20 SEPT. 2025 - 00:00h 1932ko New Yorkeko argazki ikonikoan balmasedar bat agertzen da 1932an Rockefeller Center eraikitzen ari zirela, hamaika langile igo ziren habe batera argazki ikonikorako pausatzeko. Orain gutxira arte ez genekiena zen, irlandar, esloveniar eta indiar horien artean, euskaldun bat ere bazegoela. Ignacio Ibarguen balmasedarraren istorioa bildu du herrikide batek. «Lunch atop a Skyscraper» 1932ko argazki ikonikoan, Balmasedako herritar bat ageri da langileen artean. (GETTY IMAGES) Nerea Goti Hurrengo asteetan, oso istorio bitxia aletuko duen liburuak argia ikusiko du: “Un vasco en Nueva York. La historia de Ignacio Ibarguen” (Editorial Harresi) du izenburua. Lana argitaratzearen atarian, Juan Tomas Saez “Pikizu” egilearekin hitz egin du GAUR8k. Argazkilaria, bideografoa... eta Enkarterrietako historiarekin lotutako gaien ikertzaile eta idazle bizkaitar horren eskutik, 1932an, Rockfeller Centerren eraikuntza lanetan, burdinazko habe baten gainean ageri diren 11 langileen argazki historikoan jarriko dugu begirada, irudiak Euskal Herriarekin duen loturara gerturatuz. Ez da erraza aurreko mendearen hasieran abiatzen den pertsona (orain arte) anonimo baten ibilbidearen pista jarraitzea, zailagoa oraindik herria atzean utzi eta munduan zehar ibilia bazen. Horrek ere berezi egiten du Pikizuren kontakizuna. Ikerketa lan handia -ezustez eta kasualitatez josia- egon da XX. mendearen hasierako AEBetako langile talde batean dagoen balmasedarraren ibilbidea berregiteko. Istorioaren abiapuntura itzuliko gara. “Lunch atop a Skyscraper” (Hamaiketakoa etxe orratz baten gainean) izeneko argazkia da kontakizunaren ardatza. 1932. urteko irailaren 20an egin zen argazki hori, eraikuntza lanetan zegoen Rockefeller Center etxe orratzean. Charles Clyde Ebbets da irudiaren egilea, eta eraikuntzako langileak dira irudian ageri 11 beharginak. 69. solairuan daude, hamaiketakoa egiteko atsedenaldian, 260 metroko altueran. Bertigoa eragiten duen irudi horretan, segurtasun neurririk gabe ageri dira langileak. Hizketan daude batzuk, erretzen beste batzuk, egunkaria irakurtzen... Argazkirako pausatu zirela diote, baina tankera horretakoak ziren lan baldintzak garaian, eta horren isla ere bada argazki ezaguna, 1929ko krak ekonomikoaren atzean, “Depresio handia” izenarekin ezagututako krisialdi sakon hartan, lana galdu zuten asko eraikuntza bezalako lanpostuetara jotzeko beharrean egon baitziren, gure protagonista kasu. Azken hamarkadetan, argazki horretan ageri diren langileak banan banan identifikatzen joan dira. Amerikako Estatu Batuetako (AEB) indigenak daude, irlandar eta esloveniar migratzaileak, eta duela gutxira arte ezezaguna zena: euskaldun bat ere badago langile talde horretan. Ezkerretik hasita, bigarrena da Ignacio Ibarguen izeneko bizkaitarra. XIX. mendearen hasieran, Espainiako Armadan derrigorrezkoa zen soldaduska egitetik ihes egin zuen. Beste euskaldun askok bezala, adin nagusitasunera heltzear zegoela jaioterritik alde egin zuen balmasedarrak. Ondoan duen laguna, ezkerreko muturrekoa, Matty O´Shaughnessy irlandarra da. Erretzen ageri da, eta hari sua ematen, Natxo Ibarguen balmasedarra. Argazkia “New York Herald Tribune” egunkariko igandekarian argitaratu zen, urriaren 2an. Urte batzuk beranduago heldu zen albistea Balmasedara, eta haren berri nola izan zuten kontatu dute. Iñaki Ibarguen AEBetara emigratutako Ibarguen ospetsu horren iloba zen. Deustoarrak Abesbatzako kidea zen Bilbon, eta Enrique Murgoitio kazetaria ere taldeko kidea zen. Hari eman zion istorio honen berri. Emandako informazioarekin txosten txiki bat prestatu zuen Murgoitiok, eta Bilboko bi egunkaritara bidali zuen, baina ez zuten gaia argitaratu. «Handik urte batzuetara, behin jubilatuta, paperak ordenatzen ari zela, informazio hau guztia agertu zen eta gal ez zedin nirekin jarri zen harremanetan, istorioa Balmasedako Harresi elkartearen eskuetan jartzeko, ezagutzen zuelako historia gaiak ikertzen eta argitaratzen genituela, ordurako bageneuzkan Balmasedari buruzko 50 liburu tematiko inguru... eta informazio guztia pasatu zidan», gogoratu du Pikizuk. Hasierako datu guztiekin, informazio gehiago lortzea izan zen lehen erronka. Aipatu du Bizkaiko Foru Aldundiko langile batek Family Search webgunera bideratu zuela. «Informazio asko dago hor, familia baten zuhaitza egiteko eta haien bizitzak berregiteko modukoa», azaldu du balmasedarrak. Genealogiari buruz horrenbeste dokumentazio gordetzen duen espazio horren harira, kontatu du mormoiek sortutako tresna dela, euren erlijioaren agindua jarraituz. «Eurek eskaneatzen eta digitalizatzen dituzte milaka agiri, eta mundu guztiarentzako eskuragarri jartzen dituzte», zehaztu du. Gauza da senideek emandako informazioarekin eta tresna horren bidez lortutakoarekin, Ignacio Ibarguenek Balmasedatik irten ostean egindako mugimenduak eta New Yorken zuen bizimodua berregiteko aukera izan dutela. Ignacio Ibarguen Moneta Balmasedan jaio zen, 1899an. Bere osaba baten ezizena jaso zuen herrian, eta hari “Voluntario” ere esaten zioten. Ignacio Ibarguen Urrutia zuen aita, balmasedarra, eta Micaela Moneta Luzuriaga ama, nafarra, Murieta herrikoa. Juan Tomas Saez «Pikizu», «Un vasco en Nueva York. La historia de Ignacio Ibarguen» liburuaren egilea. Raul BOGAJO | FOKU ARGENTINARA IHESI 1919. urtean, hogei urte betetzetik gertu, sorterria atzean utzi eta Argentinarako bidean itsasoratu zen. Ez zen atzerrira jotzen zuen familiako kide bakarra. Harresi editorialaren webgunean kontatu du Pikizuk hiru anai nagusiek ere erbestera egin zutela arrazoi berberagatik, soldaduska ez egiteko. Hamar anai-arreben arteko seigarrena zen Ignacio. Gerra Karlistetan aditua, hainbat liburu argitaratu du gaiaren inguruan Juan Tomas Saezek. Soldaduskaren afera honen inguruan galdetuta, gogora ekarri du Hirugarren Gerra Karlista bukatu ondoren, Alfonso XII.aren gobernu liberalak euskal foruak indargabetu zituela. «Zer esan nahi zuen horrek? Euskal gazte guztiak behartuta zeudela armada espainolean zerbitzatzera. Ordura arte soldaduska egitetik libre zeuden, eta lurraldea babesteko baino ezin ziren mobilizatuak izan», azaldu du ikertzaileak. Ibarguen gaztearen garai haiek garai nahasiak ziren, gainera, Estatu espainolarentzat, zenbait gerratan sartuta baitzegoen, Maroko, Kuba, Filipinas... Aukera bat zegoen soldaduskatik libratzeko, diru bat ordainduta. 2.000 pezeta exijitzen zituen Estatuak, «baina kontuan hartu behar da garaian mediku batek eta maisu batek urtean 1.000 pezeta irabazten zituztela. Gehien-gehienentzat ezinezkoa zen ordainketa horri aurre egitea, eta ihes egiten hasi ziren». «Bordeletik linea erregularra zegoen Hego Amerikarekin, han itsasoratzen ziren», aipatu du Pikizuk. Gaineratu du asko izan zirela alde egin zuten gazteak, zorte ezberdinekin, atxilotuak izan baitziren asko ihes egiten saiatzen ari zirela; «Oso zigortuta zegoen hau guztia, iheslariak ziren». Buenos Airesen zeuden bere hiru anai nagusiak, eta horregatik joango zen hara, baina ez zen bertan denbora luzean egon. Marinel ingelesen greba bat aprobetxatuz, merkantzia-ontzi batean sartu zen eta Ingalaterrara joan zen. Makina-gelan lan egiten zuen. Ondorengo urteetan nabigatzen jarraitu zuen Ignacio Ibarguen “Voluntario”-k Europako hainbat portutatik eta Errusiatik igaroz. 1921ean New Yorkera heldu zen eta bertan geratzeko adierazpena egin zuen, baina lehenengoan ez zioten herritartasuna eman. New Yorken ezagutu zuen bere emaztea izango zena, beste bizkaitar bat: Esperanza Ojinaga. Berangon zituen sustraiak Ojinagak. Ikerketan bada argitu ezin izan duen datu bat: «New Yorken jaioa zen, eta Berangon bizi zen. Sei urterekin, osaba batek lagunduta, New Yorkera bidaiatu zuela esaten da. Bada argitu ezin izan dudan gauza bat, zeren arraroa da haur hain txiki batek Atlantikotik bi aldiz bidaiatu izana, aipatu du Pikizuk. Hamasei urte zituen Ojinagak Ibarguenekin ezkondu zenean, hamaika urte zaharragoa zen bera. Ezaguna da Brooklyn-en instalatu zirela, portutik oso gertu zegoen kale batean. Jakin izan dute eskola batean aritu zela denbora batez, berogailuaren instalazioetan, eta eraikuntzako langile bezala bukatu zuela Rockefeller Centerren lanetan. «29ko crack-a eta osteko depresio handiaren garaian, porrot egin zuten makina bat bankuk, enpresak eta ontzi-enpresak. Orduan, gizon hau lanik gabe geratu zen. New Yorkeko kazetari batek bidali didan informazio baten bidez badakigu ikastetxe bateko berogailuaren arduradun gisa lan egin zuela», zehaztu du. Lau seme-alaba izan zituen, baina bi oso txikitan hil ziren. Lehenengo semearen kasuan, jakin dute urte ta erdi ingururekin hil zela, «ez dakigu zer gertatu zitzaion, baina garaian nahiko ohikoa zen haurrak txikitan hiltzea, eta beste alaba bat ere galdu zuten urte gutxirekin». Ignacio Ibarguen bera 57 urterekin hil zen, eta ez zen Balmasedara itzuli. «Suposatzekoa da argazki ospetsua ezagutu zuela, egunkari batean argitaratu baitzen», esan du Pikizuk. KASUALITATEZKO OPARI HURA Esperanza Ojinagak harremana zeukan senarraren familiarekin. Gutunen bidez zegoen kontaktuan Ignacioren anai batekin, eta haren bidez, alargundu zenean, Bilboko Uribarri auzoan bizi zen Felisa Ibarguen koinata bisitatu zuen. Eta handik Balmasedara abiatu zen, gainontzeko senideak ezagutzeko. «AEBetara itzuli zen eta nik dakidala ez zen berriz etorri; hortaz, Esperanza ez zen albistearen emailea izan», argitu du Pikizuk. Bai, ordea, Peter Donald semea, Euskal Herria hainbatetan bisitatu zuena. Peter Donalden bidaia haiei buruz jakin da opari askorekin etortzen ohi zela, eta harreman handia zeukala Javier lehengusuarekin. «Hemen zegoenean batez ere berarekin egoten zen, bertan ematen zituen 15-20 egunetan, eta elkarrekin bisitatzen zuten herrialdea. Donaldek interes handia zeukan euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Izan ere, Euskal Etxearekin kontaktatu zuen han, euskara ikasten saiatu zen... eta interes handia zeukan hona, bere aitaren herrialdera, bizitzera etortzeko», kontatu du Saezek. Pasa den mendearen 80ko hamarkadan, Euskal Herrira egin zuen horrelako bidaia batean, «beste batzuetan bezala, opari batzuk ekarri zituen: NBAren elastikoak... Eta Javier eta emazteari New Yorkeko zerbait oparitzea okurritu omen zitzaien; «Burdinazko habian ageri diren langileen irudi markoztatu bat zen, hain justu ere. Ikusi zuenean, Peter Donald hunkitu egin zen, eta orduan, irudia seinalatuz, esan zien ‘bada, hau nire aita zen’». Istoriaren atal guztiak jaso ditu Saezek artikulu ezberdinetan, eta Harresi elkartearen webgunean jarri ditu eskuragarri. Bereziki eskertu du Juan Tomas Saezek Javier Ibarguenek emandako informazioa. Zehaztu duenez, Argentinara joandako Ibarguen anaien artean bakarra itzuli zen Euskal Herrira, Carmelo, Javierren aita zena, eta horregatik, informatzaile nagusietako bat izan da istorio honetan guztian. Liburua argitaratzen denean herriko historiarekin beste kapitulu bat itxiko du Saezek. GAUR8ri kontatu zionez, kasualitatez sortu zen gai hau, baina bere egiletza duten beste asko ditu mahai gainean, bereziki Gerra Karlistekin lotutakoak, baina ez horrekin bakarrik, hainbat lan egin baitu memoria historikoarekin lotuta, besteak beste Gogorarentzat. Saezek dioenez, gustuko izan ditu tokiko informazioa, historia eta kultura jasotzea, hari balioa emateko era eraginkorrena delako. Ibarguenen istorio hau Enkarterrietan egindako urteetako lan horretan kokatzen du, istorioek historia egiten dutelako.