Siluetatik

Jenialtasun hutsa iruditu zait “Silueta”, Harkaitz Canoren azken liburua. Existitzen ez den nobela bati egindako fikziozko 31 literatur kritikak eraikiarazten diote existitzen ez den nobela horren existentzia irakurleari, marrazten silueta, betetzen mamia.

Ez da hau benetako kritika bat egiteko txokoa, eta mugatuko naiz nire irakurle-gozamena berrestera; tolesturaz eta azpimarraz kustomizatu dut liburu hau ere. Liburuko lerroek eskaintzen dituzte metaliteratura, hizkerak, estiloak, umore-kolpeak, ironia, hausnarketak… Eta neurri ia guztietako iritzi eta irudipen polarizatuak, kritika horietan barrena. Horrela eginarazi dit gogoeta “Silueta”-k, sarriegi atzentzen dugun talka baten bueltan: autopertzepzioa versus kanpo-pertzepzioa(k).

Segurtasun erabatekoa transmititzen duen hizlariaren astebeteko antsietate urduria. Lan elkarrizketatik lotsatuta eta negarrez itzuli den neskak postua berea dela esanez jaso duen telefono deia. Bere isla gorrotagarria zaion gorputz batek beste inoren begietan piztu dezakeen grina. Mamia, objektu kritikagarria, afera, inputa bat eta berbera izanagatik ere, antipodetan egon daitezkeela, alegia, objektuari begirada eta denbora eskaini dioten guztien irudipenak.

Eskerrak horri, ezta? Pertzepzio aniztasun horri. Ezin ulertuek mundualdi hau zailtzen baitute pixka bat, baina, tira, baita normaltzen eta, nolabait, demokratizatzen ere. Gainerakoan, denok maiteminduko ginateke begi-pare txiki eta triste berberarekin, eta ez legoke desamodioa beste sentimendurik.

Urte berrirako asmoen zerrendarik egin ez badut ere, ondo legoke tarteka pentsatzea gu geu garela gure bizitzaren eleberria, eta, kritika denak irakurriko ditugun arren, argi daukagula zein diren gure mamia eta silueta. •