Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
TAMARA CUELLAR ETA RUBEN MEJUTO
EUSKAL HERRIKO TXOTXONGILOLARIEN TOPAKETA

«Txotxongiloa gizartea eraldatzeko lanabes bezala erabiltzen dugu»

Hirugarren Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa egiten ari dira asteburu honetan Bidasoaldean. Omak elkarteak antolatu du eta haren partaide dira Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto, Ostomila konpainiako kideak.

Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto, txotxongiloei bizia ematen.
Tamara Cuellar eta Ruben Mejuto, txotxongiloei bizia ematen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Txotxongilozaleek hitzordu ederra dute asteburu honetan Bidasoaldean, Irun, Hondarribi eta Urruñan hirugarren Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa egiten ari baitira. Ipar eta Hego Euskal Herriko artisten arteko lotura estutzea dute xede, baita nazioarteko titiriteroek ekarritako txotxongilo herrikoiak ezagutzea ere.

Historiari ere erreparatuko diote, XIX. mendetik izan direlako euskal txotxongilolariak eta hagitz inportanteak izan direlako bai euskara zabaltzeko baliabide gisa, bai eta aktore bakoitzari panpinekin hainbat pertsonaia egiteko aukera ematen diolako ere.

Gogoetarako espazioak, ikuskizunak, kabareta, ikerketa eta formazioa biltzen dituen topaketa Omak elkarteak antolatu du eta horren barnean dago Ostomila konpainia, Ruben Mejutok eta Tamara Cuellarrek osatzen dutena. Biekin elkartu da GAUR8.

ABIAPUNTUA

Mejutok Nikaraguara bidaiatu zuen 2015ean. Musikaria da, piano irakaslea, eta ez zuen inoiz antzerkirik egin ordura arte. Han ezagutu zuen Cuellar, panpinekin aritzen zen antzerkigilea. «Berak eta bere familiak Euskal Herriaz zuten ezagutzak harritu ninduen. Etxera gonbidatu ninduten eta argazkiak zituzten Porrotxekin [Takolo, Pirritx eta Porrotxek Nikaraguan egin zuten ‘Kintxo barrilete’ ikuskizuna]. Euskal mitologiaz zekiten eta Euskal Herriari buruzko liburu pila zituzten».

Bikote egin zirenean elkarrekin lan eginen zutela erabaki zuten eta 2018. urtetik aitzinera, Euskal Herrian finkatuta eta lehendabiziko alaba jaiota, modu profesionalean hasi ziren txotxongilogintzan. Bai eta elkartegintzan ere. «Estatu espainiarrean Unima federazioan sartu ginen. Munduko antzerki eta kultur elkarterik zaharrena da, Lehen Mundu Gerraren ondotik sortua».

AITZINDARIA

Euskal Herrira etorri zirenean beren buruari galdetu zioten: hemen ez al dago txotxongilo jaialdirik eta konpainiarik? Ikertzen hasi eta Zugarramurdin egiten zen Titiriteroen Topaketaren berri izan zuten. Haien proiektuaren aitzindaria da. «1996tik 2016ra arte egin zen. Euskal Herrian baziren bi txotxongilolari historiko, Mikel Diaz eta Estefa Erro, Euskal Telebistan ‘Txokolatex’ saioa zeukatenak. GIBarekin gaixotu eta hil ziren. Euskal txotxongilolariek omenaldia egin zieten eta omenaldia topaketa bihurtu zen».

Haien filosofiari jarraikiz, Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketa sortu zuten Bidasoaldean, herri oso bat txotxongiloen bidez irudikatzeko eta Zugarramurdiko bilgune hura omentzeko.

PARTEKATZEKO ESPAZIO BAT

Tamara Cuellarrek Antzerki Ikerketa eta Kritikaren karrera egin zuen Habanan. «Gurasoak titiriteroak ziren. 2002an bira bat egin zuten Euskal Herritik eta Zugarramurdiko topaketan izan ziren. Orduan nerabea nintzen eta beren abenturak kontatu zizkidaten. Bitxia zen argazki gehienak jan-edanaren inguruan baitziren, titiriteroak eta ikuskizunak gutxi agertzen ziren!», agertu du irriz.

«Zugarramurdiko topaketaren historiak asko hunkitu zituen gurasoak, eta ni ere bai. Nahi gabe, bizitzak lur honetara ekarri ninduenean, Rubenekin partekatu nuen topaketa haren oroitzapena».

«‘Morriña’ esaten diogu guk gure lurraldearen falta sumatzeari eta, hemen, jendearekin topatzearen falta sumatzen nuen. Nikaraguan proiektuak egiten ditugu elkarrekin, sareak sortzen ditugu, edozer egiten dugu artistok elkarrekin egoteko. Hemen, ordea, norbera bere txokoan ikusten nuen, oso bakarti. Gero ohartu nintzen geografiak eta bizimoduak ez dutela laguntzen. Nik partekatzeko espazio horren beharra nuen, eta Rubeni esan nion existitzen ez bazen, guk eraikiko genuela».

EMAKUMEEI ESKAINIA

Urtero gai bat jorratzen dute topaketan eta 2024ko lehenbiziko edizioa emakumeei eskaini zieten, txotxongilolarien talde gehienetan andreak direlako nagusi. Beren historiak ezagutzea eta belaunaldi ezberdinak elkartzea garrantzitsua izan zen. «Topaketa oso hunkigarria izan zen, txotxongilolari emakumezko asko etorri ziren, harremanak egin genituen eta horietatik gauzak sortu ziren. Hori zen gure asmoa: elkartzea, elkar entzutea, baina baita sareak eta proiektuak sortzea ere. Horrek indarra eman zigun bigarren edizioa antolatzeko», adierazi du Cuellarrek.

Tamara Cuellar. (Gorka RUBIO / FOKU)

AUTOGESTIONATUZ

Autogestioaren aldeko apustua egiten dute, ez dutelako instituzioen mende egon nahi, «berdinetik berdinera erlazionatu baizik, kultur ehuna sortzea denen lana delako». Hortaz, kultur teknikariekin eta elkarteekin mintzatzen dira, ea zenbat eman dezaketen, eta txosna bat jartzen dute Irungo jaietan topaketarako dirua biltzeko. Artistak ere antolatzaileen etxeetan gelditzen dira lotan eta otorduak elkarteetan egiten dituzte. Hala komunitatea inplikatzen dute eta txotxongilolariek lagunak egiten dituzte.

Bigarren edizioan, emanaldia egiteko espazio bat eskaini zieten talde berriei, ez baita erraza, batez ere hasieran. Formakuntza ikastaro bat ere egin zuten lehenbizikoz, «ez dagoelako formaziorako espaziorik txotxongilolarientzat», Mejutok azaldu duenez.

Duela urtebete inguru sortu zuten Omak elkartea. Beraz, aurtengo topaketa da Omak bezala antolatu duten lehena. «Omak-en helburua txotxongiloa gizartea eraldatzeko lanabes bezala erabiltzea da. Hala, ez dugu genero ikuspuntua ahazten, arrazakeriaren aurka eta kultur aniztasunaren alde egiten dugu. Txotxongiloa ez da soilik zerbait estetikoa eta artistikoa, ondarea ere bada. Unescok ondaretzat aitortzen du txotxongilogintza tradizionala», agertu du.

GOGOETA

Euskal Herriko Txotxongilolarien Topaketan, lanak erakusteaz gain, gogoetarako espazioak dituzte. Lehen edizioan mahaiak antolatu zituzten hainbat gairi buruz mintzatzeko: «Sortzeko manerak, horretan eragiten duten faktoreak, izan zuzentzen, idazten edo aktore gisa, nola eragiten duten generoak eta, nire kasuan bezala, pertsona arrazializatua izateak. Gutako bakoitzak gure bizipenetatik hitz egin genuen eta oso ederra izan zen, irekia, errespetuzkoa. Denak ginen emakumeak», kontatu du Tamara Cuellarrek.

Bigarren edizioan, berriz, gogoeta tailer bat egin zuten, tradizionalaz eta herrikoiaz hausnartzeko, eta zergatik mantendu pentsatzeko.

BIDASOAREN BI ALDEAK BATUZ

Asteburuon egiten ari den hirugarren edizioan, Ipar eta Hego Euskal Herriko txotxongilolarien arteko harremanak estutu nahi dituzte. «Mugan gaude. Ez dugu lotura handirik beste aldearekin, urruna dirudi, baina hemen dago eta harremana izan behar dugu», defendatu du Cuellarrek.

Hala, Ipar Euskal Herriko bi taldek erakutsiko dute beren lana, Nanoua eta Mouka konpainiek. «Euskaraz aritzen dira eta emakumeak dira. Nik horri erreparatzen diot nagusiki, emakume txotxongilolarien partaidetza segurtatzeari».

Gogoetarako espazioan, txotxongilo tradizionalari eta herrikoiari erreparatuko diote, gai garrantzitsua dela uste dutelako. «Colorin, adibidez, txotxongilo herrikoi bat da, Euskal Herrian arrakasta itzela izan zuena. Lurralde honetan galdu egin da jada txotxongilo mota hori».

TXOTXONGILO HERRIKOIA

Kanpoko konpainiei ere egin diete lekua, Brasil, Aragoi eta Bretainiakoei, txotxongilo herrikoia egiten dutelako eta lan mota horiek ezagutarazi nahi dituztelako.

Gonbidatuetako bat Izabella Brochado da, arte eszenikoetan doktorea. Mamulengo Brasilgo ipar-ekialdeko teknika ikertu du, herrikoia, gaur egun ere mantentzen dena. «Oso jakintsua da eta ondareari buruz ikasiko dugu berarekin. Bitxia da, baina titiriterook ez ditugu museoak maite, txotxongiloak hilda daudelako han; bizirik egoteko, mugitu egin behar dute. Dilema handietako bat da. Garrantzitsua da ondarea izatea, baina baita ondare horrek nola funtzionatzen zuen erakustea ere», azpimarratu du Cuellarrek.

Philipe Saumont maisu bretoia ere topaketan da. «Frantziarra da, baina Napoleseko irakasleekin ere ikasi zuen. Hitzaldi praktiko bat emango du txotxongiloekin eta irakasleengandik teknika jasotzetik bera sortzera nola igaro den kontatuko du».

Brochadok eta Saumontek hitzaldia eman zuten atzo, eta gaur beren lana erakutsiko dute. Izabella Brochadoren Trapusteros Teatro konpainiak Irungo Dunboako bizilagunen elkartean egingo du emanaldia, gaur, 12.00etan. Philipe Saumontek, berriz, Irungo Larrendiko bizilagun elkartean, 18.00etan.

Ipar Euskal Herriko bi konpainiei dagokienez, Moukak gaur du emanaldia Hondarribiko Olazabal parkean, 10.00etatik 13.00etara; Nanouak, berriz, bihar, Hondarribiko kultur etxean, 12.30ean.

Ruben Mejuto. (Gorka RUBIO / FOKU)

KABARETA

Gaur gauean, 22.00etan, Urruñako Pausuko Xaia Tabernan eginen duten txotxongilolarien kabaretari ere garrantzia eman nahi diote. «Topaketan parte hartzen duten txotxongilolari guztiek emango dute hamar minutuko ikuskizun bat eta guk ere egingo dugu zerbait, espresuki horretarako sortua. Mussa Nidal txotxongilolari palestinarra ere etorriko da, iazko edizioan parte hartu zuena, eta Palestinaren gaia berriro ere topaketaren erdigunean jarriko dugu», azaldu du Mejutok.

Formazioaren aldeko apustua ere egiten dute Omak-en eta edizio honetan Mario Copete aditua etorri da txotxongilo antzerkirako argiztapenari buruz irakastera. Ikastaroa asteon egin da Hondarribian.

IKERKETA

Topaketaren lehenbiziko egunean, atzo, Hondarribiko Polborina espazioan, Tamara Cuellarrek eta Ruben Mejutok beren ikerketa plazaratu zuten. «Jendeak pentsatzen du Euskal Herrian ez dela txotxongilorik egon. Horregatik, gu ikerketa historiko bat egiten ari gara karlistaldietatik 36ko Gerrara arte egon ziren txotxongilolari euskaldunen inguruan. Herriz herri artxiboak arakatzen ari gara eta bi urtean pixkanaka-pixkanaka gauzak aurkitzen joan gara», kontatu du Mejutok.

«Horri esker, dagoeneko badakigu gerra karlistak bukatu zirenean, 1876an, txotxongilo barrakak hasi zirela Euskal Herrian eta bazirela txotxongilolari euskaldunak; adibidez, Martzelino Soroa Lasa donostiarra, Iparraldean errefuxiatu behar izan zuena. Toribio Altzagaren irakasle izan zen. Horrek arte dramatikoen eskola euskalduna sortu zuen eta txotxongiloentzat idazten zuen. Bi aktore onek, Gregorio Beorlegik eta Jose Egileorrek, 140 emanalditik gora egiten zituzten urtean. Izugarria zen», nabarmendu du.

Horrekin guztiarekin liburu bat idatziko dute, dutena partekatzeko eta jendea ikertzera animatzeko.

KONTATU GABEKO HISTORIA BAT

Bikotea galdera batetik abiatu zen: baziren euskal txotxongilolariak XIX. mendearen amaieran? Erantzuna baietz da. Egon ziren eta hagitz inportanteak izan ziren. «1876an, gerra karlistak bukatu zirenean, kultur mugimendua eta identitate sentimendua hain zen indartsua, hizkuntzarekin, ahalduntzearekin... Ni ez naiz hemengoa baina ikaragarria izango zela iruditzen zait. Askok hartu zuen militantziaz kulturarekiko konpromisoa. Mugimendu hori ezin da banatu gero 70eko urteetan birsortu zenetik, eta hor txotxongiloek ere bazuten tokia», adierazi du Cuellarrek.

Kontatu gabeko historia hori argitara ekartzea da beren asmoa, eta gaur egungo txotxongilolarien aitzindariak ezagutzea. «1926an, adibidez, Saski Naski proiektu zoragarria sortu zen Europa mailan, eta ikuskizun haren momentu gorenetako bat txotxongiloen antzezpen bat zen. Txotxongiloak puntako mailan zeuden», nabarmendu du.