Abian da Parketarrak ekimena Donostian, haurrak jolasean euskaraz aritzeko

Parketarrak ekimena jarriko dute martxan gaur Donostian, haurren jolasen espazioan euskararen erabilera bultzatzeko. Dinamizatzaileek jolas saioak gidatuko dituzte auzoetan, bi taldetan banatuta: 3-5 urtekoentzako bat, eta 6-9 urtekoentzako bestea.  

Umeen bisita parkera, Donostian.
Umeen bisita parkera, Donostian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta auzoetako euskara batzordeek hizkuntzaren erabilera indartu nahi dute aisialdiaren eremuan eta, esparru hori lantzeko, elkarlanean sortutako Parketarrak egitasmoa abiarazuko dute berriro aste honetan, haurrak eta familiak kalean jolasean dabiltzanean euskaraz aritzeko.

Donostiako Udaletik jakinarazi dutenez, urrian, otsail-martxoan eta maiatzean antolatzen da Parketarrak, astelehenetik ostiralera, eta ikasturteko lehenengo txanda astelehen honetan bertan (urriak5) hasiko da, eta hilaren 26ra arte iraungo du (urriaren 12an ez da saiorik izango).

Dinamizatzaile batzuek jolas saioak gidatuko dituzte hiriko auzoetan, eta parte hartzaile guztiak elkarrekin jolasean ibiliko dira, bi taldetan bereizita: Zabu Zibu, 3-5 urte arteko haurrentzat eta haien arduradunentzat, eta Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko umeentzat.

Hurrengo auzo hauetan elkartuko dira: Gros, Antigua, Altza, Añorga, Bidebieta, Loiolako Erribera, Herrera, Igeldo, Txomiñenea, Martutene, Amara, Amara Berri, Parte Zaharra, Egia, Aiete, Morlans, Ibaeta eta Intxaurrondo.

Harrera ona izateaz gain, ekimena eraginkorra eta dibertigarria da. Joan den ikasturtean txanda bakoitzean 66 saio antolatu ziren, eta, maiatzeko txandako eguraldiak lagundu ez zuen arren, 848 haur ibili ziren parke eta plazetan jolasean.

Euskaraz sozializatzearen onurak

Ekimena bukatzearekin batera, jarduerari buruzko iritzia eskatu zitzaien haurrei eta helduei, eta, besteak beste, euskaraz sozializatzearen eta jolastearen onura azpimarratu zuten. Halaber, oso ongi baloratu zituzten umeek nahiz gurasoek parkeotan ikasten dituzten jolasak, egokiak baitira beste edozein unetan edo tokitan erabiltzeko.

Hala, ikasturte honetan ere, 17 auzok ateak zabalduko dizkiete Parketarrak egitasmoko parte hartzaileei, eta gonbidatuta daude 3-9 urte arteko haurrak eta haien guraso edota arduradunak.

Udaleko iturriek nabarmendu dutenez, haurraren lehenengo hilabete eta urteetan garrantzitsua da etxeko giroa eta arlo ludikoa euskaraz lantzea. Gero, umea handitzen doan heinean, harreman sareak eratzen hasten da, eta, une horretan ere, oso garrantzitsua da laguntxoekin euskaraz ongi pasatzeko aukerak ematea, lagunarteko hizkera indartzea eta komunikazio ohiturak euskaraz eraikitzea. Hori dela eta, Parketarrak egitasmoak horretarako baliabideak eskaintzen dizkie haurrei eta familiei.