GAUR8

Israelgo itsas armadak Global Sumud Ontzidiaren aurka egin du

Israelgo itsas armadako txalupa azkarrek Global Sumud Ontzidiaren aurka esku hartu dute astelehen honetan. Ontzidiko iturrien arabera, itsasoan zeuden 58 ontzietatik 37ren aurka egin dute eta hainbat iturrik adierazi dutenez gutxienez bi ekintzaile atxilotuta eraman dituzte.

Israelgo itsas armadak Global Sumud Ontzidiaren aurka egin zuen atzo eta berau osatzen duten 58 ontzietatik 37 geldiarazi ditu. gutxienez bi ekintzaile atxilotuz.

Zipreren ardurapeko nazioarteko uretan izan da Israelen erasoa, Palestinako kostaldetik oraindik ere 260 miliara. Itsasontzi batzuek Mayday mezua bidali dute eta erasoaren berri eman dute Telegram bidez lurreko adiskideei helarazitako mezuetan.

‘Perseverance’ itsasontziak esku hartzearen unea partekatu du. Israelgo Armadak atzera egitera behartu zituen, itsasontzia zeramatzaten armez galdekatuz, jakin bazekiten arren laguntza humanitarioa baino ez zutela.

Turkiar jatorriko ekintzaile batek herrialde horretako hedabideetan azaldu duenez, Israelgo Armadaren esku hartzea, azkarra izan zen, eta beraien itsasontzia inguratu ostean, berehala abordatu zituzten fusilez armatuta, amore ematea baino beste aukerarik eduki gabe. 

Global Sumud Ontzidiko Euskal Herriko atalak berak ere salatu duenez, bi kide bahitu ditu Israelek. Sare sozialetan azaldu dutenez, atxilotu dituzten momentutik gose greban daude ekintzaileak.

Europa Pressek jakinarazi duenez, Israelgo Gobernuak «berehala atzera egiteko» eskatua zien ontziei, Gazako itsas blokeoa defendatuz eta «probokaziorik» ez zuela onartuko azpimarratuz.

Sare sozialetan argitaratutako ohar batean, Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioak berriro esan du «probokazio horren helburua Hamasi babesa ematea» dela, bertako ekintzaleak «Turkiako talde antolatu bortitzekin» lotuz. Ontzidi hau «publizitatea baino ez» dela gaineratu du Tel Avivek, eta Gazako Zerrenda «laguntza humanitarioz gainezka» dagoela.

Gogoratu behar da joan den apirilaren 26an ere Israelek Greziako kostaldearen aurrean atzeman zituela ontzidian parte hartzen ari ziren ontzietako batzuk, eta 175 pertsona atxilotu zituela, horien artean zazpi euskal herritar.

Operazio horretan Saif Abukeshek eta Thiago Avila atxilotu zituzten, Israelen eman zuten atxiloaldian zehar tortura jasan zutela salatu zuten bi ekintzaile. Tel Avivek maiatzaren 9an deportatu zituen.

Global Sumud Euskal Herriak erasoak gaitzetsi ditu, eta gogora ekarri du sei euskal herritar daudela uneotan ontzidian. Ontzidiaren aurkako erasoa berria zabaldu eta berehala, hainbat herri eta hirietan elkarretaratzeak egin dituzte gertatutakoa salatzeko.