Entrevue
MARIA LEO MONTES

«Euskararekin mundua beste leku batetik begiratzeko aukera dut»

(Gorka RUBIO | FOKU)

Lazkaon elkartu gara Maria Leorekin (Gasteiz, 1992), Maizpide euskaltegi eta barnetegian. Adeitsu hartu gaitu, etxean bertan egongo balitz bezala. «Euskal Herrira bizitzera urrian etorri nintzen. Eta ia-ia zuzenean Maizpidera etorri nintzen» dio, alderik aldeko irribarrearekin. «Euskararekin nahiko maiteminduta nengoen -eta nago- eta pentsatu nuen: ‘Hemen bizi nahi dut, euskaraz bizi nahi dut’», arrazoitu du. Hasieran Maizpiden hilabete bat edo bi egitea omen zen asmoa, baina azkenean ikasturte osoa egitea erabaki du: «Aurten langabezian nago eta hori da nire lana: euskara ikastea. Nahiko lan ona da, niretzat opari bat».

Maizpide euskaltegia ez ezik barnetegia ere bada, eta astelehenetik ostiralera bertan bizi da. Erakutsi digunez, egunerokoan ezinbestekoa den oro dute han: logelak, jangela, liburutegia, kirola egiteko gunea, egongela... eta jakina, ikaskide eta lagunak, solaserako, trebakuntzarako eta, zergatik ez, ondo pasatzeko ezinbestekoak direnak. «Adibidez, Iparraldeko jende asko dago hemen. Eta gauza askotan oso ezberdinak gara, baina oso polita da ikustea euskaragatik harremana eduki dezakegula. Zergatik? Euskara zubia delako. Egunero elkarrekin bidea eraiki dugu, eta elkarrekin bidaiatzen dugu. Oso bidaia polita da, ni oso pozik nago. Beste mundu bat ezagutzen ari naiz» dio, ilusio kutsakorrez.

ESKUBIDE ETA BETEBEHARRA

Leo Gasteizen jaio zen. Lan kontuak direla medio bertan bizi ziren gurasoak eta hantxe egin zituen lehen hitz eta urratsak. 4 urte zituela, ordea, Huescara itzultzeko aukera suertatu zitzaien gurasoei eta hara joatea erabaki zuten, bertan baitituzte sustraiak eta familia. Lehen urte horietan euskararekin harreman urria izan zuen Leok: «Txikitan nire euskara ‘Pintxo, pintxo’ zen. Kurtso bat bakarrik egin nuen Gasteizen eta B ereduan».

Gerora, baina, Euskal Herriko lagun asko egin ditu eta askotan etorri izan da. Joan-etorri horietan euskara gertuago ezagutu zuen eta sekulako interesa piztu zitzaion: «Nik beti ikasi nahi izan dut euskara. Interesgarria da, beste hizkuntza bat, aberastasuna...». Euskal Herrian bizitzeko hautua egin zuenean, hori dena izateaz gain, betebeharra ere bihurtu zen Leorentzat: «Niretzat hemen bizitzean euskara beharrezkoa da: Euskal Herriaren hizkuntza da, eta, horregatik, jendeak euskaraz hitz egin behar du. Niretzat ez zen aukera bat. Gainera, ze lotsa ematen zidan jendeak nigatik hizkuntza aldatu beharrak! ‘Maria etorri da eta gazteleraz hitz egingo dugu’. Nola? Barkatu? Oso arraroa da hori. Nire lagunen, bikotekidearen eta bizilekuaren hizkuntza da». Honakoa ere gaineratu du: «Pertsona bat Madrilera edo Huescara badoa, gazteleraz hitz egin behar du, hori ez da negoziagarria. Baina hemen zergatik euskaraz ez? ‘A, nik gazteleraz hitz egiten dut, ez dut euskararik behar’. Bueno, agian bai».

Horretarako, jakina, baliabideak galdegin ditu: «Nire ustez, euskarak beharrezkoa izan behar du, baina dirulaguntzak eta erraztasunak eman behar dira». Argitzen duenez, «A1 eta A2an dirulaguntza dezente daude, B1tik aurrera gero eta gutxiago...». Bada bereziki sumintzen duen kontu bat: «Urtean bi makro-errebalida bakarrik? Horrek ez du zentzurik. Ados, jendea euskara ikasten ari da eta guk ez dugu nahi tituluagatik bakarrik ikasterik, baina bi bakarrik?». Horren aurrean, errebalida gehiago eskaintzea eta ikasketa prozesua «merkeagoa» izatea aldarrikatu du: «Barnetegian egotea ez da garestia, baina alokairua, lana, barnetegia eta dena batera bai».

Eredu gisa Osakidetzako sistema jartzen du: «Nire ustez oso ona da. Osakidetzak soldata ordaintzen die, barnetegia ere bai... Liberatuak dira eta haien lana euskara ikastea da. Ez daukate diruari lotutako kezkarik».

MUNDU BERRI BAT

Nolakoa izaten ari ote da euskara ikasteko prozesua? Leok betiko topikoa gezurtatu nahi izan du hasieratik: «Euskara ez da hain zaila. Hori mito bat da. Beste hizkuntza batzuekiko desberdina da, ez dagoelako hain hurbil, baina gaztelerarik gabe katalana, italiarra edo frantsesa ikastea zailagoa da, oso irregularrak direlako eta salbuespen pila bat daudelako. Euskara, aldiz, lego bat bezalakoa da: arau batzuk dauzka eta batzuetan salbuespen batzuk».

Leok azaldu bezala, ordea, hizkuntza bat ez da arau gramatikal multzo bat soilik. Horiek barneratu ahala, «beste mundu baterako atea irekitzen zaigu. Nire ustez, zure bizitza euskararekin edo euskararik gabe, bi mundu ezberdin dira. Kulturalki gauza asko egin ditzakezu, jende ezberdina ezagutzen duzu, harreman desberdinak egiten dituzu...». Azpimarratu duenez, gainera, «jendearen jarrera beti bikaina da. Gure lehen astean, tabernara joaten ginean, hasten ginen: ‘Kafe huts bat eta... kafesne... hiru’. Eta erantzuna beti zen: ‘Hiru kafesne, baina oso ondo!’. Jendearen jarrerarekin oso erraza egiten da prozesua, oso polita da». Dena den, oharra egin du, aurreko puntura itzuliz: «Batzuetan badirudi mesede bat egiten dugula, baina ez da horrela. Gure eskubidea eta era berean betebeharra da».

«Adimen artifizialarekin aldibereko itzulpenak eskura izango baditugu, zertarako ikasi euskara?», zirikatu dugu, askotan planteatzen den galdera eginez. Leok segituan eman dio buelta argudioari: «Ados, hizkuntza minorizatuekin hori esaten da, baina inork ez du pentsatu ‘adimen artifizialarekin ez dugu ingelesa ikasiko’. A, eta euskararen kasuan bai? Zergatik? Ez du zentzurik!».

Argi du euskara ikasteko arrazoi ugari daudela: «Hasteko, itzulpenarena ez da oraingoz gertatu. Gertatzen bada, kostu ekologikoa oso handia da. Eta gainera, ez da berdina. Nahiz eta nik hizkuntzarekin arazoak izan, nik gauzak esan ditzaket, eta ezberdinak dira. Euskaraz eta gazteleraz esaldiak eraikitzeko modua oso ezberdina da. Gazteleraz eta frantsesez ere bai, baina euskaraz eta erdaretan nire ustez nabarmenago. Edo keinuak, intonazioa... hori ezin du egin itzulpenak bakarrik». Hizkuntza hitz sorta bat baino gehiago baita: «Hizkuntzarekin burua aldatzen da, eta hori ere polita da. Hizkuntzak beste ikuspuntu bat hartzea ahalbidetzen dizu. Nire sentsazioa da euskararekin mundua beste leku batetik begiratzeko aukera dudala». Alde horretatik, pena handia ematen dio hitz batzuk galtzen ari direla ikusteak: «Askotan baserriko hitzak dira. Lehen oso hitz espezifikoak zituzten, eta horrela harremantzen ziren. Ezin baduzu izendatu, ezin duzu maitatu. Hizkuntza gauza askotarako erabiltzen da: harremanak eraikitzeko, jendearekin zubiak eraikitzeko eta mundua maitatzeko».

Pentsa, Leoren iritziz, izaera indibidual eta kolektiboa moldatzeraino: «Hizkuntzak herriarekin eboluzionatzen du. Euskarak jendearen izaera ere moldatu du, eta hori polita da. Ni Maria naiz gazteleragatik, baina baita nire katalanagatik edo frantsesagatik ere. Nire izaera beste hizkuntzetan moldatu da. Euskal Herriaren izaera ezin da ulertu euskararik gabe». Ezta euskara ikasteko hautua egin duten milaka Mariarik gabe ere.