Martxoak 8, beste mundu baterako trantsizioaren geltokia
Ez dakit zergatik sortzen den horrenbesteko zalaparta transfeminismotik aldarrikatzen denean gizon eta emakume kategoriak desagerrarazi behar direla. Teoria feministak aspalditik diosku kategoria baten dikotomian soilik existitzen dela bestea, eta ezinezkoa dela berdintasunezko elkarbizitza, hain zuzen, zapalkuntza ardatzek definitzen dituztelako kategoria bitar horiek, ez naturak, ezta izendapen jainkotiarrek ere. Klasea da desagerrarazi behar dena, ala inork sinesten du patroiaren eta langilearen arteko berdintasun erreala posible denik?
Horregatik dira estrategikoak trans errealitateak, gizon-emakume kategoriak zedarritzen dituzten muga zurrunak asmatutakoak direla erakusten dutelako eta zapalkuntza ardatzen norabideak iraultzen dituztelako, nahiz eta, azken buruan eta ezpatak zorroztuta datorren gurutzada transfoboaren ondorioz, trans errealitateen azaletan iltzatzen diren bortitzen ardatzok. Trans izateen esentzia (eta erresistentzia) ez baita (soilik) kategoria batetik bestera igarotzea, inposatutako kategoriari uko egitea baizik. Generoaren intsumisioa praktikan jartzea eta alternatiba iraultzaileak gorpuztea, funtsean.
Ez dakit zergatik horrenbesteko zalaparta, transfeminismotik ez baita aldarrikatzen emakume eta gizon kategorien berehalako desagertzea eta diskurtsoetatik betirako baztertzea, jakina baita sistemak emakumeak eta gizonak sortzen jarraitzen duela, eta izendapen horiek ezinbestekoak direlako oraindik egungo mundua antolatzen duen menderakuntza sistema nagusietako bat analizatzeko eta ulertzeko: patriarkatua. Puntu honetan, orain disimulurik gabe, Iñi Etxezarretak eta Elene Lopetegik “Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz?” liburuan esandakoak kopiatuko ditut: «Emakumeak hil egiten dituzte emakumeak direlako, bortxatuak dira emakumeak direlako, eta besteen bizitzak zaintzen dituzte (hitzaren zentzu ez-erromantikoenean) emakumeak direlako (are gehiago, emakume migratu eta arrazializatuen kasuan, zaintzaren kate globalaren funtzionamenduaren adierazle). Horregatik da garrantzitsua zapalkuntza eta indarkeria jasaten duten subjektu horien izendapena». “Emakumeen ezabatzeaz” beldur diren horiek, beraz, lasai kendu dezakete behatza munduaren akabera iragarriko duen alarma botoiaren gainetik.
Estrategia eta xedea desberdintzen dituzte Etxezarretak eta Lopetegik. Helmuga zapalkuntza ardatzek betikotzen dituzten gizon eta emakume kategoriarik gabeko gizartea da, eta estrategia horraino iritsi arteko trantsizioa, bidea, zeinetan «gizonak eta emakumeak desagertu bitarteko babeslekuak» eraikitzea ezinbestekoa den, adibidez, emakumeen eskubideak aldarrikatuz, aipatutako liburuaren egileek proposatzen dutenez. Hori dela eta, kontraesanetan erortzeko beldurrez libre, bollerak, transak, marikak, ez bitarrak eta bestelako piztiak manifestazioetan izango dira bihar, Emakumeen Nazioarteko Egunean, gaur eta orain tokatzen den bidea zapaltzen, baina betiere Euskal Herriko Mugimendu Feministak seinalatu duen «beste mundu» horri begira. •


