GAUR8

Bilboko Udal Txistulari Bandak ‘Ei, Txistulari!’ emanaldia eskainiko du gaur arratsaldean

‘Ei, Txistulari!’ emanaldia eskainiko du gaur arratsaldean Bilboko Udal Txistulari Bandak Campos Eliseos Antzokian, doinu tradizionalak eta garaikideak uztartuko dituen ikuskizun dinamiko bat, koreografiekin eta antzerki uneekin, ‘Olatuetan’ denboraldiari amaiera emateko.

‘Ei Txistulari!’ emanaldiaren kartela, irudian.
‘Ei Txistulari!’ emanaldiaren kartela, irudian. (Bilbao Musika-Bilboko Udala)

Bilboko Udal Txistulari Bandak ‘Olatuetan’ izenburuko 2025-2026ko denboraldiari amaiera emango dio gaur martxoaren 26an, Bizkaiko hiriburuko Campos Eliseos antzokian, ‘Ei, Txistulari!’ emanaldiarekin, musika, dantza eta kantua uztartuz txistuaren inguruan.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, Euskal Herriko Txistulariak, Paula Perez Buenok zuzendutako KantArte abesbatza, Gaztedi dantzari taldea eta Iñar Sastre (pianoa), Eriz Perez Eguiluz (gitarra) eta Amaiur Cajaraville (baxu elektrikoa) musikariak bilduko dira oholtzan. Ikuskizuna Eider Zenarruzabeitiak aurkeztuko du.

‘Ei, Txistulari!’ ikuskizun dinamikoa izango da, «non publikoak aukera izango duen doinu tradizionalen eta garaikideen arteko elkarrizketa etengabeaz, koreografiez eta antzerki uneez gozatzeko». Proposamenak denboraldi osoaren espiritua laburbiltzea du helburu, azken hilabeteetan Euskalduna Jauregian eta Campos Eliseos Antzokian eskaini diren kontzertuetan entzun eta ikusi ahal izan diren soinu eta adierazpen kulturalen ibilbidea eginez.

Egitarauak konposizio tradizionalak eta euskal egileen lanak uztartuko ditu, besteak beste, Tomas Garbizu, Pablo Sorozabal, Mikel Laboa edo Jagoba Astiazaranen piezak, herri doinuen eta ‘Txoria txori’, ‘Agure zaharra’ edo ‘Negua joan da ta’ bezalako kanta ezagunen moldaketekin batera.

«Eszenaratze arin, alai eta mugimenduz betearekin», ikuskizunak hainbat musikari, abeslari eta dantzari bilduko ditu oholtzan, publikoak euskal kulturaren aberastasuna doinu, koreografia eta antzerkiaren bidez gozatu ahal izan dezan. Hala, Bilboko Udal Txistulari Bandak amaiera borobila emango dio denboraldiari», nabarmendu dute.