zehaztu dute matrikulazioan eta tokiko enpresa eta erakundeen aldetik jaso dutela harrera on hori, praktikak bertan egiteko aukera eskaini baitute.

Historia apur bat eginez, ikastetxeak gogoratu du 75 urte igaro direla Diego de Ahedo Lanbide Institutua inauguratu zenetik. Kontxa auzoan zegoen, gaur egun Karrantzako eskola eta bigarren hezkuntzako institutua dauden leku berena kokatuta.

Oroitu dutenez, inguruko ikasleez gain urruneko herrietatik etorritakoak ere hartu zituen, «eta prestakuntza tekniko eta lanbidekoa eskaintzen zuen, hezkuntzarako sarbidea oso mugatua zen landa eremu batean».

Belaunaldi askoren prestakuntza

«Ikasgela orokorrez gain, arotzeria eta mekanikako tailerrak, jangela baita gimnasio bat ere bazituen. Azken hau, gauez, urruneko ikasleentzako logela bihurtzen zen, garaiko zuzendari Santiago Lopez Garcia eta irakasleek egindako lanari esker. Belaunaldi askok bertan jaso zuten prestakuntza 16 urte bete arte; hortik aurrera, goi mailako Batxilergoa deitzen zena ikasteko, Bilbo, Santander edo Miranda de Ebro bezalako herri urrunetara joan behar izaten zuten», zehaztu dute.

90eko hamarkadan ikastetxea eraldatzen joan zen Lanbide Heziketa galdu arte, eta «eskualdeko familien mobilizazioari esker institutuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskaintzen jarraitu zuen».

2026-2027 ikasturtean, berriz eskainiko dute Karrantzan Administrazio Kudeaketako Erdi Mailako zikloa eta horri begira azpimarratu dute maiatzaren 4an hasiko dela aurrematrikulazio epea eta 22an bukatu. Interesa dutenek ikastetxearekin jarri behar dira harremanetan, ikasketa plana, praktikaldiak, ordutegia edo lan irteerei buruzko informazio jasotzeko, eta zehaztu dute informazioa eskuragarri dagoela ikastetxearen webgunean. 

Azaldu dutenez, otsailean, lehen mailako praktikak egin ziren, eta oso esperientzia positibotzat jo dute bai ikasleek bai enpresa eta erakundeek». «Lehen urte honek erakutsi du zikloa primeran egokitzen zaiela eskualdeko enpresa-sareari eta lan-beharrei, eta aukera ugari eskaintzen dituela enplegurako zein landa-inguruneko jarduera ekonomikoa hobetzeko», azpimarratu dute.