
The Sopranos”, “The Wire”, “Lost”, “Breaking Bad”, “Six Feet Under” edo “Better Call Saul” bezalako izenburu enblematikoek aro bat zizelkatu zuten: urteetan zehar garatzen ziren istorio handien garaia, non tramak patxadaz hedatzen ziren eta pertsonaiek beren bidea, mina eta eboluzioa denboraren hari finarekin ehuntzen zuten. Gidoiek zorroztasunez eta maisutasunez josita, dena zetorren bere erritmoan, presarik gabe.
EGUNGO KONTSUMO EREDUA
Gaur egungo joerak, ordea, erabat aldatu dira: eduki luzeak ikusteko ezgaitasuna gure gizartean nagusitzen ari da. Telesail luzeek gero eta leku gutxiago dute gure bizimodu azkar, efimero eta sakabanatuan; dena orain nahi dugu, labur eta trinko kontatua, klik bakarrean harrapatuko gaituena.
Azken urteotan telesail laburrek hartu dute protagonismoa. Narratiba amaigabeekin konprometitu beharrean, ikusleak esperientzia biziak bilatzen ditu orain -emozionalki indartsuak, narratiboki itxiak-, gau bakarrean irentsi eta egun askotan oroimenean geratzen direnak.
Plataformek begi onez hartu dute joera hori, eta gero eta gehiago dira sei edo zortzi atal baino gehiago behar ez dituzten istorioen aldeko apustua egiten dutenak. “The Queen's Gambit”, “Adolescence” edo “Baby Reindeer” bezalako lanek erakutsi dute formatu laburrak ez duela zertan inpaktu txikia izan; ikus-entzuleen erantzuna, harpidedun berrien hazkundea eta sare sozialetako oihartzuna hain handiak izan dira, ezen streaming-aren erraldoiek norabide horretan arraun egitea erabaki duten. Egia da, noizean behin, arrakastaren sugarra luzatu nahian gehiago luzatzen saiatzen direla -“Squid Game” horren adibide garbia da-, baina horrelako kasuak gero eta urriagoak dira.
Joera horren isla garbia, aurten estreinatu diren izenburu (oso gomendagarri) hauek:
MOBLAND
Skyshowtime eta Movistar
Londresen drogen trafikoa kontrolatzeko borrokan ari diren bi familien arteko liskarrak (Harrigandarrak eta Stevensondarrak) kontakizun nagusiaren motorra piztuko du. Ikusleak sakon ezagutuko duena, eta bietatik protagonismo handiena norbereganatuko duena, Harrigan familia izango da: Harry Da Souza (Tom Hardy), Kevin (Paddy Considine), Bella (Lara Pulver), Eddie (Anson Boon), Seraphina (Mandeep Dhillon) eta familiaren buruak diren Maeve (Helen Mirren) eta Conrad (Pierce Brosnan) izango dira kideak. Eddie-k, gazteenak, eragindako liskar baten erruz, Harrigan eta Stevenson familien arteko borroka basatia hasiko da.
“MobLand” mafiari buruzko fikzio klasikoetatik aldentzen saiatzen da. Ohiko kontakizunek krimen antolatuaren erromantizazioa egiten duten bitartean, telesail honek eguneroko negozio zikinak eta indarkeria esplizitua erakusten ditu. Alde horretatik, ez da 70eko hamarkadako mafia giroko kontakizunetatik edaten duen proposamena; ukitu garaikideagoa du, umore beltz apur bat, eta zenbait unetan Guy Ritchi-ren estetika bereziaz blaitua dago. Argi-itzalez josia, baina lehen mailako entretenimendu duinaren eredu da. Sofan eroso eseri eta bizpahiru egunetan gozamenerako bidelagun ezin hobea bihurtuko da.
SMOKE
Apple tv+
“Smoke” telesaila Firebug podcastean oinarritzen da modu librean, serieko bi piromanoen istorioa azaltzeko. Detektibe oinazetu batek (Jurnee Smollett) eta eragindako suteak ikertzen dituen polizia misteriotsu batek (Taron Egerton) helduko diote kasuari. Orainaldian girotuta, Dennis Lehane sortzaileak podcastaren materiala abiapuntutzat hartuko du, kasuaren bihotzean inspiratutako fikzioa eraikitzeko. Protagonistek ikertuko dituzten bi kasuek norabide desberdinak hartuko dituzte: bata «nork egin zuen?» galderari erantzuten saiatuko da, eta besteak «nola harrapatuko dugu?» ereduari jarraituko dio. Alegia, batean erruduna ezezaguna izango da; bestean, ordea, ikusleak hasieratik ezagutuko du bere aurpegia. Bi ikuspegi narratibo horiek txandakatzeak erritmo bizia emango dio istorioari, baina, aldi berean, tarteka nolabaiteko deskonexioa sortzen du.
Hasieratik harrapatzen duen bizitasun handiko proposamena bada ere, narrazioak baditu gorabeherak: batzuetan anbiguotasunak nagusitzen dira, eta zenbait une gehiegikerien mugara iristen dira. Hala ere, aktoreen lan bikainak, istorioaren indarrak eta atmosfera bereziak udako telesail gomendagarrienetako bat bihurtu dute.
AFTER THE PARTY
Filmin
Zeelanda Berriko “After the Party” sei atalez osatutako miniserie bat da, eta Penny-ren istorioa kontatzen du: adin ertaineko institutuko irakasle batena. Familiarekin eta lagunekin antolatutako festa batean, senarrari (Peter Mullan) Grace alabaren lagun bati abusuak egin izana leporatuko dio; inork ez dio sinetsiko, eta haren mundua amiltzen hasiko da. Telesaila ekintza horietatik bost urtera girotuta dago, gizona Zeelanda Berrira itzultzen den unean. Narrazioak denboran jauziak egiten ditu (flashback bidez), gertatutakoaren eta horren ondorioen hariak pixkanaka aletuz.
Misterioa argitzearen alde baino gehiago, suspense moral eta psikologikoaren alde egiten du telesailak. Dramaren sustraiak baditu ere, zenbait unetan thriller psikologikoaren bideari jarraitzen dio.
Wellingtonen girotua (Zeelanda Berriko hiriburua, alegia), inguruneak pertsonaia bat balitz bezala funtzionatzen du. Ildo horretatik, Britainia Handiko telesailen kutsua du: estilo naturalista, soila eta apaingarririk gabekoa erabiltzen du. Kamera bizkarrean, kolore itzaliak eta isilune trinkoak dira nagusi. Narrazio estilo sotil horrek sakon kaltetutako pertsonaien eguneroko bizitzan modu oso sinesgarrian murgiltzea ahalbidetzen du.
Kontakizunaren arreta osoa Robyn Malcolmen pertsonaiarengan eta haren interpretazioan jarri dute sortzaileek. Interpretazio bizia, konplexua eta erraietakoa eskaintzen du; lan aparta egiten du, eta bere pertsonaiaren geruza guztiak zoragarriak dira.
Toxic Town
Netflix
Corbyn (Ingalaterra) 80ko eta 90eko hamarkadetan izandako benetako gertaerak ditu oinarri telesail honek: hondakin toxiko industrialen kudeaketan izandako arduragabekeriak jaioberri askoren sortzetiko malformazioak ekarri zituen. Hainbat emakumek -Susan McIntyre (Jodie Whittaker), Tracey Taylor (Aimee Lou Wood) eta Maggie Mahon (Claudia Jessie)- sistemari aurre egingo diote eta agintarien aurka matxinatuko dira; atsedenik gabe borrokatuko dira justiziaren alde eta tokiko agintariei eta ustelkeria instituzionalizatuari aurre egingo diete. Ingurumen-eskandalu horrek orbain ezabaezinak utzi zituen.
Minkie Spiro-ren zuzendaritzak giro ilun eta errealista eman dio telesailari, eta komunitatearen etsipena eta etengabeko borroka bikain islatu ditu. Jack Thorne-ren gidoia, bestalde, salaketa sozialaren eta hunkiberatasun pertsonalaren arteko orekagatik nabarmentzen da. Lau kapituluetan zehar, narratiba hunkigarria eta oso indartsua erabiliz, ama horien erresilientzia eta determinazioa nabarmenduko dira. Ingalaterraren historiako ingurumen-hondamendi nagusietako baten esparruan gertatuko da guztia.
Vargasommar
Filmin
Hannah Wester protagonista Haparanda-ko polizia agente ezaguna da. Elin alabaren duela 20 urteko desagertze misteriotsua bihotzean darama iltzaturik, eta bai berak bai senarrak zailtasunak dituzte bizitzaren hariari berriz eusteko. Mugaren beste aldean, Finlandian, aurkituko duen gorpuak droga trafikatzaile odoltsu batzuekin lotura izan lezakeen kasu bat argitzera eramango du. Telesailak giro eta tonu bereziak isurtzen ditu etengabe. Coen anaien kutsuak zipriztinduta (bereziki “Fargo”), dena kasu hutsal baten itxurapean hasiko da, baina ur-tanta txikia zirudiena bizitzak hankaz gora jarriko dituen olatu bilakatuko da: pertsonaien egunerokoa astinduko duen indar ezkutua, istorioaren pizgarria. Coendarrek maiz erabiltzen dituzten osagaiak azalduko dira hemen ere. Pertsonaia inperfektuek ehuntzen dute istorio honen benetako muina; kontraesanez, zauriz eta isiltasunez beteak, gizatasun zartatuaren ispilu dira. Hannah-ren paperean Eva Melander suediarra ari da, “Border” filmean egindako lan bereziagatik ezaguna. Bere interpretazioak barne gatazka eta kemena uztartzen ditu modu sotil baina indartsuan. Presentzia hipnotikoa izango du Kate-ren rola jokatzen duen Eliot Paulina Sumnerrek ere -Coco Sumner izenarekin ezaguna-.
Thrillerra, drama eta umore beltza nahasten dituen istorio honek, leialtasuna, mendekua eta justizia darabiltza gainean hegaka, istorioaren gainetik beti presente.
RESERVATET
Netflix
“Reservatet” Danimarkako telesailaren bihotzean au pair-en gaiak egiten du nagusiki taupada, baina egileek hautatu duten testuinguru mamitsuak begirada zabalago baterako leihoa irekitzen du. Kopenhageko iparraldeko auzo aberatsenetako batean girotua, Ruby, Filipinetako au pair gaztea, desagertu egin da bat-batean. Pribilegioz betetako paisaia honetan, egoera zaurgarrian dagoen emakume baten desagerpenak sekretu ilun ugari azaleratuko ditu, eta gezurrez eraikitako egitura osoa dardarka jarriko du.
Desagerpen horren atzean zer gertatu den apurka deskubrituko dugun arren, hasieran (gizonezko) poliziek ez diote lehentasunik emango; erorketa hori barrenetik hasiko da, izan ere, Cecilie bizilaguna -hura ere aberatsa eta pribilegioz gainezka- desagerpenarekin obsesionatuko da eta perfekzioaren maskara pitzatzen hasiko da. Utzikeriaren horma grisaren aurrean, Aich izeneko ikertzailearen inplikazioa nabarmena izango da -”kasualitatea”, emakumea eta arrazializatua-.
Thrillerraren eta suspensearen harietan ehunduta, telesailak gizartearen zenbait zauritan piko ematen du: arrazakeria, matxismoa, langile migratzaileen errealitatea, lan esplotazioa, nerabeen sexting-a eta klasismoaren egitura ikusezinak.
Klixez gainezka dago, eta gidoitik jaiotzen diren zenbait pasarte brotxa lodiz idatziak daude, baina oro har aztarna nahiko sakona uzten du. Gainera laburra eta oso entretenigarria da “Reservatet”-ek 34-38 minutu inguruko sei kapituluetan azaltzen duen istorio guztia.