
Charles de Gaulle armada frantseseko kapitain izan zen Lehen Mundu Gerran. Hainbat aldiz atxilotu eta zauritu zuten bertan. Gerra arteko garaian ere zenbait kargu militar izan zituen, Defentsa Nazionalaren Kontseiluko idazkaria izan zen, Pétain mariskalaren agindupean.
Bigarren Mundu Gerran Frantzia erori eta Pétainek armistizioa sinatu zuenean, De Gaullek Ingalaterrara ihes egin zuen eta, 1940ko ekainaren 20an, Askatasun Nazionaleko Batzorde bat eratu zela iragarri zuen Vichyko gobernuaren aurka. Frantzia Askeko gudarosterako gizonak errekrutatu, eta Erresistentzia bultzatu zuen.
Frantzia Askean behin-behineko gobernuko lehendakari izan zen (1944-1946), baina, Konstituzio berriaren aurrean izan ziren desadostasunen ondorioz, 1946ko urtarrilean lehendakaritza utzi zuen. Aljeriako gerrarengatik, militarren eskaeraz bereziki, gobernuburu izendatu zuten (1958-1959) eta Frantziako Konstituzio berria idatzarazi zuen (V. Errepublika).
Politikari ez ezik, idazle ere bazen, eta ‘Gerrako oroimenak’ (Mémoires de guerre) obran, lau liburukitan, bere estilo zorrotza eta garbia erakutsi zuen.
1970eko azaroaren 9an hil zen aneurisma baten ondorioz, baina bere ideietako askok bizirik diraute gaur egungo frantziar Estatuan, gaullismo delako korrontearen eskutik.

