GAUR8

‘Liburu hari boom’, liburu gomendio lehiaketa bat 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat

Gazteek liburu gomendioak partekatzea helburu duen lehiaketa berri bat jarri du abian Galtzagorri elkarteak, 12 eta 18 urte arteko lagunentzat. Gomendio horiek, gainera, formatu ezberdinak izan ahal dituzte. Azaroaren 24ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

‘Liburu hari boom’ lehiaketa jarri dute abian.
‘Liburu hari boom’ lehiaketa jarri dute abian. (Galtzagorri)

‘Liburu hari boom’ proposamena abiatu du Galtzagorri elkarteak, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta eta gazteen artean irakurketa sustatzeari bideratuta. Ohar batean azaldu dutenez, Lakuako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuaren eskakizunari erantzuten duen ekimena da eta Booktuberboom egitasmoaren jarraipena izango dena.

«Gazteek liburuak nahieran gomendatzeko aukera izango dute. Hau da, haiek hautatuko dute zein gomendio mota egin nahi duten: idatzia, ilustratua, antzeztua, audio bidezkoa, bideo bidezkoa...», azaldu du Galtzagorrik. Asmoa da «bide berriak zabaltzea, irakurketak partekatzeko espazioak» sortu eta irakurleek elkarri entzun eta gomendio egin diezaioten.

Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago. Zehaztutakoaren arabera, azaroaren 24ra arte dute gazteek liburuak irakurri eta hari buruzko gomendioa lehiaketara bidaltzeko. Oinarriak eta zehaztapen guztiak webgunean daude eskuragarri, baita parte hartzeko bete behar den formularioa. 

Baldintzei dagokienez, idatzizko iruzkina (1.500 karaktere gutxienez), audioak eta bideoak (gehienez ere bi minutukoak eta mp3 eta mp4 formatutan hurrenez hurren), ilustrazioak (A4 tamaina) eta literatura lanak (nahi den generoa) onartuko ditu lehiaketak. Dramaturgia lanak ere hartuko dituzte, testu, audio edo bideo formatuan. 

Zalantzak argitzeko, liburuhariboom@ibbygaltzagorri.eus helbide elektronikoa aktibatu dute.