Robot humanoideen sukarra

Prentsan, sare sozialetan, telebistan, bestelako medioetan, azken boladan besterik ez dago, robot humanoideak badatoz, hemen daude, esparru guztietan aritzeko gainera, eta gure ordezko sintetikoak izango dira, bai lantegietan bai etxeetan. Leihotik begiratuz gero, ordea, arrastorik ez! Bi dira robot humanoideak sailkatzeko esparruak. Batetik, beso robotiko tradizionalen eredu kontrajarri moduan, industrian arituko diren langile sintetikoak (1. irudia). Bestetik, ardi elektrikoak bezain amestuak diren eta etxeko lanak (plantxa, garbiketa, sukaldaritza eta beste) egingo dituzten robotak (2. irudia). Ikus ditzagun adibide entzutetsuenak.
Industriara bideratutakoei erreparatzen badiegu, Agility Robotics etxeko Digit da eredu zabalduena, ehun bat unitate daude martxan logistika eta biltegiratze lanetan. Agilityk akordio anitz sinatu berri dituen arren (Amazonekin tartean), ez du zehaztu zenbat unitate egongo diren instalazio bakoitzean, zer ordutegi duten edota zenbat ordu lan egin dezaketen gizakiaren esku hartzerik gabe. Atlas (Boston Dynamics), mugimendu eta ibilera aldetik garatuena seguruenik, FIFAk antolatutako Munduko Futbol Kopan zelairatu zuten baloiarekin erakustaldi txiki bat egiteko. Ikerkuntzara mugatuta egon bada orain arte, Hyundai enpresak uztailean erosi berri du falta zuen Boston Dynamics-en zatia, eta robotak produzitu eta merkaturatzeko lantegi berezia eraikitzeko plana du.
Bizikide sintetikoei dagokienez, adibide nabarmenena NEO robota da; produzitu aurretik salgai jarri du 1x enpresak, eskaera kopurua egokia izatean hasiko baita ekoizpena. Humanoide horrek malguagoa eta arinagoa bihurtzen duten tendoi artifizialak ditu, artikulazio robotiko klasikoen aurrean. Pijama batekin jantzita, gomazko eskularruak daramatza harrikoa egin ahal izateko. Etxea txukundu, hautsa kendu, garbigailua hustu edo loreak ureztatu; ez badaki nola egikaritu ataza, teleoperazioz erakustea daukagu errealitate birtualeko kasko baten bitartez. Etxea dela datuak eskuratu eta adimen artifiziala entrenatzeko hobi naturala lelopean, pribatutasunaren inguruko kezkak nabarmenak dira, baita gaitasunen ingurukoak ere.
NEOren konpetentzia zuzena, plataforma gurpildun baten gainean kokatutako tortso humanoidea duen Isaac 1 da (Weave Robotics); arropa tolesteko eta ohea egiteko gaitasunekin aurkezten da. NEO bezala, erreserbatu egin daiteke eta eskaera kopuru minimoa gainditzean produzituko da. Ezin utzi aipatu gabe Tesla enpresaren Optimus, Elon Musken hitzetan, zuk nahi duzun guztia egiteko gai izango da, «txakurra paseatu zein zure laguna izan». Alabaina, Muskek berak aitortuta, bere robotek ez dute oraindik ezer lagungarririk egiten.
Bi esparrutan asko dira gure ordezko potentzialak. Errealitatea gordina eta egoskorra da, ordea, eta humanoideen merkatua erabat hipotetikoa dela erakusten du. Robotak produzitzea zati erraza da, eskaera da arazoa. Eta ataza anitz egiteko gai den robota utopia da oraindik. Iragarpenak iragarpen, 2026ko irailean, arestian aipatutako humanoideen arrastoa txikia da.
Multinazional aberats eta boteredunetako enpresaburuek ez bezala, adituek aho batez esaten dute teknologia ez dagoela oraindik prest. Ukaezina bada ere aurrerapenak galantak izan direla -humanoideak gauza harrigarriak egiteko gai dira, txiribueltak, dantzak eta kirol olinpikoak esaterako-, minutu batzuetako koreografia batek ez dauka nahikoa pisu, eta, hala, egun oso bateko funtzionaltasuna erakustetik urrun daude oraindik ereduak. Rodney Brooks-en aburuz, manipulaziorako trebetasuna da koskarik handiena, eta ukipenarekin ikasten dugula azpimarratzen du, ez bakarrik gauzak ikusiz, baizik eta forma, pisu eta testuretatik ere. Adimen artifizialean erreferentea den Jan LeCun-ek ildo beretik jotzen du eta arrazoibide espaziala ez dela hizkuntza eredu handien (LLM) eskutik etorriko dio, berezko adimenak mundu fisikoa ulertu eta horren gainean arrazoitzea eskatzen baitu; mundu errealaren elkarrekintzetatik ikasi behar da.
Laburbilduz, mugikortasunean aurrerapena handia izan da, baina adimen fisikoa oraindik berde dago. Momentuz, etxeko lanak egiteko Roomba-rekin konformatu beharko dugu. •


